Albistea entzun

Espetxeetako «inboluzioa» salatu dute

Kartzela politikaz jardun dute Bilbon. Auzitegi Nazionalari egotzi diote baimenei «betoa» jartzea eta bakeari «ekarpenik» ez egitea
Damuaren auziaz hausnartu zuten Behatokiak antolatutako mahai inguruan.
Damuaren auziaz hausnartu zuten Behatokiak antolatutako mahai inguruan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Javi West Larrañaga -

2022ko apirilak 9 - Bilbo

«Ausartzen naiz esatera [Espainiako] Auzitegi Nazionala ez dela ekarpenik egiten ari Euskadi baketsu baten alde»: Emilio Olabarria EAJko jurista eta politikariarenak dira berbak, eta espetxe politikaren «inboluzioaren» inguruan Foro Sozialak antolatutako mahai inguruan esan zituen, atzo. Partaideek Behatokiaren bosgarren monografikoaren aurkezpena baliatu zuten azken hilabeteetako egoeraz hausnartzeko. Izan ere, Auzitegi Nazionalak motibazio politikoko 76 euskal presoren baimenak bota ditu atzera iazko otsailetik, espetxeetako tratamendu batzordeek askotan aho batez onartu dizkieten arren.

«Betoa jarri diete baimenei», azaldu du Onintza Ostolaza EPPK-ko zenbait presoren abokatuak. Haren arabera, auzitegiaren autoek ez dituzte espetxeen eta lan talde teknikoen txostenak aztertzen: «Segituan ebazten dute auzia auto estereotipatuekin, esanez presoak ez duela barkamena espresuki eskatu, nahiz eta kasu askotan ez daukaten biktima jakinik». Unai Fanorena da horietako kasu bat. Basauriko (Bizkaia) espetxeko tratamendu batzordeak aho batez gradu aldaketa onartu arren, fiskaltzak errekurtsoa jarri zuen, zalantzan jarriz presoaren «barkamen eskaeraren zintzotasuna», nahiz eta Fano ez dagoen kondenatuta biktima jakinik hiltzeagatik. Zortzi hilez hirugarren graduan egon ondoren, bigarren gradura itzularazi zuen Auzitegi Nazionalak. «Imajinatu maila humanoan zer den pertsona batek kartzelara itzuli behar izatea, zortzi hilez familiarekin eta adingabeko alabekin egon ostean hirugarren graduan», hausnartu du Ostolazak.

Azken hiru urteetan egoera «nabarmen» aldatu dela uste du abokatuak, preso asko Euskal Herriratu eta graduz aldatu dituztelako. Azaldu duenez, borondate politikoa izan zen horren eragile, baina 2021eko urtarrilera arte iraun zuen. Ordutik aurrera, fiskaltzaren jokaera aldatu zen, Ostolazaren aburuz, eta, horrekin batera, Espetxe Zaintzako Epaitegiarena.

Behatokiaren txostena zorrotza da. Espetxe lege arruntaren irakurketa eta interpretazio «oso murriztaileak» egiten ari direla ondorioztatu dute, azken hamarkadetan «terrorismoaren» aurkako legediaren bidez sartutako elementuak baliatuz. Uste berekoa da Puerto Solar Espainiako Espetxe Erakundeetako jurista. «Izugarria da 1979ko legea [espetxe politika arautzen duena] gaindituta egotea, baina atzerantz». Solarren arabera, 7/2003 legean dago erroa. Hark ezarri zituen baldintza bi dira kolaborazioa eta barkamen eskaera. Zalantzan ipini du horien egokitasuna. Alde batetik, hainbeste urte igaro eta gero «oso zalantzazkoa» delako Poliziarentzat lagungarria izan daitekeen informazioa ematea. Damuaren auziak zalantza are gehiago dakartzala esan du: «Oso zaila da damua egiaztatzea, eta, gainera, ez daukagu nagusitasun moralik norbaiti damutu dadin exijitzeko. Hori norbere baitako kontua da». Proposatu du damuaren ordez begiratu beharko litzatekeela ea presoak «ardura hartu duen» eta ea ez den berriro kartzelara sartuko atera ostean. «Etorkizunera begirako» espetxe politika eskatu du, eta ez ebaluatzeko «errepikatzeko gaitasunik» dagoen: «Ez daukate delitu hauek errepikatzeko ahalmenik, taldea [ETA] ez delako existitzen».

Demokraziarako Epaileak elkarteko Marta Vicente de Gregorio epaileak auziaren gaineko jurisprudentzia izan du aipagai, eta, adierazi duenez, Espainiako Auzitegi Gorenak zehaztu izan du ez dagoela baldintza sine qua non-ik espetxe baimenak eskuratzeko. «Damua ez da baimenak lortzeko irizpide legal bat», adierazi du. Haren iritziz, bakarrik ukatu beharko lirateke baimena hausteko aukera edo delitua errepikatzekoa egongo balitz, eta ez delitu motaren arabera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusia eta Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz-eko bozeramailea. ©Maialen Andres, Foku

Betetzeko dago oraindik ere Espainiako Ikus-entzunezkoen Legea

Julen Otaegi Leonet

Onartu zenetik aldaketak izan dira katalogoetan eta programazioetan, baina, Euskalgintzaren Kontseiluaren arabera, oztopoak daude hizkuntza gutxituen presentzia biderkatzeko bidean. Plataformek «urratsak» egitea galdegin du.

Urkullu, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean. ©Endika Portillo / Foku

Urkulluk uste du euskararen aurkako epaiek ez dutela zalantzan jartzen hizkuntz politika

Iosu Alberdi

Urteko lehen kontrol saioa egiten ari dira Eusko Legebiltzarrean. Osasun sistema publikoaren eta pribatuaren arteko harremana babestu du lehendakariak.

AHTaren tunel bat Lezetxiki barruan egin dutela salatu dute ©Lezetxikiren Lagunak

Gipuzkoako Foru Aldundiak dio AHTak ez duela «inolako kalterik eragin» Lezetxikin

Isabel Jaurena

Ekologistak Martxan taldeak erran du AHTaren obrek «haitzuloko lurpeko ekosistema hauskorrari» kalte egin diotela.

LAB, ESA, UGT, ELA eta CCOO sindikatuetako ordezkariak, atzo, otsailaren 15eko greba iragartzen. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Hiru greba eta hamaika mobilizazio: Nafarroa, marea zuri baten atarian

Ion Orzaiz

LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek, batetik, eta SATSEk, bestetik, lanuzteak antolatu dituzte datozen asteetarako. Sindikatu Medikoa eta Nafarroako Gobernua, ados jarri ezinik

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.