Kataluniako Parlamentua, «Euskal Herriko bake prozesuan bidelagun»

Bake bidearen aldeko adierazpen bat adostu dute JxCat, ERC, PSC, En Comu Podem eta CUPek

Ordezkari instituzionalak, biktimen senideak eta Foro Sozialeko ordezkariak, atzoko ekitaldian. ORIOL CLAVERA.
Ion Orzaiz.
2020ko otsailaren 11
00:00
Entzun
«Kataluniako Parlamentuak borondate osoa du euskal gizartearen bidelagun izateko. Izan ere, askatasunaren, elkarren arteko aitortzaren eta bizikidetzaren aldeko apustu bat egin dute herritarrek, beren erakundeen, alderdi politiko gehienen eta gizarte zibilaren bidez». Kataluniako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordean adostasun zabala erdietsi du urtarrilaren 14an onartutako adierazpen instituzionalak, eta agirian jasotako konpromisoekin bat egin dute Junts per Catalunya, ERC, PSC-Units, Catalunya En Comu Podem eta CUP taldeek.

Adierazpena jendaurrean aurkezteko ekitaldia egin zuten atzo; bertan, Roger Torrent parlamentuko presidentearekin batera, hitza hartu zuten Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzaile Agus Hernanek, ICIP Bakearen aldeko Nazioarteko Institutu Katalaneko presidente Xavier Masllorensek eta Hipercorreko atentatuko biktima baten alaba Rosa Cabre Baldellouk.

Agirian, sinatzaileek lau konpromiso nagusi adierazi dituzte. Bat: «Euskal Herriko bizikidetzarako giza eskubideen babesa ardatz nagusitzat eta erreferentzia bakartzat hartzea», baita giza eskubideen urraketak «ez errepikatzeko bakearen kultura sustatzea ere». Bi: gatazkaren biktimei dagokienez —ETArenak nahiz beste indarkeria mota batzuenak izan—, «egiaren, justiziaren eta aitortzaren printzipioak babestea». Hiru: bestelako espetxe politika bat sustatzea, «presoak gerturatzeko, gaixo dauden presoei gizalegezko tratua emateko eta Europako legediak nahiz giza eskubideen estandarrek ezartzen dutenarekin konplitzeko». Eta lau: presoei eskatzea «eragindako kaltea onar dezatela, gatazkako biktimen arteko adiskidetzea lortze aldera».

Konpromiso horiek sinatzeko motiboei dagokienez, Kataluniako Parlamentuko taldeek nabarmendu dute «Katalunia eta Euskal Herria batzen dituzten loturek interpelatuta» egin dutela urratsa, «giza eskubideekin konprometitutako gizarte bat garen heinean». Areago: sinatzaileek nabarmendu dute begirada «etorkizunean jarria» dutela, «mendekuzko jarreretatik urrun, horrek zailtzen baitu bakearen kulturak aurrera egitea».

Izan ere, bake prozesuaren aldeko ituna sinatzea «hildakoen eta euren senideen oroimenaren aitortzan urrats bat egitea» dela uste dute adierazpenaren sinatzaileek. Atzoko ekitaldi instituzionalean, minutu bateko isilunea egin zuten, biktimen omenez», Quim Palau-Gorgot biolontxelo jotzaileak Cant dels Ocells herri abestia jotzen zuen bitartean.

Urteetan jositako babesa

Atzo ofizialki agertu zena ez da, baina, egun batetik bestera jositako aliantza: 2018ko ekainean, esaterako, Euskal Herriko Bakearen Aldeko Adierazpena onartu zuen Bartzelonako Udalak; handik hilabete batera, berriz, Kataluniako talde parlamentario gehienek bake prozesuaren aldeko konpromisoa adierazi zuten Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariekin eginiko bilera errondan.

2019ko uztailaren 1ean, berriz, Kataluniako Parlamentuko ordezkaritza batek bilera egin zuen ETAren, GALen eta polizia indarren biktima zenbaitekin. Hartu-eman horietan, parlamentariek asmoa agertu zuten «biktimek egin dituzten urrats eskuzabal eta garrantzitsuetan laguntzeko, bake prozesua errazte aldera». Azken hilabete eta urteetan eginiko lana da, hain zuzen, atzo aurkeztutako adierazpen instituzionalean hezurmamitu dena.

Kataluniako Parlamentuan, Ciudadanos eta PP taldeak izan dira adierazpen instituzionalaren kontra azaldu diren bakarrak. Haiekin lerratu dira Covite eta ACVOT Talde Terroristen Biktimen Kataluniako Elkartea. Bi elkarte horiek «onartezintzat» jo dute bake prozesuaren aldeko adierazpen instituzionala. Coviteko presidente Consuelo Ordoñezek eta ACVOTeko buru Jose Vargasek «ETAren terrorismoa zuritzea» egotzi diote parlamentuari, ohar baten bidez.

Berretsi dute Euskal Herriak ez duela bake prozesuen beharrik: «Hemen ez da inoiz gerrarik egon, ETAren eta haren konplizeen jazarpen totalitarioa baizik, beren proiektu politiko nazionalista eta baztertzailearekin bat egiten ez genuen guztion aurka». Hori dela eta, adierazpenaren sinatzaileei leporatu diete «ezker abertzalearen eta haren sateliteen estrategia bere egitea, ETAren erantzukizunak lausotzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.