Idlibera begira jarri da Damasko

Errusiak ez du probintzia horretan «operazio handirik» izaterik nahi. «Garaipenaren eguna hurbil da», Siriako presidenteak dioenez

Al-Quneitra hirian zeuden matxino islamistak autobusetan atera zituzten. EFE.
ander perez zala
2018ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Gero eta gutxiago geratzen zaio Siriako presidente Baxar al-Assadi gerra irabazteko. Alde batetik, arlo politikoan, Siriako Kontseilu Demokratikoarekin negoziatzen hasi da —hau da, kurduak gehiengo diren Siriako Indar Demokratikoak miliziaren indar politikoarekin—, bide orri bat zehaztu eta «Siria deszentralizatu eta demokratiko bat» lortzeko. Bestetik, arlo militarrean, arrakastak besterik ez ditu lortu azken urtean, eta, egunotan hego-mendebaldean matxino islamisten esku zegoen probintziaren kontrola berreskuratu ostean, Siriako presidentea ipar-mendebaldean dagoen Idlib probintziara begira jarri da, matxino horien esku dagoen azken eremuari begira. «Gure garaipenaren eguna hurbil da», adierazi zion atzo armadari.

Errusiak, Siriako Gobernuaren aliatu nagusiak, pisu handia izan du Al-Assaden arrakastetan, eta Siriako gerrako zein nazioarteko jokalari garrantzitsuenetako bat bilakatu da. Beraz, Damaskok kontuan hartzen ditu Moskuren iritziak; Idlibi begira, esaterako, Errusiaren Siriako mandatari Aleksander Lavrentievek adierazi zuen ez dutela «eskala handiko operaziorik» nahi probintzia horretan, eta zibilen segurtasuna bermatzea dela garrantzitsuena.

Azken hilabeteotan erabilitako estrategia da Lavrentievek atzo aipaturikoa: matxinoen esku dagoen eremu bat indarrez hartu beharrean akordio baten bidez berreskuratzea; bide horri jarraituz, Moskuk Idlib probintziara eraman izan ditu matxino islamistak eta haien senideak, baina egun probintzia hori da matxinoen esku dagoen bakarra. Erasoaldi militarrik gabe, irtenbidea zein den zehaztu beharko du Damaskok, aliatuekin batera. Eta, zeregin horretan, Turkiak pisu handia izan lezake.

Golango gaina

Siria hego-mendebaldeko Daraa probintzia eta Golango gainak —Israelek hartutako eremua— izan dira azken egunotako protagonista nagusiak. Estatu Islamikoak, esaterako, gutxienez 302 pertsona hil eta 250 zauritu zituen probintzia horretan egindako hainbat erasotan.

Golango gainetan, Ekialde Hurbileko etsai historikoen arteko talka eragozteko, Errusiak akordioa egin zuen Israelekin, Iranen tropak eremutik 85 bat kilometrotara urruntzeko. Mugatik hurbil izateagatik, Tel Avivek Teheranen indarrei eraso egin zien hilabeteotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.