Mobilizazioak egin dituzte Bilbon, etxegabe gazte baten heriotza salatzeko

Kalean hil zen 23 urteko gizona, hilaren 12an. EH Bilduk «egiturazko» aldaketak eskatu dizkio udalari, eta Aburtok «lehentasunezkotzat» jo du gaia

Atzo Bilbon eginiko mobilizazioa. URIOLA.EUS.
Maialen Arteaga.
Bilbo
2021eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Etxegabeen egoera salatzeko, hainbat mobilizazio egin zituzten atzo Bilbon. Martxoaren 12an, 23 urteko etxegabe bat hilda aurkitu zuten Uribarri auzoan, eta gaztearen heriotza gaitzetsi zuten bi protestatan: goizean, Beste Bi plataformak omenaldia egin zion Areatzan, eta iluntzean, Uribarriko eragileek elkarretaratzea antolatu zuten auzoan. Era berean, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak bilkura egin zuen arratsaldean Bilboko udaletxe parean, kalean bizi diren migratzaile gazteen aurkako jazarpena salatzeko.

Piotr zuen izena hildako etxegabeak, nahiz eta Peter esaten zioten auzoan; poloniarra zen, baina bi urte zeramatzan Bilbon. Beste Bi plataformak gogora ekarri du auzoarekin harreman estua zuela. Mobilizazioan etxerik gabeko guzien egoera salatu dute: «Etxegabetasunak gora egiten du pertsonak alde batera uzten dituen sistema batek elikatzen duelako».

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak, berriz, Bilboko udalean jarri du azpimarra: salatu du kalean bizi diren etorkin gazteak lekuz mugiarazten dituztela eta beren gauzak kentzen dizkietela, eta etxebizitza eta errolda eskubidea aldarrikatu du.

Hain zuzen, udalbatzan hizpide izan zuten atzo gaia. Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak adierazi zuen udalak ahalegin handia egiten duela, baina zerbitzuak «gainezka» daudela: «Egiturazko neurriak behar dira: finantzaketa eta erakunde guztien esku hartzea etxegabeen beharrei erantzuteko». Juan Maria Aburto alkateak aitortu zion auziari buruzko «gogoeta sakona» behar dela, eta etxegabeei irtenbidea ematea «lehentasunezkotzat» jo zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.