Udako topaketak eginen ditu Herribiltzak, burujabetza helburu

Euskal herritarren herri biltzarren elkargo bat osatu nahi dute, instituzio politiko gisa

Behorlegiko Euskaledonia etxean eginen dituzte Herribiltzaren udako topaketak. BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Euskal Herri osoko erakundea; instituzio politiko burujabea; Frantziako eta Espainiako estatuetatik independentea. Horrela aurkezten du bere burua Herribiltzak. Garazialdeko (Nafarroa Beherea) Gabiltza Garaztarren Biltzarrak bultzaturik, euskal herritarren biltzarren elkargoa izatea du xede, eta «egiazko demokrazia» bermatu nahi du: «Gure biziei buruz erabakitzeko boterea egiazki gure eskuetan izatea». Euskal Herri osoko herritarrak ari dira egitasmo hau bultzatzen, baina, gaur-gaurkoz, ez diote inoren aurpegirik eman nahi. Idatziz eta kolektiboki erantzun diete BERRIAren galderei. «Biltzarkideen hitz kolektiboa ezagutarazi nahi dugu, ez biltzarkide norbanakoena», esplikatu dute. Udako topaketak antolatuko dituzte heldu den astelehenetik igandera, Behorlegiko (Nafarroa Beherea) Euskaledonian.

Egitasmoaren bultzatzaileek instituzio politiko mota berri bat proposatu nahi dute. Haien hitzetan, Txiapaseko zapatisten autogobernua litzateke Herribiltzarekin antzekotasun handiena duen instituzio politiko garaikidea. Frantziako eta Espainiako estatuen konstituzioek eta oinarrizko legeek, eta, ondorioz, dagozkien instituzio politikoek, herritarren egoera sozial eta ekologiko kezkagarria eragiten dutela deritzote. Barne sartzen dituzte herriko etxeak, Euskal Hirigune Elkargoa, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea ere. Herritarrak egiazki erabakitzaile ez izatea, genero ezberdinetako jendeen botere ezberdintasuna, esplotazioa, langileen pobrezia eta hizkuntza gutxituen desagerpena leporatzen dizkiete. «Egoera kezkagarri hori eragiten duten oinarrizko legeak aldatzea estatuen bortizkeriak eta izaera antidemokratikoak ezinezkoa egiten dutenez, estatuen menpe diren instituzio politikoen barnetik euskal herritarron nahi eta beharrak asetzea ezinezkoa da, hauteskundeetan irabazita ere», ondorioztatu dute.

Hori ikusita, herritarren biltzar burujabeak antolatu nahi ditu Herribiltzak. «Gure nahi eta beharrak asetzeko, Euskal Herriaren konstituzioak eta legeek arautuko dituzten instituzio politiko burujabeak guhaurek eraiki behar ditugu, erabakitzeko ahalmena herritarron eskuetan izatea bermatuko dutenak, eta Frantziako eta Espainiako estatuetatik independenteak izango direnak», diote aurkezpen dokumentuan. Epe laburrera, Euskal Herriko ahal bezain bat txokotan biltzarrak eta lan taldeak sortzea da haien helburua. Herribiltza izanen da biltzar horien elkargoa. www.herribiltza.eus webgunean azaldu dute, xeheki, biltzar horien izaera eta funtzionamendua nola aurreikusten dituzten. Heldu den astean eztabaidagai izanen dituzten oinarri teorikoak ere bertan aurkitu daitezke. Egitasmoa jadanik abian bada ere, udako topaketak urrats kualitatibo bat izanen direla espero dute.

Eztabaidak eta jarduerak

Aste oso batez elkartuko dira Behorlegin Herribiltzan parte hartzen duten kideak, Independentzia eraikitzen. Herri buruaskitasuna lelopean. Egun bakoitzari gai bat ezarri diote, landu nahi dutenaren arabera: mintzatu, berotu, elikatu, sendatu, garraiatu, antolatu eta ospatu. Goizetan, eztabaidari ekinen diote, Herribiltzaren oinarri teorikoak berretsi eta beharrez moldatzeko. Gabiltza-ren urteetako gogoeta kolektiboaren emaitza dira. Arratsaldeetan ekintzak eginen dituzte, eta autosufiziente izateko helburuz hainbat arlotan trebatu eta ikasteko aukera eman parte hartzaileei. Horrez gain, mota guzietako jarduerak ere izanen dituzte: mendi ibilaldiak, bertso eta kantu afariak eta abar. Beren webgunean ikusgai dago egitarau osoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.