Gaur amaituko da Yemengo menia, gatazka konpontzeko urratsik gabe

Akordioetan jasotakoa ez betetzea egozten diete huthiek Saudi Arabiari eta Adengo gobernuari

Gatazkaren eraginez desplazatutakoen kanpaleku bat Yemengo hiriburuan, Sanan. YAHYA / EFE.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Ziurgabetasuna da nagusi Yemenen. Gaur da amaitzekoa apirilean hasi eta ekainean beste bi hilabetez luzatu zuten su etena. Gaurtik bi dira aukera posibleak: gerra berriz hastea edo menia luzatzea. Hans Grundberg NBE Nazio Batuen Erakundearen Yemenerako ordezkariak bultzatu zuen su etena gatazkako bi aldeen artean: Saudi Arabiak gidatzen duen nazioarteko koalizio militarra —Abd Rabu Mansur Hadi Yemengo presidentearen gobernua babesten duena—, eta matxino huthiak. Azken horiek kontrolpean dute Yemen iparraldeko eremu ia osoa.

Epea amaitzear zela, eta aldeek mugimendurik egiten ez zutela ikusita, Grundberg joan zen astean heldu zen Yemen hegoaldeko Aden hirira —nazioarteak onartutako gobernuak bertan du egoitza—, su etena berriro ere luzatzeko elkarrizketak hasteko asmoz. Yemenen ez ezik, Adenen aliatu diren Saudi Arabiako eta Jordaniako hiriburuetan ere egon zen NBEren ordezkaria; baita Omanen ere, zeinak bitartekari rola hartu duen.

Meniak gatazka lausotzeko balio izan badu ere, ez dio arazoaren muinari aurre egiten. Hori berretsi dio Al-Jazeera telebista kateari Mohammed al-Samei Yemengo kazetariak: «Ez dago adierazlerik esateko bi aldeak prest daudela gerrari amaiera emateko». Aldiz, meniak iraun duen bitartean etengabeak izan dira su etena urratu izana elkarri egotziz egindako salaketak. «Batak ez du besteak esandakoa sinesten. Hori izan da arazo nagusia hasieratik, eta egoerak ez du hobera egin», azaldu du Al-Sameik. Adostutakoa bete ez izana egozten diete matxino huthiek Saudi Arabiak gidatutako koalizio militarrari eta nazioartearen aitortza duen gobernuari. Izan ere, akordioaren arabera, huthiek kontrolatzen dituzten azpiegituren gaineko blokeoa kentzeko konpromisoa hartuzuen Riadek apirilean —Hudaidako portua da azpiegitura horietan garrantzitsuena—.

Al-Sameiren iritzi berekoa da Adel Dashela Yemengo ikertzaile politikoa. Haren ustez, su etena ez da aski izango gatazka amaitzeko: «Yemengo milizia guztiak armagabetu gabe eta legezko agintea berrezarri gabe, menia luzatzeak edo erdibideko akordioek ez dute balioko luzera begira». Ikertzaile politikoaren ustetan, su etena kaltegarria ere izan liteke, Yemen zatituaren statu quo-a betikotu dezakeelako, herrialdea bitan zatituz: matxino huthiak iparraldean, eta gobernua eta haren aliatuak hegoaldean.

Zatiketa horren aldekoa da, ordea, Amr al-Bidh Hegoaldeko Kontseilu Trantsizionaleko kidea, eta Yemen hegoaldean gobernu autonomoa osatzea defendatzen du. Hark uste du su etena luzatuko dela, baina ohartarazi du zentzugabea litzatekeela gerraren arriskua erabat baztertzea. Horren harira, Adengo gobernuak iragan astean hartutako erabakia estrategia aldaketaren seinale izan daiteke: herrialdeko defentsa ministroa aldatu baitute.

Menia, zibilen mesedetan

Gatazka konpontzea konplexua denean, su etenak izaten dira luze gabeko irtenbiderik bideragarrienak, bereziki herritarrentzat. Izan ere, lau hilabeteotan nabarmen gutxitu da hildako kopurua, baita giza eskubideen urraketak ere. Horrez gain, errazagoa izan da herritarrentzat erregaia lortzea edota herrialdean zehar mugitzea; matxinoen kontrolpean den Sana hiriburuan bertan berriz hasi dira Jordaniarako eta Egiptorako hegaldiak.

Beste asko bezala, Fatima Amri 24 urteko gazteak menia luzatzea gura du, gerra pizteak eskubideak eta mugitzeko askatasuna mugatuko dizkielako. Horrez gain, Amrirentzat, menia ez luzatzea «desengainua», eta giza eskubideen aurkako «erasoa» litzateke: «Gatazkak kartzela bihurtu zuen herrialdea, eta su etenak kartzela horren zati bat irekitzen lagundu zuen».

Gerra 2015ean piztu zen,eta, ordutik, ia 400.000 lagun hil ditu. Gainera, 13 milioi pertsona daude gosete larria pairatzeko zorian. Hori dela eta, menia luzatzeko eskaria egin diete herrialdean diren nazioarteko nahiz bertako gobernuz kanpoko erakundeek aldeei, gogoraraziz lau hilabetekoa izan dela herritarrek zazpi urtean izan duten «lasaitasun eperik luzeena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.