Trafiko lege berriak arauak zorroztu ditu, eta isun gehiago jaso

Espainiako Kongresuan onartu dute erreforma. Besteak beste, sakelakoen eta radar detektagailuen erabilera zigortuko dute

Patineteetan kaskoa eraman beharko da aurrerantzean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
unai etxenausia
2021eko urriaren 1a
00:00
Entzun
Espainiako Diputatuen Kongresuak zirkulazio arauen erreforma onartu zuen atzo arratsaldean: azken oniritzia eman zion Trafikoaren, Zirkulazioaren eta Bide Segurtasunaren Legeari. Erreformaren xede nagusia da puntuak kentzen dituzten arau hausteak berrikustea, legea gaur egungo gidatze eta zirkulazio eredura eguneratzea, eta zigorrak bete ondoren hasierako puntu kopurua berreskuratzeko igaro behar den epea bi urtean ezartzea. Oro har, arauak zorroztu ditu erreformak, eta isun gehiago jartzea aurreikusi du, batez ere sakelako telefonoen, radar detektagailuen eta patineteen erabilerari lotuta.

Aldaketa deigarrienetako bat errepide arruntetan gertatuko da: autoek eta motozikletek, beste ibilgailu bat aurreratzean, ezin izango dute berezko abiadura hogei kilometro orduan baino gehiago handitu. Hala, Europako Batasunean errepide arruntetan dauden abiadura mugen araudiarekin bat egingo du lege berriak.

Telefonoaren erabilerarekin zerikusia daukan artikuluan ere egin dituzte aldaketak. Sakelakoa eskuan izanez gero, orain arte bezala gidabaimeneko hiru puntu kendu beharrean, sei puntu kenduko dituzte legea indarrean jartzen denetik aurrera. Bestalde, gidaria sakelakoa erabiltzen ari bada, baina eskuetan ez badauka, 200 euroko isuna jarri eta hiru puntu kenduko dizkiote.

Orain arte zigortuta zegoen radarren detektagailuak erabiltzea, baita ibilgailuan inhibizio sistemak erabiltzea eta edukitzea ere, radarren funtzionamendua oztopatzen dutelako. Gailu horiek erabiltzen dituzten gidariek 500 euroko isuna ordaindu beharko dute, eta gidabaimenean hiru puntu galduko dituzte; eta erreforma indarrean jartzean, ibilgailuaren barruan radar mugikorreko detektagailu bat eramatea bera ere zigortu ahal izango da, nahiz eta itzalita eduki.

Indarrean sartuko den beste arau bat patinete elektrikoekin eta antzeko ibilgailuekin lotuta dago: nahitaez erabili beharko da kaskoa, salbuespenik gabe. Gainera, ibilgailu horietako bat erabiltzen den bitartean ezin izango da entzungailurik eraman, ezta sakelakoa erabili ere. Erabiltzaileek 200 eurora arteko isunei aurre egin beharko diete arau hori betetzen ez badute.

Ibilgailu motordunetan ere segurtasun uhala, haurrei eusteko sistemak eta bestelako babes elementuak ez erabiltzeagatik edo gaizki erabiltzeagatik, hiru puntu kendu beharrean, lau kenduko dituzte lege berriarekin.

Era berean, ibilgailuen kutsadura murrizteko asmoz aldaketak egingo ditu erreformak. Adibidez, zigorra ezarri ahal izango zaie ibilgailuaren motorra beharrik gabe piztua duten gidariei. Kasu horietan, zenbait udal dagoeneko ari dira isunak jartzen, baina lege berriak estaldura legala emango die udal ordenantzetan erregistratutako zehapen horiei. Kasu horietan isuna 100 eurokoa da.

Puntuak berreskuratzea

Bestetik, orain arte, galdutako puntuak berreskuratzeko, gidariek bi urte behar izaten zituzten arau hauste larrien kasuan, eta hiru urtekoa arau hauste oso larrien kasuan. Erreformarekin bi urtekoa izango da beti. Beraz, arau hauste larri batengatik puntuak galdu dituztenek puntu guztiak —hamabi— berreskuratuko dituzte bi urte pasatu ondoren, legea indarrean sartzen denean. Lege berria aldizkari ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera hasiko dira zigor berriak ezartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.