Lau egunean osasun arloko bi zuzendarik utzi dute kargua

Miren Dorronsoro Osasun Publikoko buruaren kargua uztea onartu du Jaurlaritzak. «Indarkeria psikosozialagatik», kexak zeuden haren aurka

Miren Dorronsoro, bigarrena eskuinetik, gripearen txertaketa kanpainaren aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Jon Rejado.
2018ko urriaren 31
00:00
Entzun
Joan den ostiraletik Osasun Saileko zuzendari bat eta Osakidetzako beste bat galdu ditu Eusko Jaurlaritzak, zuzendariek eurek kargua uzteko asmoa agertu ostean. Txema Unanue Osakidetzako Larrialdietako zuzendariak eman zuen dimisioa joan den ostiralean, larrialdi zerbitzuak bateratzeko asmoarekin desados. Atzo, berriz, Miren Dorronsoro Osasun Publikoko eta Adikzioetako zuzendariaren kargugabetzea onartu zuten gobernu kontseiluan. Dorronsorok berak eskatu du kentzea, erretiroa hartu behar baitu.

Dorronsororen kargugabetzea, hala ere, garai berezi batean dator. El Mundo egunkariak jakinarazi zuen Dorronsororen aurkako salaketak jarri dituztela haren ardurapeko sei langilek, «indarkeria psikosoziala» leporatuta. Uztailean egin zuten urrats hori, eta salatu zuten Dorronsorok «tratu umiliagarria, diskriminatzailea, iraingarria eta biolentoa» ematen ziela. Behargin horien arabera, «tarteka» gertatzen zen hori, baina azken bost urteetan, modu jarraituan.

Eusko Jaurlaritzari argibideak eskaturik, ez du ukatu salaketak jaso dituela, Adierazi du zenbait langilek «kexak» aurkeztu zituztela. Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren barruan txosten bat abiarazi zuten egoera aztertzeko; aurtengo uda aurretik egin zuten urrats hori. Prozedura horren barruan, deklarazioa hartu diete Dorronsororen jarduna salatu zuten langileei, baita prozesuan zeresana duten beste pertsona batzuei ere. Halaber, Jaurlaritzak gaineratu du «inguruko pertsonekin» ere hitz egin dutela laneko giroari buruzko informazioa jasotzeko. Gobernuko iturrien arabera, protokolo batek ezartzen ditu horrelako kasuetan eman beharreko pausoak.

Ikerketa hori «amaitzear» dagoela jakinarazi dute Gobernantza Publikoko Saileko iturriek. Behin txostena eskuan, Osasun Saileko arduradunei bidaliko diete. Iturri horien arabera, bien bitartean, Lan Arriskuen Prebentzioko Zerbitzuak zenbait neurri abiaraziko ditu kexaren ondorioz. Neurri horiek Osasun Publikoko eta Adikzioetako Zuzendaritzara bideratuko dituzte. Dena den, ez dute eman neurri horien nondik norakoen berri.

Erretiroa, aurretik eskatuta

Eusko Jaurlaritzako iturriek nabarmendu dute Dorronsorok erretiroa hartzeko asmoa jakinarazia zuela bere aurkako kexa horien berri eman aurretik. Alegia, adierazi dute zuzendariaren kargua uzteak ez duela zerikusirik haren kontrako salaketekin. Are, Jon Darpon Osasun sailburuak garrantzia kendu zien kexei, salaketak ezagutarazi zirenean: «Osasun Sailean, Osakidetzan eta osasun zentro guztietan pertsonok pertsonekin egiten dugu lan».

Dorronsororen ordezkoa zein izango den jakinarazi zuten atzoko gobernu kontseiluan: Juan Jose Aurrekoetxea izendatu dute Osasun Saileko Osasun Publikoko eta Adikzioetako zuzendari. Bilbon jaio zen, 1955. urtean. Medikuntzan lizentziaduna da, eta espezializatua dago Laneko Medikuntzan, Prebentzio Medikuntzan eta Osasun Publikoan. Osasun Saileko funtzionarioa da, eta Biodonostian ikertzaile izan da. Halaber, Osasun Sailak nabarmendu du ikerketa proiektu ugarietan parte hartu duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.