«Hamahiru zabortegi eraikita, gure herrien geroa kolokan jarriko dute»

Tafalla aldeko sei udalerrik salatu dute hamahiru zabortegi eraikiko dituztela AHTaren lanengatik

AHTaren lanak Nafarroako Erriberan, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Urtarrilean izan zuten proiektuaren berri: 122 hektarea baino gehiago desjabetu nahi ditu Adifek Nafarroako erdialdean, AHT abiadura handiko trenaren lanei lotutako hamahiru zabortegi eraikitzeko. Orain arte, behin-behineko okupazio bidez egin izan dituzte operazio horiek, baina inguruko herriek salatu dute oraingoan lurrak desjabetuko dizkietela; tartean, herrion ekonomiarako «ezinbestekoak» diren nekazaritzarako lursail ugari. AHTaren lanek eragindako 3,5 milioi metro kubo hondakin botako dituzte hor.

«Gure eskualdea zerbitzuetarako korridore huts bihurtu dute», salatu zuen atzo Yolanda Obanosek, Tiebas-Muru Artederretako alkateak, Nafarroako Parlamentuan eginiko agerraldian. Harekin batera izan ziren Barasoaingo alkate Rita Roldan, Garinoaingo alkate Berta Sanchez eta Biurrun-Olkotz herriko alkate Marisa Serrano. «Herriotatik igarotzen dira autobidea, errepide nagusia, ohiko trenbidea, goi tentsioko linea eta, aurki, AHTarena. Horrez gain, hainbat parke eoliko eta elektrizitate azpiestazio bat ditugu, eta orain jakin dugu hamahiru zabortegi jarriko dizkigutela gure lurretan. Beste herritarrentzako zerbitzu eta azpiegitura guztiak jasan behar ditugu, baina horrek ez digu inongo onurarik ekarri».

Zehazki, sei herri ukituko ditu AHTaren zabortegien proiektuak: Puiu, Barasoain, Garinoain, Tirapu, Tebas-Muru Artederreta eta Biurrun-Olkotz. Hango alkateek salatu dute 2012tik dutela AHTa eraikitzeko proiektuaren berri, baina Adifek proiektua aldatu duela herritarrei ezer esan gabe, eta hasierako txostenean ezarritakoa baino hektarea gehiago kenduko dizkietela; zehazki, zazpi gehiago izanen dira Puiun; 30 Garinoainen; hogei Barasoainen; eta 65, berriz, Biurrun-Olkotz eta Tebas-Muru Artederretan.

Alkateek atzo zehaztu zutenez, gainera, zabortegiak eraikitzeko lurrak desjabetzen badituzte, herriotako herri lurrak galduko dituzte, eta horrek eragina izanen du udalerrien egoera ekonomikoan. Proiektuak despopulazioari mesede eginen diola erantsi dute, eta ezin dutela horrelakorik onartu. «AHTaren bideak 15 kilometro izanen ditu Tafalla eta Campanas arteko zatian, eta eremu horretan, hamahiru zabortegi eraikiko dituzte. Ez gaitu kezkatzen metro kopuruak, erabilerak baizik: lur horiek ezinen dira berriz erabili nekazaritzarako, eta aintzat hartu behar da horrek herri txikietan izanen duen kalte itzela. Kolokan jarri dute gure eskualdearen geroa», esan du Barasoaingo alkateek.

Arazo horren aurrean, Nafarroako Gobernuak «entzungor» egin diela ere salatu dute hautetsiek. «Isiltasun erabatekoarekin egin dugu topo. Saiatu gara Ingurumen Departamentuarekin eta Lurralde Kohesioko Departamentuarekin hitz egiten, baina [Bernardo Ziriza] kontseilariak ez du gurekin bildu nahi izan. Administrazioak ez digu azalpenik eman», gehitu zuen Roldanek.

Hori dela eta, «laguntza» eskatu zieten bai gobernuari bai talde parlamentarioei. «Sostengua behar dugu; zuen laguntza behar dugu Adifen eta Garraio Ministerioaren aurrean, guri gainezka egin digulako auzi honek. Zabortegiak eraiki daitezela horretarako gai diren lurretan, eta ez ditzatela desjabetu, lurren titulartasuna gal ez dadin», laburbildu zuen Berta Sanchezek.

Parlamentuko taldeen txandan, alderdiek ihes egin zioten arduraz jokatzeari, eta elkarri mokoka ibili ziren. Alkateen agerraldia eskatua zuten taldeen artean, Geroa Baiko Pablo Azkonak ez zuen zalantzan jarri «prestazio handiko trenaren» proiektua, baina adierazi zuen konponbidea eman behar zaiola desjabetzeen arazoari eta «aztertu beharko litzatekeela kalte ordainak ematea».

EH Bilduko Adolfo Araizek esan zuen «erroko arazoari» heldu beharko litzaiokeela: «Gakoa AHTa bera da. Hemen, taldeek hitz politak esanen dizkizuete, baina errealitate bakarra da gehienak ados daudela proiektuarekin. Eta Adifi berdin dio nor bizi den eremu horietan edo zenbat lur desjabetu behar diren. Hortaz, arazoak bere horretan segituko du». Hala ere, «borrokan segitzeko» deia egin zien Tafalla aldeko herrietako alkateei.

Navarra Sumako Miguel Bujanda ere AHTaren alde agertu zen, «baina ez zabortegien alde». Hori dela eta, Espainiako eta Nafarroako gobernuei galdegin zien «beste formula bat» erabil dezaten lur horiek baliatzeko: «Orain arte bezala, behin-behineko okupazio bat egin beharko litzateke, eta kalte ordainen sistema aldatu».

Azpiegituren «onurak»

Azkenik, PSNko Jorge Agirrek aitortu zuen Nafarroako erdialdea «zerbitzuen korridore bat» dela, baina ez zuen horren ordezko alternatibarik proposatu. «Gauzak dira diren bezalakoak, eta azpiegiturek eragina dute». Are: AHTaren lanek ukitutako herrietako alkateei esan zien beste udalerri batzuek «nahiago luketela egoera horretan egon, eta erdialdeak dituen azpiegiturak eduki».

PSNko ordezkariaren hitzek haserrea eragin zuten hautetsien artean, eta Muru Artederretako alkateak gonbita egin zion eskualdea bisitatzeko eta «azpiestazio elektrikoek eta bestelako azpiegiturek ekarritako onurak bere begiz ikusteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.