358 pertsona pasatu dira Hendaiako atxikitze zentrotik 2018. urtean

Paperik gabekoek atxikitze zentroetan bizi duten bortizkeria salatu du Cimade elkarteak
Migratzaileen harrera hobetzea eskatzeko manifestazioa, Hendaiako atxikitze zentroaren aitzinean.
Migratzaileen harrera hobetzea eskatzeko manifestazioa, Hendaiako atxikitze zentroaren aitzinean. GORKA RUBIO / FOKU

Ekhi Erremundegi Beloki -

2019ko ekainak 5
Agorril bukaeran iraganen den G7koen gailurrerako erabat hustuko dute Hendaiako atxikitze zentroa (Lapurdi), Cimade elkartekoen hitzetan, bertan diren poliziak muga zaintzera bideratzeko. Horregatik, azken asteetan gero eta pertsona gutxiago dute bertan atxikia. Bost paperik gabeko daude oraintxe, Aurelie Garnier laguntzaile juridikoaren arabera. Cimaderentzat lan egiten du, atxikitze zentroan berean. Paperik gabekoek dituzten bizi baldintzen bortizkeria salatu du, atxikitze zentroen urteko balantzea aurkeztean.

2018an, 358 pertsona egon ziren atxikiak Hendaian. %93 gizonak ziren; %4,5, emazteak. Hemeretzik adingabe gisa aurkeztu dute beren burua, baina administrazioak adindunak zirela ebatzi du. Gehiengoa magrebtarra da (%45), gainerako gehienak Saharaz hegoaldekoak, baina badira Europa ekialdeko herrialdeetakoak ere. Gehienak presondegitik bidaliak izan dira, edo karrikako, errepideetako edo mugako polizia kontroletan atzeman dituzte.

Preso atxikiak direnen bizi baldintza bortitzak azaldu ditu Garnierrek: «Batzuek arazo psikiatrikoak dituzte, batzuk eri dira. Andeatze anitz bada, lapurretak, beren buruaz beste egiteko edo automutilatzeko saiakerak». Berriki, paperik gabeko talde bat atxikitze zentrotik ihes egiten saiatu da. Horietako bi berriz atzeman zituzten Irun(Gipuzkoa) eta Hendaia arteko mugan. «Batzuek galdetu izan digute ea presondegira itzul daitezkeen, han hobeki direlako».

Urtarrilaren 1etik, 90 egunera igo dute paperik gabekoek atxikitze zentroan gehienez ere pasatu dezaketen denbora, baina hamazazpi egun egiten dituzte batez bestean. Ondoren, gehienak libre uzten dituzte, egoera legalik gabe. Izan ere, Frantziako Gobernuak atxikitze zentroetan sartzen ditu maiz, sorterrian haiek hartzea onartu arte; baina gehienek ez dute erantzuten, eta, ondorioz, paperik gabekoak libre uzten dituzte. Gutxi batzuei obligaziozko bizilekua ematen diote; laurden bat baizik ez da kanporatua —%10 Schengen eremuaren barruan; %15, kanpora—. Baina aldaketak badirela azaldu dute Cimadeko kideek. Gineako kasua azpimarratu dute. «Aurten bi bisita ofizial izan dira: Frantziako presidentearena lehenik, eta Barne ministroarena ondoren. Geroztik, ginear jatorrikoak haien herrialdera itzultzea onartzen hasi dira. Gure ustez, bada lotura», adierazi du Cimadeko kide France Bonillok.

Asilo eskaera

Frantzian asilo eskaera egitea da Afrikatik datozen migrante anitzen xedea, baina Espainiatik sartzen direnek ez dute horretarako aukerarik, Dublingo prozedurak zapaldu duten lehen herrialdean eskatzera behartzen baititu. «Espainiara iristen direnean, hatz markak hartzen dizkiete. Ondorioz, Europa guztiko zerbitzuek dakite Espainiatik sartu direla Europara», deitoratu du Helene Ducarre Cimadeko kideak. Hala ere, gehienek saiatu nahi izaten dute, eta Baionara iristen dira. Pausa zentroan hartzen dute aterpe, Frantziara buruz bidea segitu aitzin. Adingabeko gisa onartua izatea da anitzen esperantza, baina hor ere trabak besterik ez dute aurkitzen. Pausatik pasatu diren 229 gazteetatik 61 baizik ez dituzte adingabe gisa onartu.