Elkartasunak betetzen du hutsunea

Harrera sareen esperientzia aztertu dute Bilbon, migrazioari buruzko jardunaldietan. Ekintzaile batzuk atxilotu izana salatu dute

Ezkerretik, Itxaso Sanchez moderatzailea, Giacomo Donadio eta Anaitze Agirre, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Igaroan doazen migratzaileek gero eta traba gehiago topatzen dituzte sorterritik helmugarainoko bidean, eta horren adibide dira aspaldi honetan Lapurdiren eta Gipuzkoaren arteko mugatik datozen albiste lazgarriak. Arlo horretan ere, gizarte zibil antolatua ari da erakundeak utzitako hutsuneak betetzen eta haiek iristen ez diren lekuetara heltzen. Elkartasun sare horien esperientziak, Euskal Herrikoak zein kanpokoak, azaldu dituzte Bilbon egindako jardunaldietan, Atzerritartasunari buruzko politikak Europako Batasunean izenburupean.

Anaitze Agirre kazetari, ikerlari eta EHUko irakaslea da, eta Harrera Sarean dihardu Irunen (Gipuzkoa). Sarearen jatorria azaldu du: 2018ko udan migratzaile ugari agertu ziren Euskal Herriko zenbait tokitan, batez ere Bilbon, Donostian eta Irunen, garai hartan Mediterraneoko migrazio bidean izaten ari zen kolapsoaren ondorioz: «Guk kezkaz ikusi genuen, eta modu espontaneoan hasi ginen haiei laguntza ematen. Uste dut oso mugimendu interesgarria izan zela, eta bat-batekotasuna eta autoantolakuntza izan zirela haren ezaugarri nagusiak».

Denbora igaro ahala, elkartasuna hobeto antolatzen hasi ziren, eta erakundeen erantzuna ere iritsi zen. Instituzioen arteko mahai bat eratu zen, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Irungo Udalak eta beste zenbait erakundek esku hartu zuten, eta horren ondorioz igaroan doazen migratzaileentzako aterpea sortu zuten, ehun bat lagunentzako tokia duena. Agirrek dioenez, Harrera Sareak «hasiera-hasieratik» begi onez ikusi ditu instituzioen ahalegin horiek, eta daukaten balioa aitortzen die, baina uste dute oraindik zer hobetu badagoela.

Adibidez, aterpean lo egin ahal izateko baldintza batzuk bete behar dira, eta horiek betetzen ez dituztenak kalean geratzen dira, aterpean lekua egon arren: «Aterpea sortu zutenetik, uste dut inoiz ez dugula guztiz beterik ikusi, eta, hala ere, badago kalean lo egin behar duen jendea. Lazgarria iruditzen zaigu hori».

Agirrek dioenez, Harrera Sarea «instituzioek bete beharko lituzketen hutsuneak» ari da betetzen. Esaterako, haien eskubideen inguruko informazioa ematen diete migratzaileei, eta jantzi egokiak ere ematen dizkiete. Gautxori izeneko talde bat ere badute, gauero-gauero autobus eta tren geltokietara joaten dena, iristen diren migratzaileei Gurutze Gorriaren aterpetxera joateko bidea erakusteko: «Ulertezina da Gurutze Gorriak lan hori ez egitea, edo herrian aterpetxerako bidea erakusten duten seinalerik ez egotea».

«Kriminalizazioa»

Lan horretan, Harrera Sareko ekintzaileek oztopo ugari topatzen dituzte, eta «elkartasunaren kriminalizazioa» ez da txikiena; azken hilabeteetan ekintzaile batzuk atxilotu dituzte Frantziako jendarmeek: «Migratzaileei laguntza ematea ez da delitua; beraz, gero aske utzi behar izaten dituzte, baina horrekin lortu dute bidali nahi duten mezua helaraztea».

Agirreren ustez, afera honetan «borondate politikoa» da gakoa: «Orain, Ukrainako auzian ikusiko dugu Europak baduela errefuxiatuak hartzeko ahalmena. Guk nahiko genuke Afrikatik datozen pertsonekin berdin gertatzea».

Giacomo Donadio legelaria eta ikerlari italiarra da, eta Carovane Migranti harrera mugimenduarekin aritu da. Italiaren eta Frantziaren arteko mugaren ingurukoak aztertu ditu, eta Gipuzkoaren eta Lapurdiren artekoekin alderatu ditu. Dioenez, ikerketari ekin zionean, 2015ean, bi mugak oso desberdinak ziren: «Baina aldaketak oso azkar gertatzen dira, eta gaur egun esan dezakegu antzeko ezaugarriak dituztela, gero eta gehiago».

Adibidez, 2015ean kontrolak askoz zorrotzagoak ziren Italiaren eta Frantziaren arteko mugan, Irunen eta Hendaian baino; azken urteotan, bien arteko aldea gutxitu egin da Poliziaren zorroztasunari dagokionez. Italian, migratzaile asko hil da Alpeak igaro nahian, hotzak hartuta, trenbidean elektrokutatuta edo autobidean auto batek harrapatuta; horrelakorik ez zen Euskal Herrian, baina azken hilabeteetan zazpi hildako egon dira mugaren inguruetan.

Hala ere, Donadiok azaldu duenez, bilakaera horretan dena ez da negatiboa: «Mugak eskubideak urratzeko eta biktimak sortzeko lekuak dira, baina elkartasunerako guneak ere badira». Donadiok antzekotasunak ikusten ditu Italian eta Euskal Herrian sorturiko harrera taldeen artean, eta uste du bide horretan sakondu behar dela: «Akademiaren eta ekintzaileen arteko loturak indartu egin behar dira, eta beste zenbait lekutan sortutako elkartasun mugimenduetatik ikasi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.