Despopulazio arriskuan daude Pirinioak eta Pirinioaurrea

Nafarroako Gobernuak iragarri du neurriak hartuko dituela biztanleriaren galera gutxitzeko b Iruñerrian bizi dira Nafarroako biztanleen erdiak

Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2020ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun

«Nafarroan biztanleria handitzen ari den arren, horrek ez du erran nahi despopulaziorik ez dagoenik». Ideia hori nabarmendu zuen Bernardo Zirizak, Nafarroako lurralde kohesioko kontseilariak, atzo Iruñean egindako agerraldian. Nafarroako lurralde ezberdintasunen diagnostikoa aurkeztu zuen bertan, eta, nabarmendu zuenez, Nafarroako Gobernuak hainbat eskualdetan neurriak hartuko ditu jenderik gabe gera ez daitezen. Neurririk premiazkoenak Ega-Jurramendin, Zangozaldean, Erdialdean, Pirinioetan eta Pirinioaurrean hartuko dituzte. Azken bi eskualde horiek daude despopulazio arriskuan.

 

Zirizak nabarmendu zuenez, Nafarroa ez dago despopulatzeko «egoera larrian». Emandako datuen arabera, 2008 eta 2018 bitartean, %0,4 handitu zen Nafarroako biztanleria. Igoera horrek, ordea, ez du benetako errealitatea erakusten: Pirinio eta Ameskoa ibarretan biztanleria gutxitzen ari da.

Biztanleriaren galeraz harago, bertzelako datu batzuek ere erakusten dute zer alde dauden lurraldeko eskualdeen artean. Nafarroa osoko datuak hartuta, kilometro karratu bakoitzeko 67,4 pertsona bizi dira egun. Ibarrez ibar aztertuta, ordea, agerikoak dira haranen arteko ezberdintasunak. Europako Batasunak kilometro karratuko 12,5 biztanle baino gutxiago duen eremua hartzen du despopulatze arriskuko gunetzat. Nafarroan, Pirinioetan eta Pirinioaurrean dute arrisku hori. Pirinioetan, 4,1 biztanle daude kilometro karratuko; Pirinioaurrean, berriz, 7,7.

Despopulatze arriskurik gabe ere, bertze lau eskualdek biztanle dentsitate txikia dute: Zangozaldeak (14,3), Larraunek (18,8) eta Arga ibarrak (19,9); Ega-Jurramendi eskualdeak ere biztanle dentsitate txikia du —16,1 biztanle kilometro karratuko— kanpoan utziz gero bertako herririk handiena (Lizarra). Iruñerrian, berriz, 1050,3 pertsona bizi dira kilometro karratuko: Nafarroako biztanleen erdiak hor daude.

Despopulatzeko arriskurik handiena duten eskualdeek dute, halaber, biztanleriarik zaharrena: Pirinioek, Zangozaldeak eta Ega-Jurramendi eskualdeak. Gainera, eskualde horietan dago gizartearen euskarri den biztanleriaren gutxitzea. Hain zuzen, lanerako adinean egon, gizarteari ekonomikoki eutsi, kontsumitu eta zaintzen duen biztanleria da gizartearen euskarria. Txostenean jaso dutenez, despopulatutako guneetan bereziki emakumeek alde egiten dute bertze eskualde batzuetara, trebakuntza handiagoa jasotzeko eta beren eskualdeetan ez dituzten lan aukeren bila. Horrek areagotu egin du lurralde horietako gizartearen maskulinizazioa.

Aurreko guztiaz gain, bertze faktore batek ere badu eragina Nafarroako eskualde batzuen despopulazioan: migrazioak. Nekazaritza eta nekazaritza industria errotuta dauden eskualdeetan bizi da proportzioan migratzaile gehien —Espainiakoak ez dituzte horrelakoetan aintzat hartzen—. Erriberan, biztanleen %17,1 migratzaileak dira; Erribera Garaian, %20 dira. Txostenak dio migratzaileen kopuru horrek ezabatzen duela despopulatze arriskua. Txostenean, dena dela, nabarmendu dute neurriak hartu beharra dagoela biztanleria hori gizarteratzeko. Despopulatze arriskuan diren eskualdeetan dago atzerriko biztanle gutxien: Pirinioetan eta Pirinioaurrean.

Neurri zehatzen zain

Atzo aurkeztutako txostenean, despopulatzea geldiarazi eta gizarte kohesioa hobetzeko hartuko dituzten hainbat neurri aurreratu zituen Zirizak. Bertzeak bertze, gazteen ekintzailetzarako proiektuak bultzatuko dituzte, landa eremuko biztanleriarentzako oinarrizko zerbitzuak ezarriko, hirigunetik landa eremurako komunikazioak hobetuko, eta eskualdeak alor batean espezializatzeko estrategiak sortuko dituzte. Nolanahi ere, Ziriza kontseilariak erran zuen datozen hilabeteetan aurkeztuko dituztela neurri zehatzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.