Ariguneak bilatzeko unea

Datorren urteko Euskaraldian parte hartuko duten entitateen lagin bat aurkeztu dute Bilbon

Euskaraldiarekin bat egin duten hamabost entitatetako ordezkariak, atzo, Bilboko Itsas Museoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2019ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Datorren urteko Euskaraldirako giroa sortzen hasi da jada. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango da, baina, pixkanaka, ari dira izena ematen ariketa sozial horretan parte hartu nahi duten entitateak. Atzo horietako hamabost agertu ziren jendaurrean, beren konpromisoa erakustera. Edozein tamaina, izaera edo jatorri izan dezakete entitateok, eta horren erakusle izan zen Euskaltzaleen Topaguneak eta gainerako erakundeek Bilbon aurkeztutako lagina.

Izena eman duten entitateetako bat da Duguna, Iruñeko dantza taldea. Batez ere gaztelaniaz jardun izan direla azaldu du Aritz Ibañez kideak: «Baina duela zazpi urte gure Euskaraldi propioa egitea erabaki genuen». Dantzarietako asko euskaldunak ziren ordurako, eta hizkuntza ohiturak aldatzea erabaki zuten. «Entseguetan euskaraz egiten hasi ginen, eta horrek dinamika zabalago batera eraman gaitu: egun, entseguetatik kanpo ere izugarri igo da euskararen erabilera». Iaz kide gehienek hartu zuten parte Euskaraldian: «Jakin gabe, arigune izan ginen, eta datorren urtean kontzientzia osoz izanen gara».

Horixe izango baita bigarren Euskaraldiak ekarriko duen jauzia: pertsonen hizkuntza ohiturak aldatzea ez ezik, taldeetako harremanetan ere eragin nahi du. Hortaz, entitateek protagonismo berezia izango dute euskaraz aritzeko guneak zabaltzeko eta areagotzeko. Ikuspegi horrek beste berritasun bat ekarriko du: ahobizi eta belarriprest rolez gain, ariguneen kontzeptua sortu dute. «Euskaraz lasai egiteko gune babestuak izango dira», Rita Aldabaldetreku Euskaraldiko koordinatzaileak azaldu duenez.

Euskaraz une oro hitz egiteko aukera bermatuko dute eremu horiek: «Arigunea osatzen duten kide guztiek euskara ulertu behar dute, eta euskaraz hitz egin nahi dutenekiko aldekotasuna adierazi behar dute». Entitateen barrura zein kanpora begira egon daitezke ariguneok: lehenen helburua da barruko funtzionamendua euskaraz izatea, eta bigarrenena, euskarazko zerbitzua eskaini ahal izatea.

Horretan ari dira izena eman duten entitateak: ariguneak identifikatzen, sortzen eta bultzatzen; izan ere, baldintza horiek betetzea ezinbestekoa izango da parte hartzeko. Kutxabankeko ordezkari Eduardo Ruiz de Gordejuelak berretsi du inplikazio handiagoa eskatzen duela 2020ko Euskaraldiak, baina emaitza onak espero dituztela: «Nahiko erakunde elebiduna dugu ezagutzaren eremuan, baina orain erabilerari heldu nahi diogu».

Entitateek datorren urteko uztailera arte izango dute zabalik izena emateko epea; ondoren, ahobizi eta belarriprest roletan arituko direnek 2020ko irailetik azarora eman ahalko dute izena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.