Euskara ez da eskatu behar lanpostu publikoak lortzeko, Madrilen ustez

Carolina Darias Espainiako Lurralde Politikako ministroak esan du euskarak ez duela lanerako «baldintza» izan behar, «meritua» baizik

Carolina Darias ministroa, Espainiako Kongresuko kontrol saioan, atzo goizean. FERNANDO VILLAR / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Euskarak, katalanak eta galizierak ez dute izan behar lanpostu publiko bat lortzeko eskakizuna, baina bai meritua, Carolina Darias Espainiako Lurralde Politikako ministroak esan duenez. Josune Gorospe EAJren Espainiako Kongresuko diputatuak kontrol saioan egindako galderari erantzunez egin zituen adierazpen horiek, atzo. Gorospek Dariasi galdegin zion zer neurri hartzen dituzten euskara estatuaren administrazioan erabiltzea bultzatzeko, eta ministroak erantzun zion estatuaren erakunde guztiek «babestu eta errespetatu» behar dutela hizkuntza ondarea.

Gorospek nabarmendu du hizkuntza eskakizunik ez duen lan eskaintza publiko bat egin berri duela Espainiako Gobernuak, eta galdetu du ea zer neurri hartu dituzten langile horiek euskaraz ere artatu dezaten. «Estatuan ez dago hizkuntza nagusi bat eta beste batzuk bigarren mailakoak. Hizkuntza eta pertsona desberdinak daude, eta guztiek dauzkate hizkuntza eskubide berdinak», azpimarratu du Gorospek.

Dariasek erantzun du badakitela hobetzen jarraitu behar dutela, Espainiako Gobernuarentzat hizkuntza koofizialak babestea «eginbehar bat» delako. «Hori dio Espainiako Konstituzioak, eta biztanleen eskubide bat da», zehaztu du. Horretarako, hizkuntza koofizialen inguruko kontseilua dagoela azaldu du, eta aurreratu du bere ministerioak hizkuntza koofiziala daukan autonomia erkidego batean «zentzuzko epe batean» deituko duela bilera batera. Pedro Sanchezek Espainiako presidente denetik egindako lana ere azpimarratu du.

Gorospek gogorarazi dio Europako Kontseiluak hizkuntza gutxituei buruzko txostena kaleratu duela berriki, eta bertan agertzen dela estatuaren administrazioak «esfortzu handiagoa» egin behar duela euskararen inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.