Liburuak eskuan, bozak denen gogoan

Artikulu eta hitzaldiak biltzen dituen liburu bat aurkeztu du Idoia Mendiak. Txibite: «Batzuek ez dute ikusi nahi gizartea aldatu egin dela»

Idoia Mendia eta Maria Txibite, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Bizkaia aretoan (Bilbo) antolatutako ekitaldiaren helburua zen PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiaren liburua aurkeztea: Construir para convivir (Elkarrekin bizitzeko eraiki), azken bost urteotan idatzitako artikulu eta hitzaldien bilduma. Eta bazuen ekitaldiak interes berezia, aurkezlea Maria Txibite baitzen, eta PSNko idazkari nagusia Nafarroako lehendakari hautatu zutenetik lehenengo aldiz agertu behar baitzuten Hego Euskal Herriko sozialisten bi buruzagi nagusiek elkarrekin ekitaldi batean. Baina zaila da gero eta ozenagoak diren hauteskunde hotsetatik ihes egitea.

Ekitaldia hasi aurretik ere, bozen ingurukoak ziren aretoaren kanpoko aldean bildutakoen arteko elkarrizketa gehienak, baita kazetarien artekoak ere: Riveraren proposamena, Sanchezen erantzuna, trifatxitoa... Mendia eta Txibite iritsi direnean, arrapaladan inguratu dituzte kazetariek, hauteskundeen inguruan galdezka. Adierazpenik egin gabe sartu dira biak aretoan.

Eta ekitaldia hasitakoan ere ezin hauteskunde hotsetatik itzuri egin. Txibitek Mendiari eskerrak emanez hasi du hitzaldia, baina segituan gogoratu du bezperan Ciudadanos alderdiak Nafarroako Gobernua haustea jarri zuela baldintzatzat Espainian gobernagarritasuna bermatzeko: «Nire burua jarri dute mahai gainean», esan du.

«Eskuinari» zuzendu dizkio Txibitek kritika nagusiak: «Ez dugu onartuko beste batzuek guri esatea norekin eta nola gobernatu behar dugun», azaldu du, «edo zein gobernu den zilegizkoa eta zein ez. Gizartea aldatu egin da, eta alderdi batzuek ez dute hori ikusi nahi».

Txibiteren arabera, «onak eta txarrak» nortzuk diren erabaki nahi duten alderdien aurka, sozialistek «denen ongizatea» jartzen dute politikaren ardatz gisa. «Sozialistak gara alternatiba bakarra nazionalismo separatisten eta nazionalismo uniformatzaileen aurrean», esan du.

«Politika egiteko modua»

Mendiak gogora ekarri du bi buruzagi sozialistak garai bertsuan iritsi zirela euren alderdien idazkaritza nagusira 2014ko irailean Mendia, 2014ko abenduan Txibite eta bost urte horietan egindako lana goraipatu du: «Herri proiektu bat jarri dugu abian, eta, horrekin batera, politika egiteko modu bat: desberdinak direnen artean ados jartzea».

Baina, Mendiaren arabera, horrek «irainak, laidoak eta gezurrak» ekarri dizkie: «Oraindik ere, alderdi batzuk lubakian daude, eta aurkaria suntsitzea dute helburu». PPren kontra egin du, sozialistak «konstituzionalisten esparrutik kanporatu» nahi izateagatik, eta Ahal Dugu-ri ere egin dizkio kritikak: «Duela urte batzuk guri lezioak eman nahi zizkiguten horiek orain erakusten ari dira ez dakitela lortu dituzten botoak baliagarri bilakatzen».

Horrelakoei sozialisten proposamena kontrajarri die Mendiak: iragana ahaztu gabe eta «biktima guztiak» gogoan hartuta «denok sartuko garen herri bat» sortzea, «herritarren ongizatea» lehentasuntzat jota.

Alderdikide ezagun ugari egon da ekitaldian: Mikel Torres Bizkaiko PSE-EEren idazkari nagusia, Tontxu Rodriguez senataria, Rodolfo Ares Jaurlaritzako Barne sailburu izandakoa, Alfredo Retortillo Turismo sailburu ohia, Teresa Laespada foru diputatua eta abar. Ekitaldia amaitutakoan, horietako askok Mendiarengana jo dute, liburua eskuan, sinadura baten bila. Beste batzuk sakelako telefonoei beha zeuden, hauteskundeak aurreratzearen inguruko azken albistearen xerka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.