Negu gorrian elkartasun bizia

2019ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Ozeanoz beste aldean, Uruguaiko hiriburu den Montevideon, Euskal Herriaren aldeko elkartasun sugarrak bizirik dirau. Hogeita bost urte pasatuta ere. Bitxia da, horrelako kopuruak zenbakiz jarriz gero, —25— ez du horrenbeste denbora denik ematen. Horregatik, hogeita bost idatzi dut, letraz letra. Letrarik letra eta urterik urte abuztuak 24 data esanguratsua da, urtero egin ohi baita manifestazioa, Obeliskotik abiatuta, Artigas bulebarrean zehar eta Filtro-raino. Aurten ere bai, ez baitute ahaztu 1994ko abuztuaren 24an, gose greba egiten ari ziren hiru euskal errefuxiaturi babesa azaltzen ari ziren hainbat lagunei Polizia oldartu zitzaiela Filtroko ospitalearen atarian, hainbat eta hainbat lagun balaz zauritu, eta Fernando Morroni gaztea tiroz hil zuela polizia batek; eta gau horretan bertan, Roberto Facal argazkilariari ere labankadaz eraso egin ziotela ezezagun batzuek, eta berta hil.

Fernando Morroni zenaren familia ezagutzeko ohorea izan dut, eta haren ama Normak emandako oroigarri xumea begien aurrean daukat, baina ez dut horren beharrik Normaren begirada gogoratzeko: duintasuna darie Normaren begiei, abuztuaren 24ko manifestazioan pankartari eusten diolarik, hogeita bost urtez, —letra guztiekin idatzia—.

Hogeita bost urte iragan dira. Fernando Morroni hil eta biharamunean, gaztearen gorpua zetzan beilategira euskal errefuxiatu talde ttipi bat hurbildu zen, azken agurra emateko asmoz. Kalea jendez mukuru egonik ere, euskaldunak hilkutxa zegoen tokiraino igo ziren; hilkutxaren ondoan, Norma Morroni. Orduan gertatu zen: bi emakume, uruguaitarra bata, euskalduna bestea, haien arteko bi hitz eta besarkada trinko bat, burkideak eta minkideak, bat eginda.

Filtroko sarraskia zizelkatuta gelditu da Uruguaiko herriaren gogoan, Uruguaiko herritarrak euskaldunen babes eskubidearen alde borrokatu baitziren, gogor borrokatu ere. Ozeanoz alde honetatik, gure omenaldia eta gorazarre, hor egon direlako, eta badaudelako. Baiki, Filtro-n gertatutakoa Uruguaiko historian mugarri izateaz gain, euskal memoriaren atal garrantzitsu bat ere badelako.

Uruguairen eta Euskal Herriaren arteko lotura ez da eten. Izan ere, zer da, bada, ozeano bat, ur potxingo bat baizik, elkartasunaren sugarra itzaltzerik ez duena, hango negu gorrian bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.