Koronabirusa

Osakidetzak hilaren 30ean itxiko ditu txertaketa gune handiak

Urritik aurrera, osasun zentroetan jarriko dira ziztak. 269 positibo atzeman dituzte Hegoaldean

Donostiako Illunbe zezen plazako txertaketa gunea. JON URBE / FOKU.
Edurne Begiristain - Uxue Rey Gorraiz
2021eko irailaren 11
00:00
Entzun
Osakidetzak hilaren 30ean itxiko ditu martxoaz geroztik COVID-19aren aurkako txertoak jartzeko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan irekitako txertaketa gune handiak: Donostian Illunbekoa, Bilbon Casillako kiroldegikoa, Barakaldon BECekoa, eta Gasteizen,Lakua frontoikoa. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo jakinarazi zuenez, urritik aurrera txertoa jartzeko ordua duten guztiei osasun zentroetan edo inguruko ospitaleetan emango zaie txertatzeko txanda dela lehenengo dosia jartzeko, dela bigarrena hartzeko. Guztira, 21 gunetan jarriko ditu ziztak Osakidetzak; ESI erakunde sanitario integratu bakoitzean, osasun zentro batean edo bitan jarriko dituzte txertoak. Osakidetzak zehaztu duenez, lehen dosirako ordua irailaren 30a baino lehen hartzen dutenentzat, kokapen aldaketak soilik bigarren dosian izango du eragina.

Txertaketaren erritmo onagatik erabaki du Osakidetzak txertaketa azpiegitura handiak ixtea.Hain justu ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 12 urtetik gorako herritarren %84k pauta osoa jarria dute, eta, egungo txertaketa erritmoari eutsiz gero, hiru aste barru biztanleen %90ek txertoaren pauta osoa izango dute, Sagarduik azpimarratu duenez. Hala ere, txertoa hartzeko deia egin zien berriz 20 eta 35 urte artekoei, txertaketan «atzeratuta» geratu direlako gainerako adin tarteetakoekin alderatuta.

Nolanahi ere, egunak igaro ahala, gero eta herritar gutxiago daude COVID-19aren aurkako txertoaren dosiren bat hartu gabe Hego Euskal Herrian. Zehazki, hamar lagunetik ia zortzik, %79k, dagoeneko hartua dute txertoaren dosiren bat, eta %75ek pauta osoa hartua dute. Txertaketak erritmo honi eutsiz gero, hilaren 20rako guztiz immunizatuta egongo dira Hegoaldeko herritarren %80.

Nafarroan ere txertaketa gune handiak hetsi egingo dituzte aurki: datorren astearen hondarrean itxiko dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko kiroldegikoa eta Maristen egoitzakoa; irailaren 16an eta 17a izanen dituzte azken egunak, hurrenez hurren. Kontrara, Foremekoa martxan egonen da oraindik.

Izurriaren bilakaera, hobera

Pandemiaren bosgarren olatu deiturikoan sartu orduko, hainbat adituk jadanik aurreikusia zuten birusaren azken goraldiak ez zuela sartuko erietxeetara aurreko aldietan bezainbeste paziente; txertoari esker, besteak beste. Iragarpenak bete egin dira, eta uztail bukaeran ospitaleratuen kopurua puztu bazen ere, asteak dira zenbatekoa beheranzkoan dela. Egun, birusak jota erietxeratuak diren gaixoen kopurua 300 lagunen langatik hurbil da. Zehazki, oraintxe bertan 306 kutsatu daude ospitaleratuta Hegoaldeko zentroetan. Hala, azken zazpi asteetan erregistratu den kopururik apalena da hori; zenbatekoa uztailaren 22an izan zen azkenekoz langa horretatik behitikoa. Zehazki, zentroetan sartuak diren 306etatik 80 ZIUetan daude, larri. Halaber, osasun agintariek jakinarazi dute herenegun 31 lagun ospitaleratu zituztela.

Transmisioari buruzko datuei dagokienez, ostegunean 5.626 proba egin ziren birusa detektatzeko, eta horien %4,8 izan ziren positiboak: 269. Lurraldeka, Bizkaian 124 kasu atzeman zituzten; Gipuzkoan, 67; Nafarroan, 48, eta Araban, berriz, 28.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.