Asier Guridi euskal iheslariak hilabete darama gose greban

Espainiari eskatu dio pasaporte bat emateko eta bere eskubideak bermatzeko. Venezuelak errefuxiatu estatusa aitortu zion abenduan

Asier Guridi, herenegun, Gurutze Gorrikoek eginiko bisitan. BERRIA.
Erredakzioa
2022ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Asier Guridi euskal iheslariak pasaporte bat emateko eskatu dio Espainiari, eta adierazi du ez duela gose greba utziko hura lortu arte. Atzo hilabete bete zuen protestan, Espainiak Caracasen duen kontsulatuaren aurrean. «Nortasuna kenduz, oinarrizko giza eskubideetarako sarbidea ukatzen didate», azaldu dio BERRIAri.

Egun, errefuxiatu estatusa du Guridik, Venezuelako Gobernuak emana. Halere, salatu du horrek ez diola legalki lan egiteko eta jabegorik izateko eskubiderik ematen. Are gehiago, semearen ordezkari gisa aritzeko aukerarik ere ez duela azaldu du. Semea eta bikotekidea Euskal Herrian ditu, baina, gaitzetsi duenez, haiek ere «heriotza zibilera» eraman ditu egungo egoerak.

Iheslariak martxoaren 29an hasi zuen gose greba, eta, salatu duenez, hasiera-hasieratik jasan ditu polizien mehatxuak. Are gehiago, apirilaren 16an bi lagunek eraso egin ziotela azaldu du. Haren ingurukoek adierazi dutenez, greba kalean egiten ari da Guridi, horrek dakartzan arriskuekin.

Haren egoera fisikoa «asko okertu da» azken egunetan: «Botaka eta okaka hasi nintzenetik, esofagoa eta estomagoa erreta bezala dauzkat. Eguneko denbora gehiena etzanda igaro behar dut». Ingurukoek adierazi dute zenbait aldiz konortea galtzeko arriskuan ere egon dela. Gurutze Gorriko langileen zenbait bisita ere jaso ditu; azkena, herenegun, Guridik berak azaldu duenez. Halere, iheslariaren inguruak salatu du erakunde hura egiten ari zaion jarraipena «konpromiso gutxikoa» dela: «Ez dute gernu eta odol analisirik egin, nahiz eta hainbat aldiz eskatu».

Azaldu dutenez, egun ikusten duten aukera egingarriena da Venezuelako Gobernuak Guridiri pasaerako zedula bat ematea. Horretarako, baina, «hainbeste denbora linbo juridikoan bizi izan den pertsona batek bete ezinezko hainbat baldintza» eskatzen ditu SAIME Identifikazio, Migrazio eta Atzerritartasun Zerbitzu Administratiboak, Guridiren esanetan; tartean, gutxienez sei hilabeteko antzinatasuna duen pasaporte bat izatea. «Venezuelak ikusi beharko luke errefuxiatu bati ezin zaizkiola eskatu herritar arrunt bati eskatzen zaizkion baldintza berak», gehitu du.

Hori aldatzeko, eta «Espainiak Asier Guridirekin duen etsaitasunezko jarrerari erantzunez», iheslariaren inguruak adierazi du Venezuelako Gobernuak «desblokeatu» beharko lukeela egoera, Guridik «baliozko nortasun juridiko bat lortzea errazteko». Izan ere, iheslariak azaldu du bere garaian «modu diplomatikoan» tratatu zuten arren Espainiak orain uko egin diola egoera konpontzeari.

Besteak beste, salatu du hiru aldiz idatzi duela kontsulatura azalpen eske; azkenengo aldiz, joan den astean. Ez du, baina, erantzunik jaso. Uste du egoeraren idatzizko frogarik ez uztea dela horretarako arrazoia, aukerarik izan ez dezan paper horiekin lehenik Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eta gero Europako Giza Eskubideen Auzitegira jotzeko. «Badakite legez kanpo jokatzen ari direla», salatu du.

Erreibindikazio zaharra

Afera ez da berria. Guridik salatu zuen 2020ko irailean pasaportea ukatu ziola Espainiaren kontsulatuak; eta, era berean, «aita baten eta seme baten artean ematen den eskubideen transmisioa eragotzi» ziotela semeari ere. Izan ere, argitu du ordutik pasaportea ordaindua duela, baina ez diotela ez dokumentua eman, ez dirua itzuli: «Iruzur bat da».

Iazko abenduaren 3an ere gose greba bati ekin zion. Orduan, bost egun egin zituen. Venezuelak emandako pausoak bultzatu zuen protesta bertan behera uztera. Venezuelako Errefuxiatuen Batzordeak «errefuxiatu estatusa» aitortu zion.

Guridik 2001ean egin zuen ihes, ustez hari buruzko dokumentuak ETAren aurkako sarekada batean atzeman ostean. Hala, 2005ean iritsi zen Venezuelara. Han, taxi gidari aritu zen. 2013tik, ordea, linbo egoera batean dago. Interpolen aginduz atxilotu zuten orduan, eta zenbait egunez preso egon ostean «nortasun juridikorik gabe» utzi zutela salatu du. Hala, herrialdeak bizi izandako krisi ekonomikoaren erdian, besteak beste elikagaiak erosteko ere arazoak izan zituen.

Aurrez, 1992an atxilotu zuten, eta bost urte igaro zituen Espainiako espetxeetan. Atxiloketaren ostean, Guardia Zibilaren torturak salatu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.