«Hobekuntzak» iragarri ditu Olanok zahar etxeetarako

Zentroak egingo dituzte Elgoibar, Irun, Pasaia eta Usurbilen. UGTren eta zahar etxeetako patronalaren arteko akordioa goratu du Olanok

Eider Mendoza eta Markel Olano, atzo, legealdiko politika orokorreko azken bilkuran. ANDONI CANELLADA / FOKU.
inaut matauko rada
2022ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Usurbilen, Irunen, Pasaian eta Elgoibarren (Gipuzkoa) adinekoentzako zentro berriak egingo dituztela iragarri zuen atzo Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Legealdiko politika orokorreko azken bilkura egin zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan, 2023ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeen aurretik, eta Olano han mintzatu zen zahar etxeei buruz. Jakinarazi zuen lan horiek 357,7 milioi euroko kostua izango dutela. Gogorarazi zuen11 zentro berritzeko proiektuak ere aurrera dozela; 29 milioi euroko aurrekontua dute. Zahar etxeetan bestelako hobekuntza batzuk egin nahi dituztela azaldu zuen: esaterako, zainketen pertsonalizazioari, langileen lan baldintzei, ratioei, espazio fisikoen arkitekturari eta ebaluazioari dagokienez.

Gipuzkoako ahaldun nagusiaren politika orokorreko azken bilkura izan zen atzokoa, ez baita datozen foru hauteskundeetan aurkeztuko. Zahar etxeetako patronalak eta UGT sindikatuak lortutako akordioa txalotu zuen Olanok, nahiz eta sindikatuak langileen %7 bakarrik ordezkatu. EAJren gobernukideak ere, PSE-EEko Susana Garciaren ahotik, akordio hori goratu zuen: «Garbi dugu egoitzetako langileen gehiengoa hitzarmen kolektibora atxikiko dela, lan baldintzak hobetzen dituelako». UGTri «elkartasuna» adierazi zion Garciak, «Donostiako egoitzan jasaten ari den erasoen aurrean».

EH Bilduko Juan Karlos Izagirrek eta Elkarrekin Podemoseko Arantza Gonzalezek gobernuko alderdien adierazpenen aurka egin zuten. Izagirrerentzat, zahar etxeetako langileen egoera «oso larria» da: «Harritu egin gaitu Olanori egoitzetako arazoa konpondu dela entzuteak. Langileen egoera oso larria da». EH Bilduko batzarkideak esan zuen egun 500 pertsona daudela zahar etxe batean sartzeko itxaron zerrendan, eta batez beste bost hilabete itxaron behar dutela. Gonzalezek uste du sektorea etengabe pribatizatzen ari dela, eta horrek eragin txarra duela: «Sektore publiko eta pribatuaren arteko kolaborazioak gutxi batzuk aberasteko bakarrik balio du».

Inflazioa eta zergak

Alderdi guztietako ordezkariak ados daude pandemia eta Ukrainako gerra direla egungo egoera baldintzatzen duten fenomeno nagusiak. Prezioen igoerari aurre egiteko neurri «eraginkorrak» hartu dituztela uste dute gobernuko alderdi biek, baina oposizioko talde nagusiek adierazi zuten sektore zaurgarrienen aurkako neurriak hartzen ari direla.

Elkarrekin Podemoseko Gonzalezek, berriz, nabarmendu zuen kontsumorako prezioen indizearen gorakadaren %86 enpresarien irabazien igoeragatik gertatu dela. Adierazi zuen Gipuzkoa ia %100ean «menpeko» lurraldea dela, eta gehitu zuen horren aurrean desazkundea lehenetsi behar dela: «Krisi energetikoaren aurrean, garraio publikoan eta eraikita dauden eraikinen birgaitzean inbertitu behar da».

Olanok adierazi zuen Espainiako hainbat autonomia erkidego zergak «konpultsiboki» jaisten ari direla, baina Gipuzkoak, aldiz, «zuhurtziaren eta orekaren» bidea hartu duela. Azken hilabeteetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek PFEZ pertsona fisikoen errenta zerga %5,5 jaistea erabaki zuten. Izagirrek Olanoren gobernuaren politika fiskala kritikatu zuen, eta esan zuen Gipuzkoako aurrekontuak gero eta gehiago «soldatapeko langileen» gain daudela. Izagirrek salatu zuen PFEZ bidez gero eta zerga gehiago jasotzen direla eta sozietateen zergarekin gero eta gutxiago biltzen dela.

Estatutua eta autogobernua

«Euskadik eta Gipuzkoak» beren autogobernua indartzeko beharra azalarazi zuen Olanok, eta uste du horretarako beharrezkoa dela erabakitzeko eskubidea: «Erabakitzeko eskubidea ez da soilik aldarrikapen legitimo bat; gure autogobernua indartzeko eta etorkizuna eraikitzeko beharrezko tresna ere bada». Erabakitzeko eskubidea lortzeko, Olanok adierazi zuen «ezinbestekoa» dela «herri akordio zabalak» eta bide orri finkoa izatea.

Horrez gain, gogorarazi zuen Gernikako Estatutua ez dagoela beteta: «Jada amaitu dira atzerapena justifikatzen zuten arrazoi eta aitzakiak».

Ahaldun nagusiaren hitz horien inguruan, PSE-EEko Jose Ignacio Asensiok ezker abertzaleari «keinuak» egitea leporatu zion Olanori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.