Euskal Wikipedian, 800 artikulu eta 5 milioi bisita gehiago iaz 2017an baino

32. postutik 29.era igo da artikulu kopuruaren munduko zerrendan, 2.500 ikasleren lanari esker
Jaurlaritzako, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko eta EHUko ordezkariak, atzoko agerraldian.
Jaurlaritzako, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko eta EHUko ordezkariak, atzoko agerraldian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ibai Maruri Bilbao -

2019ko ekainak 28

Azken bi ikasturteotan, 2.500 ikasle inguru ibili dira euskarazko Wikipedia sendotzen: ia 800 artikulu sortu dituzte, eta beste 1.200 ingururen kalitatea hobetu dute. Artikulu kopuruaren arabera, euskara Wikipediako 32. hizkuntza zen 2017an; gaur egun, 29.a da. Guztira 302 dira. Euskarazko Wikipediak 30 milioi bisitari izan zituen iaz —2017an baino bost milioi gehiago—, eta aurten 100.000 baino gehiago izan ditu hainbat egunetan. Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak euskarak Wikipedian daukan presentzia hobetzeko helburuz 2017an sinatu zuten hitzarmenaren emaitza da.

Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko Galder Gonzalezen esanetan, «pozik» daude datuekin. Azken batean, hori zen helburua. Baina komunitate bat eratzea ere lortu nahi zuten, eta lortu dute. «Guk egingo ez badugu, ez du inork bultzatuko euskarazko Wikipedia. Auzolana hezkuntza komunitatetik egitea erabaki zen, eta erabaki zuzena izan dela ikusi dugu». Izan ere, lortu dute ikasleek gizartetik jaso duten ezagutza artikulu modura itzultzea. Aitortu du Wikipedian «edonork» idatz dezakeela. «Baina orain edonor hori akademia ere bada».

Egitasmoan parte hartu duten 2.500 ikasleetatik 2.000 inguru EHUkoak dira; beste 200, Deustuko Unibertsitatekoak, Mondragon Unibertsitatekoak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleak. Gainontzeko 300 gazteak Batxilergoan ikasten aritu dira. Wikipedian idaztea ikasketa prozesuaren parte izan dute guztiek. Hain zuzen, horrek bermatu du, neurri batean, artikuluen kalitatea. Ez diote soilik luzerari erreparatzen, baita mamiari eta aurkezpenari ere. Artikulu horiek kontsumituko dituzten gehienak ikasleak dira. «Ikasleek eurentzako artikuluak sortzen aitzindarietakoak gara munduan».

Elkarteko kide Edurne Agirrek azaldu duenez, programa horri esker %78 hazi da artikuluen batez besteko luzera. Kalitatea neurtzeko sistema bat ere landu dute, adimen artifiziala erabilita. Kalitateari dagokionez, mailarik txukunena informazio eta komunikazio arloko artikuluek dutela zehaztu du. Biologian eta Geologian ere tamainan dabiltza; onenak eguzki sistemari dagozkionak dira. Gonzalezek eman du datua: gaiari buruzko artikulu guztiak inprimatuz gero, 600 orritik gora aterako lirateke, eta guztiak kalitate «bikainekoak». Aitortu dute zientziari lotutako artikuluetan kalitate eta kantitate handiagoa dagoela. Irakasleek dibulgaziorako aukera modura hartu dutela uste dute. Letretako diziplinetan, ordea, eskasago dabiltza. «Historian, Filosofian... gaiak trinkoagoak dira. Eta sarri edukiaren inguruan ez dago erabateko adostasunik adituen artean». Gehienbat musika, antzerki edo kirol gaietan kostatzen zaie idazteko jendea aurkitzea.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuaren esanetan, lankidetza horren helburua da euskaraz ematea kalitatezko eduki digitalak. «Izan ere, mundu digitala behar du euskarak, ezinbestean». Bi urte hauetan espero ez zituzten produktuak ere sortu direla azpimarratu du. Txikipedia da hori. Lehenagotik bazegoen frantsesez umeentzako entziklopedia: Vikipedia. Hastapenean, 700 artikulu inguru zituen euskaraz, gehienak laburrak. Atariak arazo teknikoak zituen; horregatik, Txikipediarako saltoa egin zuten iaz. 1.900 artikulutik gora daude orain, eta lehendik zeudenak sakonagoak dira. Proiektu horren kasuan ere, ikastetxeetako ikasleekin eta irakasle eskoletako ikasleekin egin dute lan.

Infografiak ere euskaraz

Gogoan izatekoa da BERRIAk ere egin duela ekarpena euskarazko Wikipediaren kalitatea hobetzeko. Duela urtebete, hitzarmen bat sinatu zuten euskarazko egunkariak eta Wikipediak: BERRIAn 2012tik argitaratutako 2.500 infografia baino gehiago sartu zituzten Wikipedian. Horietako batzuk itzuli ere egin dituzte. Aurten, Txernobyli buruzko telesailaren arrakasta dela eta, zentralaren hondamendiarekin egindako infografiak ikustaldi markak hautsi ditu: milioi bat ikustaldi baino gehiago izan ditu.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiari 1813an su eman ziotela oroitzeko Dora Salazarrek egindako eskultura, maskara jantzita ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

COVID-19aren uste ustelak

Mikel P. Ansa

COVID-19aren pandemia ukatzen duten korronte batzuek indarra hartu dute uda honetan. Haiek zabaldutako uste batzuk zeinen okerrak diren azaldu dute Miren Basaras eta Guillermo Quindos mikrobiologoek artikulu sorta honetan.

Ikasle batzuk, ikasgelan, ikasturteko lehen egunean egindako argazki batean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Eskola orduak: eztabaida zaharberritua

Mikel O. Iribar

Ordutegi jarraituaren aldeko plataforma bat sortu dute: institutuetatik kanpo ere jartzea nahi dute. Nafarroan hala ari dira, baina Jaurlaritzak ez du onartu. EHIGEk uste du eztabaida pedagogikoa behar dela.

COVID-19a atzemateko test bat, Donostian. ©GORKA RUBIO / FOKU

Beste 612 positibo atzeman dituzte Hegoaldeko azken zenbaketetan

Uxue Rey Gorraiz

Hiru pertsona hil dira birusaren ondorioz Hego Euskal Herrian, Nafarroan hirurak. 510 lagun daude ospitaleratuta; horietatik 84, ZIUetan

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna