Albistea entzun

Epstein-Barr birusak esklerosi anizkoitzarekin duen lotura egiaztatu dute

Hogei urtean zehar hamar milioi pertsona ikertuta egin dute azterlana. Aurrerabidea irekiko du prebentziorako eta gaitzaren aurka egiteko
Eri bat, Donostian,Tecnalian, exoeskeleto baten aurkezpenean.
Eri bat, Donostian,Tecnalian, exoeskeleto baten aurkezpenean. J. HERRERO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2022ko urtarrilak 15

Epstein-Barr birusak esklerosi anizkoitzean izan dezakeen eraginari buruzko ikerketetan aspalditxotik ari ziren ikertzaileak, eta, Science aldizkarian argitaratu berri duten ikerketa baten arabera, orain frogatu dute erlazio hori badagoela. Jakina da mononukleosia eragiten duela birus horrek, baina orain frogatu dute esklerosi anizkoitzarekin lotura duela, eta horren kausa izan daitekeela. Egun sendabiderik gabeko eritasun neurologikoa da esklerosi anizkoitza, eta ikertzaileek uste dute aurkikuntzak gaitza hobeto ezagutzen eta aurrera egiten lagun dezakeela; prebentzioan egin ahal izango da aurrera, txertoen bidez, eta sendabide bat lortzeko bideak ireki ahal izango dira.

Ikerketa Harvardeko Unibertsitateko ikerketa talde batek egin du. AEBetako armadako hamar milioi kide baino gehiagoren osasun datuak aztertu dituzte, hogei urtean, bi urtean behin laginak hartuta. Alberto Ascherio da ikerketan parte hartu duen ikertzaileetako bat. Gogoratu du aurrez eginak zirela birusaren eta gaitzaren arteko harremana egiaztatzeko ikerketak, baina esan du hauxe izan dela lehena froga «konbentzigarriak» eman dituena Epstein-Barr birusa eritasunaren kausa gisara identifikatzeko. Ikerketako datuei begira, birus horrek eragindako «infekzioa saihestuta» gaitza ere prebenitu ahal izango dela esateko datuak dituzte orain ikertzaileek, eta ikerketa lerro horretan aurrera egiteko. «Sendabide bat» lortzeko atea ere zabal daiteke.

Herpes birus bat

Herpes birus bat da Epstein-Barr birusa, eta, behin pertsona bat kutsatuta, organismoan geratzen da betiko, latente. Ikerketa egin duten zientzialariek onartu dute esklerosi anizkoitzaren eta birusaren arteko erlazioa «egiaztatzea». Birus ohikoa da Epstein-Barr birusa, pertsona helduen %95i edo eragiten die, eta esklerosi anizkoitza askoz ere ezohikoagoa da; 10.000 biztanleko hiru laguni eragiten die. Gainera, birusarekin kutsatu eta berehala ez da agertzen esklerosi anizkoitza; sintomak hamar bat urteren ostean agertzen direla ondorioztatu dute adituek. Nolanahi ere, oraingo honetan, ikerketako datuetara begira, lotura argi agertu dela nabarmendu dute egileek. «Behin birusarekin kutsatu eta gero, esklerosi anizkoitza izateko arriskua 32 aldiz handitu zen aztertu genituen laginetan; gainerako birusekin ez zen horrelakorik ikusi».

Arretaz aztertu ditu emaitzak Carlos Matute neurobiologoak. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da, eta Achucarro ikerketa zentroko ikertzailea. «Hamarraldiak dira birus horren eta gaixotasunaren arteko lotura aztertzen hasi zirela», berretsi du. Birusa hain ohikoa izanda, lotura frogatze aldera, ikerketa handi bat behar zen, eta ikerketa honen ezaugarri nabarmengarriena horixe dela uste du: oso handia izan da. Aurrekorik gabea. «Ez zen inoiz egin horrelako ikerketa handi bat. Atera kontuak, izan da hogei urtean baino gehiagoan egindako jarraipen bat: bi urtean behin laginak aztertuta, eta hamar milioi pertsona izan dira. Horrelako tamainako ikerketak ez dira batere ohikoak, gure jakintza arloan ez behintzat». Ondorioa argia dela dio: birusarekin handitu egiten da gaitza izateko arriskua.

Hainbat aldagai tartean

Birusak bakarrik ez du gaitza esplikatzen, ordea. «Esklerosi anizkoitzean beste aldagai batzuk ere badaude: familia batzuetan, adibidez, ohikoagoa izaten da, eta horregatik pentsatzen da lotura genetiko bat egon daitekeela», onartu du Matutek. Ingurugiroarekin lotutako aldagaiek ere badute eragina. Eremu geografikoetara begira ikusten dute hori: «Poloetatik hurbil, adibidez, ohikoagoak izaten dira kasuak; Europa iparraldeko herrialdeetan ikusi izan ohi dugu hori, edo Kanadan». Gaitzaren kausaren bila, beraz, harago ere egin behar da: «Birusa kondizio beharrezkoa da, baina beste aldagai batzuk ere sartu behar dira tartean». Gaitza noiz eta zergatik esnatzen den ere, adibidez, ez dago argi. Hainbat «hipotesi» daudela azaldu du Matutek , baina zer ikertua franko dagoela oraindik ere arlo horretan. Ikerketaren ondorioei atxikita aurrerabideak zabaldu daitezkeela uste du, hala ere, Matutek.

Bat dator horretan ikerlanaren egileekin. «Tratamendu prebentiozkoetarako atea ireki daiteke, txertoak erabiltzeko. Birusaren kontrako botikak garatzeko ere bai». Txertoa garatzeko ikerketak lehendik ere abian direla esan du, eta, horiek garatzea lortuko balitz, erabili ahal izango liratekeela aparteko arrisku faktoreak dituztenak babesteko. Nazioarteko egindako kalkuluen arabera, 2,8 milio pertsonak dute munduan esklerosi anizkoitza. Nerbio sistema zentraleko eritasun bat da; besteak beste, giharrak ahultzen ditu, eta koordinazio arazoak eragiten ditu. 20-40 urteen artean agertzen da usuen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Irunen izandako sexu erasoa salatzeko elkarretaratzea, gaur. ©Jon Urbe /  FOKU

Foruzaingoak bost pertsona atxilotu ditu tratu txarrengatik, eta bi sexu abusuengatik

Irati Urdalleta Lete

Donostian, adin txikiko mutil batek salatu du bart gauean ziztatu egin dutela. Gasteizen gizon bat atxilotu dute, eta Donostian beste bat, sexu abusuak egitea egotzita.

Gipuzkoako Gurutze Gorria izurdeari itsasoratzen laguntzen ©Gipuzkoako Gurutzeko Gorria

Gurutze Gorriko boluntarioek itsasoratzen lagundu diote izurde bati Zumaian

Lide Egizala Urteaga

Santiagoko hondartzan agertu da gaur goizean animalia. Hegal batean zaurituta zegoen.

Bilboko konpartsen agerraldia ©Monika del Valle / Foku

Erasoen gainetik «Aste Nagusia defendatzera» deitu dute Bilboko konpartsek

Gotzon Hermosilla

Ohartarazi dute erasotzaileak ez direla ongi etorriak jai esparruan

Alzolako uren lantegian ura botileratzen ©Imanol Otegi / Argazki Press

Euskarafobia egotzi diote Altzolako Ura enpresari

Lide Egizala Urteaga

Altzolako Ura enpresaren jokabideak polemika sortu du Twitterren, erabiltzaile baten kexa dela eta. Erabiltzaileak botiletan euskararen arrastorik ez dagoela leporatu dio enpresari.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...