Zuera, kaleratzeko oztopo

Behatokiak salatu du Zaragozako kartzelak euskal presoei ez diela uzten graduz aldatzen

Aitzol Asla eta Teresa Toda, urrian, Behatokiaren azken-aurreko txostena aurkezten. ARITZ LOIOLA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Euskal Herritik 245 kilometrora egon arren, «bide itsu bat» da Zuerako espetxea (Zaragoza, Espainia), euskal presoei ez dielako aukerarik ematen gradu progresioan aitzina egiteko. Halaxe salatu du Foro Sozialak sorturiko Motibazio Politikoko Euskal Presoei Aplikatutako Espetxe Politikaren Behatokiak. Gai jakin bat hartuta egiten duen hirugarren txosten monografikoa da: aurrekoa bakartzeari buruz egin zuen, urrian, eta Zuerako espetxeko egoera lantzea erabaki dute oraingo honetan. Izan ere, Behatokiak salatu duenez, Zuerako kartzela Euskal Herritik hurbil daudenen artean badago ere, «oztopoa» da euskal presoen gradu progresiorako. Hain zuzen, txostenean salatu dute lehen graduan dauden presoei ez dietela aukerarik ematen bigarrenera igarotzeko, eta bigarren graduan daudenek, berriz, ez dutela irteera baimenik eskuratzen.

Zortzi euskal preso daude gaur egun Zuerako espetxean, eta luze gabe bertze sei eraman beharko lituzkete, Espainiako Espetxe Erakundeek iragarritako hurbilketen helmugen artean baitago Zaragozako kartzela. Behatokiak azaldu duenez, ordea, egoeraren berri duten presoek ez dute hara joan nahi izaten: «Hurbiltzen dituzten hainbat preso horra eramaten dituzte, baina, kartzela horretara iritsita, presoek ez dute inolako aukerarik graduetan aurrera egiteko. Zinezko bide itsu bat da, eta errealitate hori ezagutzen duten presoek ez dute horra hurbilduak izan nahi», azaldu du Behatokiak.

Zueran dauden presoen adibide zehatzak eman dituzte txostenean: erraterako, Iñaki Bilbao Gaubekak, Kepa Legina Aurrek, Francisco Mujika Garmendiak eta Juan Luis Agirre Letek zigor luzeak dituzte, espetxe urteen hiru laurdenak jada beteta, eta ez diete uzten bigarren gradura igarotzen. «Sorgin gurpil» bat dela salatu du Foro Sozialak, ez baitiete uzten espetxeko programetan parte hartzen: «Lehen graduan sailkatuta dauden presoek ezin dute normaltasunez parte hartu programetan, eta, beraz, ezin dute frogatu kartzelako erregimen arruntera egokitzen direla; eta, ezin dutenez hori egin, ez diete graduz aldatzen uzten. Eta berriz hastera». Behatokiak salatu du «denboran luzatzen den epai, helegite eta auto kate bat» dela egin behar izaten duten prozesua, zeinaren ondorioz preso askok lehen graduan bukatzen baitituzte zigorrak, aukerarik izan gabe bigarren gradura igaro, baimenak lortu eta hirugarren gradura pasatzeko.

Antzera gertatu zaie bigarren graduan egonda Zuerara eraman dituzten euskal presoei ere: ez diete utzi irteera baimenak lortzen, eta, beraz, hirugarren gradura igarotzen —hirugarren gradura igarotzeko, baimenak-eta eduki behar baitira lehenik—. Egoera horretan daude, adibidez, Iñaki Garces Beitia, Igor Martinez de Osaba eta Andoni Murga Zenarruzabeitia: hainbat alditan eskatu dituzte irteera baimenak, eta Zuerako espetxeko tratamendu batzordeak behin eta berriro ukatu dizkie.

Kepa Arronategi presoa larriki eri da, eta haren kasua ere jarri dute Zuerako espetxeak jartzen dituen zailtasunen adibide gisa. Oroitarazi dute, hain zuzen, bertze anitzetan bezala, «iraganeko» argudioak erabili zituztela hari buruzko erabakietan: erraterako, ETAn berriro sartzeko arriskua zegoela aipatzen zuten, nahiz eta 2018an erakunde armatuak bere burua jada desegina izan. Behatokiak ohartarazi du haren kasua azkenean ebatzi bazen, abokatuen «temari» eta Espetxe Zaintzako Epaitegiaren erabakiari esker izan zela —Arrasateko (Gipuzkoa) Aita Menni zentrora eramatea lortu zuten, azkenean—, eta ez Zuerako espetxeko tratamendu batzordeari esker.

Foro Sozialaren ustez, Zueran gertatzen dena lehendik salatu izan duten lobbyaren «beste erakustaldi bat» da, eta Behatokiaren txostenak kezka azaldu du halako egoerak antzeko hurbileko espetxeetan ere gerta ez ote daitezkeen. Behatokiak nabarmendu duenez, hain justu, beharrezkoa da euskal presoak euren ingurune hurbilenera ekartzea, eta, era berean, graduetan aurrera egin ahal izatea. Norabide horretan Foro Sozialak joan den urtean proposaturiko «guztion eta guztiontzako euskal bidea» proposamena berretsi dute txostenean, eta «bermeak» eskatu dituzte presoek egindako urratsek ibilbide bat izan dezaten.

Kasu «paradigmatiko» bat

Haren izenik eman gabe, euskal preso baten kasua xehatzen du Behatokiak txostenean, azaldu nahi duenaren kasu «paradigmatikoa» baita, haren hitzetan. Euskal preso horrek 2017an bete zituen espetxe zigorraren hiru laurdenak —26 urteko espetxe zigorra du, eta 22 beteak ditu jada—, eta hiru urte daramatza bigarren graduan sailkatuta. Baina Behatokiaren txostenak salatzen du tratamendu batzordeak «sistematikoki» ukatzen dizkiola baimenak, eta Espetxe Zaintzako Epaitegiak ere tratamendu batzordeari men egiten diola. Guztira, hamahiru irteera baimen eskatu ditu, eta hamahiruak ukatu dizkiote: azkena, 2020ko urrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.