Plastikozko uztaien ordez, animaliek jateko modukoak

Garagardogileen sektorea bioekonomiara eta ekonomia zirkularrera jotzen ari da, paketatzeko plastikoaren lorratz ekologikoa txikitzeko asmoarekin. Marka handi asko ari dira garatzen plastikoa ordezkatzeko modu jasangarriak.

Jon Fernandez.
2019ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun

Gizakiak 8.300 milioi tona plastiko sortu ditu. Merezi du konparazioa egitea plastikoaren izurriaz jabetzeko: 1.000 milioi elefanteren pisua edo 822.000 Eiffel dorreren pisua adina plastiko. AEBetako Georgiako Unibertsitateak eman du datua, eta zehaztu du gizakiak historian zehar sortutako plastikoaren %9 baino ez duela birziklatu. Gainera, etorkizunerako iragarpenak ez dira itxaropentsuak: urtero zortzi milioi tona plastiko joaten dira itsasora, eta, Ellen MacArthur Fundazioaren arabera, 2050. urterako itsasoan plastiko gehiago egongo da arrainak baino.

Garagardoaren sektorea jabetu da plastikoak ingurumenean egiten duen kalteaz, eta, batez ere, jabetu da zer onura ekonomiko dakarzkion kalte hori saihesteko ahalegintxoa egiten duela erakusteak. Gero eta kontsumitzaile gehiagok estimatzen dute euren gustuko garagardo markek ingurumenari kalterik ez eragitea, edo, gutxienez, ahalik eta kalterik txikiena eragitea.

Eta, plastikoz jositako itsasoaren irudi ikonikorik badago, hori da garagardo edo freskagarri latak dozena erdika lotzen dituen plastikozko uztaiena, zulo artean arrainak, dortokak eta hegaztiak harrapatuta agertzen direla. 2016an, Mexikoko ekintzaile talde batek eta Miamiko (AEB) Saltwater Brewery garagardo konpainiak irudi hori errepikatzearen aurkako neurri bat hartu zuten: latak seinaka elkartzeko uztai biodegradagarriak asmatu zituzten.

Bioekonomia eta ekonomia zirkularra uztartu zituzten, eta garagardoaren ekoizpenean bertan sortutako hondakinak erabili lehengai gisa —gari patsa eta legamia—, Azti fundazioak gidatutako Life Brewery proiektuak Europan egiten duen bezala arrain haztegietako pentsua sortzeko asmoz. Hartara, garagardo latak paketatzeko sistema berria birziklagarria da, eta ez du kalterik eragiten itsasoan amaituz gero ere, animaliek jan egin baitezakete.

Aukera biodegradagarriak

Plastikoa ordezkatzeko joera indartzen ari da garagardoaren sektorean. Damm konpainia katalana, esate beterako, kartoizko paketatze sistema %100 biodegradagarria probatzen ari da Estrella Damm markarekin, bakar-bakarrik «modu jasangarrian» kudeatutako basoetatik datozen zuntz naturalak erabiliz.

Edari alkoholdunen Diageo nazioarteko taldeak ere plastikozko uztaiak ezabatu nahi ditu bere garagardo marketan; tartean, Guinness. Irlandako garagardo beltzak kartoi birziklagarri eta biodegradagarriarekin ordezkatuko ditu plastikozko uztaiak, eta, horrela, urtean 400 tona plastiko gutxiago ekoitziko ditu.

Halaber, irailean, Danimarkako Carlsberg konpainiak ere aurkeztu zuen sistema berri bat plastikozko uztaiak ordezkatzeko: birziklatu daitekeen sistema itsasgarri bat sortu du. Bioekonomia eta ekonomia zirkularra indarrez sartu dira garagardoaren sektorean.

Garagardoak hazitako arrainak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.