Koronabirusa

Voxek pandemia legeari jarritako helegitea tramiterako onartu dute

Voxek Espainiako Kongresuan dituen 52 diputatuek bultzatu dute errekurtsoa. Darias maskararen erabilera arintzearen alde agertu da

Gizon bat maskara jantzita, Lekeition (Bizkaia). JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete - Edurne Begiristain
2022ko otsailaren 3a
00:00
Entzun

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu du Voxek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pandemia legeari jarritako errekurtsoa. Eusko Legebiltzarrak ekainaren amaieran onartu zuen pandemiaren aurkako legea, COVID-19aren kontra egiteko lege esparru zabalagoa izate aldera, baina, eskuin muturreko alderdiaren arabera, «benetako diktadura estatua» ezartzen du. Espainiako Kongresuan dituen 52 diputatuek bultzatu dute legearen hainbat artikuluren aurkako errekurtsoa.

 

Auzitegiak helegitea tramiterako onartu arren, legea ez da etenda geratu: indarrean egongo da osasun larrialdiak irauten duen bitartean, baina oinarrizko eskubideei eragiten dieten puntuak alarma egoeran soilik aplikatu ahal izango dira.

Voxen hitzetan, legeak nahitaezko txertaketa «inposatzen» du, baita PCRak egitera eta baheketetan parte hartzera behartu ere, alarma egoera indarrean dagoen bitartean. Esan dute legearen 11. artikulu horrek «diktadura estatua» islatzen duela. Artikuluak hauxe dio: alarma egoera ezarrita dagoenean, agintariek «sistema sanitarioan eta soziosanitarioan ezinbestekoak diren nahitaezko prestazio pertsonalak» ezarri ahal izango dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Horrez gain, Voxek helegitea jarri die legeak jasotako zigorrei ere. Gainera, zigor horiek jarri dizkieten herritarrak animatu ditu errekurtsoak aurkez ditzaten.

COVID ziurtagiria

Ipar Euskal Herrian atzotik ez da derrigorrezkoa kalean maskara erabiltzea. Hego Euskal Herrian, aldiz, indarrean dago neurria, baina derrigortasuna kentzeko aukera eztabaidagai da. Herenegun, Espainiako Kongresuak maskara erabiltzera derrigortzen duen lege dekretua onartu zuen, eta atzo Lurralde Arteko Osasun Kontseiluak autonomia erkidegoetako arduradunekin aztertu zuen gaia, baina ez zuen erabakirik hartu. Hala ere, Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak berretsi zuen kanpoaldean maskara erabiltzea «aldi baterakoa» izango dela, eta neurria arintzetik «hurbilago» daudela.

Bestalde, EAEko Auzitegi Nagusiak COVID ziurtagiriaren erabilera luzatzeko eskaria bertan behera utzi ondotik, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak berretsi zuen ez diotela helegiterik jarriko ebazpenari, ez dituztelako «hautsak gehiago harrotu nahi». Ziurtagiria ez bezala, egungo beste neurri murriztaileak bi astez egongo dira indarrean, eta Zupiriak espero du horiek aski izatea transmisioa jaisteko, ospitaleak «husteko» eta osasun sistema «bere onera» ekartzeko. Hala ere, ohartarazi zuen justiziaren ebazpenak agerian uzten duela Jaurlaritzak ez duela tresna nahikorik pandemiari aurre egiteko.

Pandemiaren egoerari dagokionez, berriz, atzo Nafarroako Gobernuak berretsi zuen seigarren olatua apaltzen ari dela. Ospitaleetan, duela astebete inguru jo zuen goia seigarren olatuak; atzo, 228 paziente zeuden erietxeratuta, horietako 26 ZIUetan. Javier Remirez gobernuko eledunaren esanetan, erietxeetako egoera onbidean denez, espero dute hilaren 14a baino lehen neurriak arintzeko moduan egotea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.