Frantziako Gobernuak gibelera egin arte segitu nahi dute sindikatuek

Trenbideetako langile bat atxikirik izan du Poliziak. «Blokeatze ekintzak» egitera deitu dute

Baionako Polizia Etxe aurrean egindako elkarretaratzea, LABeko kidea atxikirik zutenean. AMAIUR KOSKARAT.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Bosgarren aldiz jarraian atera ziren karrikara erretreten erreformaren kontrako herritarrak, atzo. Baionan, manifestazioa egin zuten ehunka lagunek. Martxa abiatzeko orduan, LABeko kide bat atxilotu zuen Frantziako Poliziak, identifikazioa ukatu zuela eta. Manifestariek polizia etxeraino segitu zuten ibilbidea, bertan zegoen kideari elkartasuna adierazteko. Sindikatuetako bozeramaileek poliziaburuarekin hitz egin ahal izan zuten, eta handik gutxira, libre utzi zuten.

Gobernua makurrarazteko, manifestazioez gain, «ekonomia blokeatzeko» pausoak eman behar zirela adostu zuten sindikatuek aste hasieran. Ekin zioten beraz, estrategia horri. Asteazkenean, Baionako geltokian, Parisera joatekoa zen tren bakarra oztopatu zuten dozenaka lagunek. Oren batez egon ziren burdinbidean, eta lortu zuten trena berandu abiaraztea. SNCF enpresak horren harira prozedura judiziala abiatu du dagoeneko.

Atzo goizean, Medef enpresarien elkarteko presidentearen enpresa blokeatu zuten ehun bat manifestarik Arrangoitzen (Lapurdi). Momentu berean, Cassin lizeoko ikasleek ikastetxea blokeatu zuten, eta manifestaziora batu ziren. Lehen lerroan egon ziren ikasleak. Manifestazioa Baionako Industria eta Merkataritza Ganberaren atarian bukatu zuten «erretreten erreformarik ez» oihu artean. Bururatzean, Eñaut Aramendi LABeko bozeramaileak jakinarazi zuen sindikalista bat atxilotu zuela Poliziak, eta polizia etxera joateko dei egin zuen. Dozenaka lagunek martxa segitu zuten, eta iristean, dozena bat polizia zituzten zain, eraikinera hurbiltzea eragozteko. Sindikatuetako delegazio bat bildu zen poliziaburuarekin, eta kidea askatu zuten.

Mugimenduari segida emateko hainbat ekintza iragarri zituzten. Garraioa eta logistika dituzte helburu nagusi, eta gaur, Mugerreko (Lapurdi) pleitagunea blokeatuko dute, goizean goizetik. Bihar, manifestazioa egingo dute Baionako Ikea saltokian hasita.

Bi aldeak segida antolatzen

Eguberriko bakantzen hurbiltzearekin kezkati mintzatu ziren sindikatuak, «iritzi publikoa» buruan zutela. Frantziako Gobernuak «komunikazio operazioen bidez greba mendratu nahi» duela esan zuten. Hala ere, Eguberri arte mobilizatzeko prest agertu ziren sektore gehienak, «inpaktu handiagoa ukaiteko parada baita». Saltoki handien eta garraioaren bidez, ekonomia blokeatzeko ekintzak ugaritzeko deia egin zuten.

Azken egunetan, Frantziako Gobernua, CFDT erakarri nahian, prest agertu da erreforma aldatzeko. Zehazki aipatu du CFDTk gogoko ez duen «oreka adina».Macron prest legoke erretiroaren benetako adina atzeratuko duen aldaia aldatzeko, baldin eta horrekin lortzen badu sindikatuen batasuna haustea eta erreforma eztabaidatuak babes garrantzitsu bat ziurtatzea. Negoziaziorako «borondatea» ontzat hartu du Laurent Berger CFDTko buruak, baina ziurtatu du «oso urrun» daudela akordio batetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.