Enpresen ondasunen zerga kendu dute, Navarra Suma abstenituta

EH Bildurekin lortutako akordioari esker, proiektu nagusia aurrera atera du gobernuak

Navarra Sumako Javier Esparza, atzo, parlamentuan. PARLAMENTUA.
joxerra senar
Iruñea
2019ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Azkenik, jokaldia ondo atera zaio Nafarroako Gobernuari. Zergen inguruko neurriak hiru lege proiektutan bereizi zituen, ezker-eskuin botoak bilatzeko asmoz. Iragan astean EH Bildurekin akordioa lortu ostean, koalizio abertzaleak bide eman die lege proiektu nagusiari eta amatasun laguntzen egitasmoari —lehen kasuan abstenituz, eta bigarrenean aldeko botoa emanez, Ezkerrak bezala—. Iragan astean, Navarra Sumak hiru osoko zuzenketa aurkeztu zituen hiru proposamenen aurka, baina bozketaren une erabakigarria iritsi denean, abstenitu egin da hiru kasuetan. Horri esker, enpresen partaidetza eta ondasunen zerga kentzearen aldeko egitasmoa onartu egin da.

Botoak ez dira bat etorri diskurtsoarekin, eta Navarra Sumak oso hitz gogorrak erabili ditu PSNren eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariaren aurka. Javier Esparza eledunak «akats historikoa» egitea aurpegiratu dio Txibite lehendakariari, zergen inguruan EH Bildurekin akordioa lortu duelako. «Itun horrek legealdi osoa zikinduko du». Navarra Sumaren arabera, kanpotik «zer egin behar den eta, batez ere, zer ez den egin behar» markatzen jarraitzen du EH Bilduk. Kontrara, «arduragatik» abstenitu direla arrazoitu du: «Gobernu honen gainetik nafarren interes orokorra dago».

Argudio horiek entzunda, PSNko Ramon Alzorrizek «estrategia okerra» izatea aurpegiratu dio Navarra Sumari. Haren ustez, proposamenak egin eta negoziatzeko prest agertu da EH Bildu; aldiz, eskuineko koalizioak «desberdin pentsatzen dutenekin ez hitz egiteko akats zaharrari» eusten dio.

Navarra Sumak erabili dituen argudioak entzun ostean, EH Bilduk gogorarazi dio hauteskundeetako emaitzek ematen dietela zilegitasuna eurei. «Nafarroako erakundeak zuenak direla pentsatzen jarraitzen duzue», esan die. Araizen ustez, sozialistek «zentzuz» jokatu dute, eta«kontrarreforma bat ezartzearen tranpan» ez dira erori. Geroa Bairen ustez, gobernuak egindako lege proiektuak «arduratsuak» dira, eta Ahal Dugu-ko Mikel Builen arabera, ez da atzerapausorik eman. Ezkerrako Marisa de Simonen iritziz, «hobekuntza batzuk daude, baina ez dira nahikoak»

Hiru lege proiektuak

Proiektu nagusiari dagokionez, errenta zergan oinarri likidagarriaren gainean %2ko deflaktazioa ezarri dute, inflazioaren eragina leuntzeko. EH Bildurekin lortutako akordioaren ondorioz, sozietate zergan, oinarri likidagarri negatiboak gutxitu nahi dituzte, muga berriak ezarriz: 60 milioi euroko negozio kopurua duten enpresei, %50ekoa, eta 60 milioi eurotik gorakoei ,%25ekoa. Orain arte %70ekoa zen muga.

Bigarren lege proiektuan, 2015etik 2018ra bitarteko amatasun laguntzak jaso dituztenei %25era arteko kenkariak ezarriko dizkiete. Azkenik, ondare zergan enpresa partaidetzen eta ondasunen gaineko zerga kenduko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.