Jasangarriaren mugak

Donostiako Udalak dio hiriko turismoa jasangarria dela; hainbat eragilek, ordea, herritarrei eragiten dizkien kalteak salatu dituzte

Turista batzuk Donostian, joan den udan. MAIALEN ANDRES / FOKU.
jone arruabarrena
2022ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Kaleko termometroek markatzen duten tenperatura gora doa, eta erritmo berean doa gora Donostiako hondartzetan bainua hartzera joandakoen kopurua ere. Kalean frantsesa eta ingelesa entzuten dira nonahi, eguzkiak erretako azal gorrixkak bistan dira, eta geroz eta zailagoa da tabernetako terrazetan lekua aurkitzea. Uda hurbilduz doan heinean, ohiko irudia da Donostian; turista kopurua gora doa urtero, eta, azken asteetan, berriro piztu da eztabaida: non dago turismoaren eta Donostiako bizilagunen arteko oreka?

«Jasangarritasuna». Hori da gakoa Cristina Lage Donostiako Udaleko Turismo Jasangarriaren zinegotziarentzat. Haren iritziz, Donostiaren ezaugarria da hori. «Donostiako hotelek jasangarritasuna jartzen dute beste guztiaren gainetik. Eta ez soilik ingurumenari dagokiona; baita jasangarritasun soziala edo laborala ere».

Samiñe Irigoien, ordea, ez da iritzi berekoa. «Ez da jasangarria. Hiria gainezka dago. Batez ere Alde Zaharra: ez da gai kanpotik datorren masifikazio hori jasateko». Parte Zaharrean Bizi elkarteko kidea da Irigoien; elkarte horrek, hain zuzen, urteak daramatza turismoak auzoari ekartzen dizkion kalteak salatzen. Egin duten ikerketa baten arabera, 2019. urteko uztailean eta abuztuan batez beste 46.000 pertsona sartzen ziren egunero Alde Zaharrean: «Auzoko biztanle kopurua halako zortzi. Batzuetan, ezin gara kaleetatik pasatu ere egin. Espazioa turismoarekin eta kontsumoarekin lotutako jarduerek hartzen dute, eta bizilagunon arteko sareak erabat galtzen dira». Horrek, era berean, beste arazo batzuk dakartza, Irigoienen hitzetan: «Zaborraren arazoa oso larria da. Egunero daude edukiontziak gainezka. Gainera, Alde Zaharra tabernen paradisua denez, zarata ikaragarria egiten dute beirak biltzean».

«Askotan, errealitatea baino gehiago, norbere sentsazioak izan ohi dira», iritzi dio Lagek bizilagunen kexak direla eta: «Gure hiria jende askok gustuko du, eta normala da hona etorri nahi izatea. Baina hori ez da turismoaren errua. Zer da turista bat? Tolosatik datorren gizon bat turista al da? San Tomas egunean izaten da jende gehien Alde Zaharrean, edo estropadetan. Eta horiek ez dira turistak». Irigoienen ustez, egunez atzerritik datozen turistek eragiten dituzte arazoak, baina, gauez, Donostiako edo inguruetako jendea ere bertaratu ohi da, eta elkartekoek salatu dute auzoa «megafesta egiteko leku bat» bihurtzen dela halakoetan: «Kaleko edana da, baina pribatua; tabernen artekoa. Goizeko laurak arte ikaragarrizko zarata egoten da». Lagek ere azpimarratu du «bizilagunen atsedena» zaindu beharrekoa dela.

«Gainezkatutako eremu»

Hain zuzen, joan den azaroan «gainezkatutako eremu» izendatu zuen udalak Alde Zaharra. Baina Lagek argi dauka: «Esan genuen Alde Zaharra gainezka zegoela. Baina ez hiri osoa horrela zegoenik». Horrela izendatzeak esan nahi du udalak ez duela lizentzia gehiago emango eremu horretan turismorako negozioak jartzeko. Baina hori ez da nahikoa bizilagunentzat: «Kontua da hiriko beste edozein lekutan lotarako leku gehiago irekita ere denak hona datozela». Udalaren erantzunagatik galdetuta, uste du ez dela «inoiz prest egon» arazoak entzun eta proposamen serioak egiteko.

Udalak Donostiako turismoa sozialki edo lan arloan jasangarritzat daukan arren, bizilagunek eta alderdiek salatu dute arazoak daudela eremu horietan ere.«Kalitate apaleko» lanpostuak eta «espekulatzaileen negozioa» bultzatzen dituela adierazi du Haizea Garai Elkarrekin Donostiako zinegotziak: «Lan baldintza duinak eragozten dituzten eta aldi baterako kontratuak zein kontratu partzialak sustatzen dituzten enpresa talde handiak». Iritzi berekoa da Irigoien ere: «Ekonomia mota horretan oinarritzea pobrezia da. Aberastasuna gutxi batzuentzat. Hiltonen kasuan, adibidez, hemengoentzat dena garestitzea esan nahi du». Lagek, berriz, Hiltoni buruz dio «berri ona» dela «halako prestigioa» duen enpresa batek Donostian negozioa egitea: «Maila goreneko hiria den seinale».

Alokairuena da bizilagunek eta alderdiek salatu duten beste arazo bat. «Ezinezkoa da hemen etxe bat alokatzea. Gazteek Donostiatik kanpora joan behar dute, edo auzo oso periferikoetara, eta auzoko sareak eten egiten dira», dio Irigoienek. Garai ere bat dator: «Udala luxuzko hiri bat sustatzen ari da. Hiriko prezioek gora egiten dute, etxebizitzaren prezioak barne».

Garaik azaldu duenez, Donostiako alokairuaren batez besteko prezioa 1.200 eurotik gorakoa da, eta, horrela, «ia ezinezkoa» da hirian bizi proiektu bat garatzea: «12.000 eskatzaile daude etxebizitza babestuetan. Hala ere, alokairuko parke publikoa ez da nahikoa. Merkatuaren esku uzten dute guztia, eta, horren ondorioz, gero eta biztanle kaltebera eta prekario gehiago daude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.