Albistea entzun

AEBek Europari ezarritako zergak kentzeko urratsa egin du Airbusek

Estatuek emandako maileguen interesengatik gehiago ordainduko du, Washingtonek eskatu bezala. Hori dela-eta igo zituen zergak
FOCKE STRANGMANN / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2020ko uztailak 25

Baliteke su-etena iristea AEBen eta Europaren arteko zerga mugen auzira. Airbusek akordio bat egin du Frantziako eta Espainiako gobernuekin bi estatuek ematen dizkioten interes baxuko mailegu itzulgarriengatik gehiago ordaintzeko. Horrela, AEBek egindako eskaeretako bat onartu du Europako hegazkin ekoizleak. Hamasei urte baino gehiago dira auzia Nazioarteko Merkataritza Erakundean (NME) dagoela. Washingtonek estatu laguntzatzat jotzen ditu kreditu horiek, eta uste du horrek Airbusi abantaila komertziala ematen diola AEBetako Boeing aurkariaren gainetik.

 

Iazko urrian, MMEk 7.500 milioi euroren zigorrak ezartzeko baimena eman zien AEBei, eta Trumpen gobernua diru hori jasotzen ari da Europako hainbat produkturi ezarritako zergen bidez: ardoari, gaztari, txerri haragiari eta oliba olioari, besteak beste. Ekoizleentzat ezinbesteko merkatua da AEBetakoa, eta, erabaki horrengatik, nabarmen murriztu zaizkie salmentak han, produktu horiek garestitu direla eta. Washingtonek, gainera, asmoa zeukan zerga horiek abuztuan igotzeko; ikusteko dago Airbusen erabakiak eraginik izango duen.

Neurri batean, Europako herrialdeen eta muga zergek kalte handiena egin dieten sektoreen presioagatik egin du urratsa hegazkin ekoizleak. Uste du MMEren agindu guztiak betetzen ari dela, eta Europaren interesen alde jokatu duela. «Airbusek erakutsi du ahal duen guztia egin duela konponbidea aurkitzeko. Babes seinale argia da AEBek ezarritako muga zergen eragin larria jasaten dutenentzat», azaldu du Guillaume Faury kontseilari ordezkariak.

Ohar batean, adierazi du AEBek jada «aitzakiarik» ez dutela muga zergak gutxitzeko. «Industria sektore guztiei kalte egiten ari zaizkie, AEBetako airelineak barne». Konpainiak azaldu du «egoera oso zail batean» hartu behar izan duela erabakia, eta azpimarratu COVID-19aren krisia dela-eta «inoiz ez bezalako» egoeran dagoela sektorea. Merkataritzarako hegazkinen jarduera %50 inguru murriztu da, eta, ondorioz, modelo berrien produkzioa nabarmen urrituko da.

Atzo jakinarazitako erabakiaren inguruan, Airbusek ez du zehaztu zenbat gehiago ordaindu beharko duen hemendik aurrera Frantziak eta Espainiak emandako maileguengatik; azaldu du MMEk interes tasaren eta arriskuen ebaluazioaren erreferentzia indize egokien arabera egokituko dutela hori, baina datua konfidentziala dela.

Egungo egoera ikusita, hegazkin ekoizleak ez du lanez gainezka zebilenean bezainbeste galduko. Trukean, eta betiere AEBek beren zerga politika malgutzea erabakitzen badute, Europako beste sektore batzuei egin diezaieke mesede haren erabakiak.

Kontraerasorako prest

Nolanahi den, auzia ez da amaitu. Orain, ikusteko dago zer gertatzen den Europako Batasunak Boeingen kasuan NMEn jarri zuen salaketarekin. Izan ere, Bruselak Washingtonen bide bera hartu zuen, eta AEBen kontra jo zuen hango hegazkin ekoizleari eskaintzen dizkion abantailengatik —salbuespen fiskalak, besteak beste—. Auzi horren ebazpena uda honetan iristea espero da.

Ohar batean, Europako Batasunak esan du gatazka irtenbide negoziatu batekin ixtea espero duela. Dena den, ohartarazi du Airbusen erabakiaren ondoren AEBek jarreraz aldatzen ez badute zuzenbide komunitarioa baliatuko duela zigorrak ezartzeko. 2019ko apirilean, Batasunak azterketa bat egin zuen baloratzeko AEBetako zer produkturi ezarri muga zergak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kaiet Barberarena, Iholdiko Landaia etxaldean, Kintoa arrazako bere zerrien parkean, joan den ostiralean. ©I.E.

Laborariak kezkatu ditu prezioen goititzeak

Iñaki Etxeleku

Hazkuntzarako kanpoan erosi bazka, ongailu eta erregaien prezioak goratu izanak kinka gaiztoan ezarri ditu laborari franko. Iholdiko Landaia etxaldean ere bai, nahiz autonomia bilatzeak arriskua arintzen dion. Erresilientzia planeko dirua banatzeko Frantziak finkatu arauak, gainera, bazter utzi ditu ehunka etxalde.
Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia sailburua, Eusko Legebiltzarrean, gaur. ©Irekia

Europako funtsetatik 1.090 milioi euro jaso dituzte Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak

Iker Aranburu

Eusko Jaurlaritza kexu da funtsen banaketa oso motel doalako, eta etsita dago Espainiako Gobernuaren banaketa zentralistarekin.

Nafarroako bost errepidetan bidesariak ezarriko zaizkie kamioiei 2024a baino lehen
Iruñeko alde zaharrean, udaletxe plazan terraza bat. ©Idoia Zabaleta / Foku

Ukrainako gerrak eta inflazioak ez dute moteldu Nafarroako ekonomia

Joxerra Senar

Lehen hiruhilekoan %1 hazi da, aurreko hiruhilekoko erritmo berean, industriak eta zerbitzuek bultzaturik.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...