De Miguel ez dute kaleratu, haren kontrako epaia irmoa den arren

Arantxa Tapiak esan du ez dutela haren aurkako neurririk hartuko epaia Jaurlaritzari jakinarazi arte

Alfredo de Miguel, epaitegirako bidean, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
gotzon hermosilla
2023ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Alfredo de Miguelek Hazi fundazio publikorako lanean jarraitzen du, eta horren soldata kobratzen, nahiz eta urtarrilaren 9tik haren kontrako epai irmo bat egon, hamabi urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra ezartzen diona eroskeria, dirua zuritzea, prebarikazioa, influentzia trafikoa eta dokumentuen faltsutzea egotzita. Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomikorako sailburu Arantxa Tapiak esan du Arabako Probintzia Auzitegiak oraindik ez diola Jaurlaritzari epaiaren berri eman eta hori gertatu arte ez dutela hartuko De Miguelen kontrako neurririk.

Tapiak agerraldia egin zuen atzo Eusko Legebiltzarrean, Elkarrekin Podemos-IUk eskatuta, De Miguel auziaren nondik norakoak azaltzeko. Haren hitzetan, Arabako Probintzia Auzitegiak De Miguelen kontrako epaia atera zuenean, hark bazuen «instantzia bikoitzerako eskubidea», hau da, epaiari helegitea jartzeko aukera zuen, eta, helegitea ebatzi bitartean, epaia ezin zen irmotzat hartu: «2019an De Miguel kaleratu izan bagenu, kaleratze bidegabea izango zen hura. Guk oinarrizko eskubideak bermatzera jo dugu».

Joan den urtarrilean, berriz, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi zituen De Miguel auzian inplikatutako akusatuen zigor nagusiak. Tapiak onartu du Gorenaren ebazpenaren ostean epaia irmoa dela, baina erantsi du ezin dela halakotzat hartu akusatuei eta aldeei jakinarazi arte, eta Jaurlaritzak oraindik ez duela horren komunikaziorik jaso.

Tapiak iragarri du Jaurlaritzak idazkia bidali diola Arabako Probintzia Auzitegiari, eta eskatu diola autoa bidaltzeko. Hori jasotakoan hartuko dituzte De Miguelen kontrako neurriak.

Oposizioa, asebete gabe

Tapiaren azalpenek ez dituzte asebete oposizioaren ordezkariak. EP-IUko David Sotok, Tapiaren agerraldia eskatu duen legebiltzarkideak, esan du De Miguel kargutik kentzeko modua bazegoela, Haziren hitzarmenean ez baita zehazten epaiak irmoa izan behar duenik horrelako neurri bat hartzeko. «Edonola ere, kaleratzea ezinezkoa bazen, bazegoen aukera beste neurriren bat hartzeko: soldata etetea, zigor bat ezartzea, mailaz jaistea eta abar, baina hori ere ez duzue egin», adierazi du Sotok.

Hazin beharrean egon den bitartean De Miguelek izandako lan baldintzak ere eztabaidagai izan dituzte batzordean. Tapiak esan du De Miguelek C maila zeukala, baina «behin-behinean» beste lankide bat ordezkatzen ari zenez A maila zegokiola. Antzeko azalpen bat eman du De Miguelen soldata justifikatzeko: berez, urtean 39.000 euro inguru jasotzea zegokion, baina, bere lanpostutik kanpoko beste lan batzuk egiten zituela-eta, azkenean 57.400 euro inguru poltsikoratzen zituen urtean. Sotok ironiaz erantzun die Tapiaren azalpenei, esanez aurrerantzean «Haziren etorkizunaz kezkatuta egoteko arrazoiak» badaudela, «De Miguelek fundazioan zenbat betekizun zeukan kontuan hartuta».

EH Bilduko Josu Estarronak ere kritikatu du auzi honetan Jaurlaritzak izandako jokabidea, eta esan du horren «jarrera» begitantzen zaiola kezkatzeko modukoa: «Ez duzue jarrera aktiborik erakutsi, eta azalpenak emateko ere berandu ibili zarete». De Miguelen eskubideak «erakundeen irudiaren gainetik» jartzea ere leporatu die Estarronak.

EAJk eta PSE-EEk, aldiz, Jaurlaritzaren jarrera babestu dute. EAJren legebiltzarkide Mikel Arruabarrenak esan du auzi honetan «gardentasuna» handia izan dela eta kontrolerako mekanismoek «funtzionatu» dutela. Oposizioari, berriz, «bazterrak nahasten» ibiltzea leporatu dio, eta erantsi du «zilegizko kritika politikotik harago» jardun dutela oposizioko alderdiek.

PSE-EEko Gloria Sanchezek ere ontzat eman ditu Tapiaren azalpenak: «Guk ezin dugu hedabideen arabera funtzionatu; neurriak hartzeko, epai irmoa behar dugu, eta hori orain arte ez da komunikatu. Sailburuak esan du epaia jaso bezain pronto berehala erantzungo duela, eta guk ontzat jotzen dugu hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.