Garagardoak hazitako arrainak

Bioekonomia eta ekonomia zirkularra uztartuta, Azti EBko Life Brewery proiektua gidatzen ari da: arrainen pentsua sortu dute garagardoa egiteko prozesuko soberakinekin.

Garagardoak hazitako arrainak.
Jon Fernandez.
2019ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun

Lehen begi kolpean nekeza suerta liteke lotura egitea: zer zerikusi izan dezakete garagardo edalontzi batek eta piszifaktorian hazitako arrainek? Bada, bioekonomiak eta ekonomia zirkularrak ahalbidetu dezakete lotura; izan ere, Azti Tecnalia fundazioa Europa mailako proiektu bat gidatzen ari da, eta proiektu horren bidez aztertzen ari dira ea posible den garagardoaren ekoizpen prozesuko soberakinak erabiltzea haztegietako arrainak elikatzeko. David San Martin ekonomia zirkularraren inguruko Aztiren adituaren iritziz, proiektuak bide luzea egiteko itxura hartu du, lehen emaitzak onak dira eta.

Asmoa da arrain haztegietarako pentsua egitea Europako Batasunean zerbeza ekoitzi eta gero hondakin bihurtuta geratzen diren sei milioi tona garagar patsekin eta milioi bat tona legamiarekin, eta gaur egun erabiltzen diren pentsuen antzeko nutrizio balioa izatea. Proiektua 2017an hasi zuten, eta 2020 amaieran bukatuko dute; Azti hainbat erakunderekin batera dabil lanean: Kataluniako IRTA nekazaritzako elikagaien ikerketa eta teknologia institutuarekin eta Riera Nadeu enpresarekin, Euskal Herriko LKS Krean Mondragon taldeko konpainiarekin, eta Garagardogileen Europako Elkartearekin.

San Martinek azaldu du onuradunak hiru direla: garagardogileak, diru sarrera bilakatu dezaketelako hondakin zutena; akuikulturaren sektorea, arrainak elikatzeko pentsuaren hornidura arazoa arindu dezakeelako; eta, azkenik, ingurumena, bioekonomiari eta ekonomia zirkularrari esker txikitu egingo delako bi sektoreen aztarna ekologikoa.



Arrantza murrizteko

Azken hamarkadetan, etengabe hazi da akuikulturaren ekoizpena: 2012tik, munduan jaten den arrainaren erdia baino gehiago ez dator itsasotik, baizik eta arrain haztegietatik. FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen 2018ko txostenaren arabera, 2016an pertsonen elikadurarako arrainen %53 zegokion akuikulturari: arrain haztegien sektoreak 110 milioi tona arrain ekoitzi zituen, eta 194.788 milioi euroren diru sarrerak sortu.

Kontua da piszifaktorietako arrainen elikagai nagusia arrain irinez eta olioz egindako pentsua dela, eta horiek egiteko arraina itsasoan arrantzatzen dela. «Akuikulturarako pentsua egiteko arrain irina erabili ordez beste osagai batzuk erabiltzen badira, itsasoaren gaineko eragina txikiagoa izango da; gastuak txikituko lirateke, eta jasangarritasunaren alde egingo litzateke», adierazi du Aztiko adituak.

Arrain haztegien sektoreak hornidura arazoak izan ditzake etorkizunean, FAOren txostenak iradokitzen duenez: arrantza ustiapena dagoeneko maximoetan dago, eta arrantzatutako arraina motz gera daiteke haztegietako arrainak elikatzeko. «Arrain irinaren produkzioa denak emanda dabil, eta, beraz, ez dago gaitasunik erantzuteko. Sektorean eskari handia dago elikagai berriak sortzeko arrain irina ordezkatzeko, partzialki bada ere», azaldu du San Martinek.

Gainera, FAOk dioenez, eskariaren eta eskaintzaren logikari jarraituz, arrain irina garestitu egingo da datozen urteetan. Gaur-gaurkoz, Peru da arrain irin eta olio ekoizle eta esportatzaile handiena; halaber, Txina da munduan arrain irin gehien kontsumitzen duen herrialdea, eta Norvegia arrain olio gehien kontsumitzen duena; bi-biek akuikultura industrietarako erabiltzen dituzte.


Pentsu berriaren digerigarritasuna eta efizientzia probatzen ari dira piszifaktorietako arrainekin. / AZTI


Hornidura arazoak aurreikusi arren, arrain haztegientzat arrain irina eta olioa dira preziatuenak oraindik ere: nutrizio eta digerigarritasun balio handiagatik. Hain zuzen ere, Life Brewery proiektua emaitza onak lortzen ari da arlo horretan. «Elikagaiaren digerigarritasuna probatzen ari gara. Lortu dugun pentsuak nutrizio kalitate handia dauka, baina frogatu behar dugu arrainak aprobetxatzen duela nutrizio kalitate guztia». San Martinek espero du urtea amaitu baino lehen amaitzea nutrizio efizientziaren probak.

Teknologia jasangarriagoa

Lehen faseak emaitza ona izan du dagoeneko: garagar patsarekin eta legamiarekin arrainentzako pentsua sortzeko prozedurarena. Laborategi eskalan eta eskala industrialean egin dute proba, eta emaitza onak izan dituzte.

Aztiko kideak esan du erronka nagusietako bat izan dela modu egokiena aurkitzea garagar patsaren eta legamiaren hezetasun handia %10era jaisteko. «Deshidratazio prozesuetarako teknologia tradizionala energia termikoan oinarritzen da, baina garestiagoa da, eta eragin handiagoa du ingurumenean».

Horregatik, bi teknologia uztartu dituzte: batetik, deshidratazio mekanikoa, dekantazioan oinarrituta —hezetasuna %55era apaltzen du—; bestetik, deshidratazio termikoa, hezetasuna %10era murrizteko. Bete dute helburua. «Prozesu efizienteagoa eta jasangarriagoa lortzen da».

San Martinek adierazi du negozio eredua garatzeko erabiliko dutela datorren urtea, arrainen digerigarritasun eta nutrizio efizientziaren probak gaindituta. «Asmoa da garagardogileek euren fabriketan txertatzea instalazio bat bertan ekoizteko arrain haztegietarako pentsua». Dagoeneko harremanetan daude marka handiekin, eta begi onez ikusten dute proiektua.

Plastikozko uztaien ordez, animaliek jateko modukoak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.