Auzitegiak biktima gisa ezagutu du Lola Villabriga

G7koen goi bileraren karietara Miarritzen herriko neska hori zauritu zuen poliziari 1.350euroko isuna ezarri diote. Haserrea eragin du epaiak

Lola Villabriga eta haren abokatua, auzitegira sartzen. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Frantziako Poliziak guztiz inguratua zuen Baionako Auzitegia atzo goizean. Polizia indarkeriaren gaia pil-pilean dagoen honetan, Lola Villabriga zauritu zuen polizia epaitu zuten bertan. Hobendun gisa aurkeztea erabaki zuen gizonak hasieratik, eta, fiskalak proposatutako zigorra onartu zuen: 15euroko isuna pagatu beharko du 90 egunez jarraian, «nahigabeko bortizkeriagatik». Juridikoki beharrezkoa ez bada ere, parte zibilaren defentsak audientzia bat eskatu zuen, polizia indarkeria salatu, eta erabiltzen dituzten armen debekua eskatzeko.

Izan ere, epaileak onartu zuen Lola Villabriga parte zibil egitea; hala, biktima gisa ezagutua da neska gaztea. Zigor arinak haserrea eragin zuen kanpoaldean. Sophie Bussiere abokatuak, berriz, baikortzat jo zuen Villabriga «biktima gisa ezagutua izatea». Edonola ere, datorren irailaren 17an kalte-ordainen estimazioa egiteko txostena eskatuko du abokatuak. Saioaren ondotik, poliziak biktimarekin hitz egiteko gogoa adierazi zuen, eta «damutzen» dela esan zion. «Pixka bat eztiturik» atera zen gazte miarriztarra auzitegitik.

2018ko abenduaren 18an izan ziren gertakariak, Miarritzen (Lapurdi): G7koen goi bilera antolatzeko bisita bat egin zuen Jean-Yves Le Drian Frantziako Atzerri ministroak. Protestak izan ziren. Neska gaztea aulki baten gainean zutik zegoela LBD40 jaurtigailuarekin egin zion tiro poliziak. Haustura hirukoitza eragin zion aurpegian. Poliziaren abokatu Guillaume Sapatak «istripuz gertatu» zela argudiatu zuen atzo. «Poliziak jasaten duen bortizkeria» ere ekarri zuen gogora, eta gaineratu zuen Polizia beharrezkoa dela gizartearen «segurtasuna bermatzeko».

Villabrigaren abokatu Bussierek salatu zuen, berriz, poliziek erabiltzen dituzten armek «askatasuna murrizten» dutela eta «manifestatzeko askatasuna arriskuan» jartzen dutela. Lekukotasun morala eman zuen Ian B. Desarmons Les kolektiboko kideak. LBD jaurtigailuak «gerrarako baliatzen diren armak» direla esan zuen. Azaldu zuen Frantziako Estatuan azkarki emendatu dela Poliziak zauritutakoen kopurua: «Urte bakarrean, 29 pertsonak galdu dute begia. Aurreko hogei urteetan, 35ek».

Zaurituak, justiziaren zain

Ereduarentzat Mutilatuak kolektiboko hainbat kide, eta, dozenaka jaka hori joan ziren Villabriga miarriztarra sostengatzera. Horien artean, Antoine Boudinet: eskua galdu zuen Bordeleko (Okzitania) manifestazio batean granada baten ondorioz; eta, Vanessa Langard: begia galdu zuen LBD40 jaurtigailu tiro batengatik, Parisen. Justizia eskatzeko oihuak izan ziren nagusi.

Bestalde, bertaratu ziren hainbat lagun identifikatu zituen Frantziako Poliziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.