'Heriotzaren ontziak' geraldia egin du Bilbon

Saudi Arabiako 'Bahri Yanbu' zamaontzia armaz hornitu dute Bilboko portuan. Erakundeen «konplizitatea» salatu dute talde antimilitaristek

Bahri Yanbu zamaontzia, Bilboko portuan sartzen, igandean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
2020ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuetatik Yemenerako bidean, Euskal Herrian geldialdia egin dute gerraren hornitzaileek. Saudi Arabiako Bahri Yanbu zamaontziak iragarri gabeko geraldi bat egin du egunotan Bilboko portuan, eta gerrarako materiala kargatu du, Espainiako militarren, suhiltzaileen eta segurtasun indarren zaintzapean. Amnesty International, Oxfam Intermon, KEM eta Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteek osatzen duten Gerra hemen hasten da batzordeak salatu duenez, «Yemengo gerran zibilak sarraskitzeko erabiliko diren armak, munizioak, ibilgailuak eta bestelako materialak» garraiatzen ditu ontzi horrek, AEBetatik Saudi Arabiara.

Bahri Yanbu igandean heldu zen Bilboko portura, baina astelehenean egin zituzten zamaketa lan gehienak. Bilboko portuko agintaritzak eta Espainiako Gobernuak ez dute informaziorik eman zamaontziaren kargari buruz, baina Bizkaiko Foru Aldundiak baieztatu du suhiltzaile talde batek zaindu zituela zamaketa lanak —munizioa, lehergailuak eta bestelako material arriskutsuak garraiatzen direnean soilik egiten dute lan hori suhiltzaileek—.

Astelehenetik, talde antimilitaristak portuko ingurumarietan elkartu dira egunero, zamaontziarekin lotutako lanak bertatik bertara ikusi eta mugimendu ororen berri izateko. «Lehergailuz beteriko edukiontziez gainera, ibilgailuak ere ikusi ditugu ontzira sartzen», azaldu du Ina Robles suhiltzaile eta Gerra hemen hasten da taldeko kideak.

Ezinbestekotzat jo du zaintza lana, «industria opaku» horretan argi apur bat jartze aldera: «Sekretu ofizialen Espainiako legearen ondorioz, erakundeek ez dute informazioa emateko beharrik, baina auzi honek gizarte osoari eta giza eskubideei eragiten die, eta beharrezkoa da gertatzen ari dena ezagutzea. Bonbaz beteriko edukiontziak ari dira Santurtzi erditik pasatzen, eta ez dugu horren berri izateko eskubiderik?», galdetu du.

Hori dela eta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeei egotzi die «gerrarekiko konplizitatez» jardutea: «Armagintza industria indartsua dago hemen, eta bonbardaketak egiten dituzten hegazkinetako teknologiak ere eusko labela darama». Hala ere, egunotan Bahri Yanbu zamaontzian sartutako armak eta lehergailuak ez dira Euskal Herrian fabrikatutakoak, Valentzian (Herrialde Katalanak) eta Burgosen (Espainia) eginikoak eta Bilboko portura propio eramandakoak baizik. Horrek, baina, ez du zuritzen Euskal Herriko erakundeen ardura, suhiltzailearen ustez: «Bonbak hemen egindakoak izan ala ez, argi dago Bilbotik ari direla material hori guztia esportatzen, eta Yemengo gerran erabiliko dutela; hortaz, Euskadiko instituzioak ere konplize dira».

Robles 2017. urtean egin zen ezagun: Saudi Arabiara zihoan beste itsasontzi bat lehergailuz zamatzeko lanetan laguntzeko aginduari uko egin zion, eta espedientea ireki zion Bizkaiko Foru Aldundiak horregatik. «Zortea izan nuen; espediente horrek ez zuen aurrera egin, eta ez zidaten zigorrik jarri, baina gainerako suhiltzaileentzako abisua ere izan zen: agindutakoa betetzen ez baduzue, zuen lanpostua kolokan egongo da».

Bonbak munduan zehar

Amnesty Internationalek bildutako datuen arabera, 2015ean Yemengo gerra hasi zenetik, Bahri Yanbu zamaontziak 330 milioi euroren balioa duen material militarra garraiatu du AEBetatik Saudi Arabiara egindako hamar bidaiatan. Heriotzaren zamaontzia ezizenez ezaguna da jada.

«2019an eginiko protestei esker, Yemenera bidaltzekoak ziren arma eta lehergailu batzuen garraioa gelditzea lortu genuen. Hala ere, aireontzi militarren piezak eta beste arma batzuk kargatu zituzten berdin-berdin, dozenaka milioi dolarren balioa zutenak. Gerra krimenak eta giza eskubideen urraketa larriak egiteko erabiltzen diren armen transferentziak geldiarazteko betebeharra dute estatuek, baina etengabe urratzen dute betebehar hori», adierazi du Patrick Wilcken Amnesty Internationaleko ordezkariak.

Azken hilabetean, AEBetan eta Kanadan zehar ibili da Saudi Arabiako zamaontzia. Igandean, berriz, Bremerhavenen gelditu zen (Alemania); Tilbury Docks aldera egin zuen gero (Erresuma Batua); eta Cherbourgen (Frantzia) geldialdia egin zuen, Bilbora iritsi aitzin. Euskal Herria atzean utzita, Genovara (Italia) joatekoa da, Saudi Arabiara itzuli baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.