Zaldunbordako 'outlet'-a «legezkoa» dela berretsi du Hondarribiko Udalak

Uste du saltoki handien legeak ez diola eragiten, baina ez du baztertu auzitegietan amaitzea

Hondarribiko Zaldunborda inguruko lurrak, artxiboko irudi batean. BIDASOKO HITZA.
jokin sagarzazu
Hondarribia
2019ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Saltoki handien legeak ez dio eragiten Zaldunbordako proiektuari, Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak (EAJ) esan duenez. Onartu du udalaren interpretazioa dela hori, aditzera emanez izan daitekeela bestela; baina uste horrekin bat, Zaldunbordako makro-outlet proiektuak aurrera egin dezakeela baieztatu du, metro koadrotan eta beste ezaugarrietan jasota dagoen bezala. «Hori da gure interpretazioa. Ez naiz sartuko orain legediaren interpretazioan, edo zein bide har dezakeen honek», azaldu du alkateak, aferari buruz eginiko ezohiko udal bilkuraren biharamunean.

Sagarzazuk arrazoitu du Zaldunbordako lur eremua merkataritzarekin lotutako jarduerak egiteko dela, 2017an udalbatzarrak onartutako Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean jasotzen denez. Gogoratu du saltoki handien legea onartu baino bi urte lehenagokoa dela Plan Orokorra, eta azpimarratu du horrek emango liokeela legezko oinarria polemika handia piztu duen proiektuari.

Udalak, beraz, ez du jarreraz aldatu, asteartean saltoki handiabaimentzen zuen dekretua eten zuen arren. Eusko Legebiltzarrak saltoki handien legea onartu baino egun bat lehenago —aurtengo ekainaren 26an— plazaratu zuen dekretua alkateak. Sagarzazuk zehaztu du orain arrazoi administratiboengatik utzi duela bertan behera, enpresa sustatzaileak —Higertoki SL— bere Plan Partzialean ez dituelako zuzendu udal arkitektoak atzemandako akatsak, eraikigarritasunaren betetze mailari buruzkoak eta eremuaren antolamendu urbanistikoaren ingurukoak, besteak beste.

Bi aukera ditu orain Higertokik: helegitea aurkeztea udalak eskatutako zuzenketak egiteko—auzitara ere jo dezake— ala Zaldunborda eremurako beste Plan Partzial bat proposatzea. Nolanahi den, Hondarribiko alkateak uste du saltoki handien legeak ez lukeela eraginik izango sustatzaileen egitasmoan, hori 2017ko Plan Orokorraren garapen gisa ulertu beharko litzatekeelako. Epeen inguruan ez du zehaztasunik eman.

Eztabaida juridikoaz haratago, Sagarzazuk azaldu du udala prozesu osoan «arduraz eta zuzen» jokatzen ari dela, eta nabarmendu du «zilegitasun demokratikoa» duela egitasmoa babesteko. Onartu du Zaldunbordakoaren gisako proiektu batek askotariko «eraginak» izan ditzakeela, baina azpimarratu du «interes orokorra» kontuan hartuta «enplegua sustatzeko aukera bat» dela. «Aukera perfektuak badaude, baina batzuetan ez dira errealak», adierazi du oposizioko taldeen jarrerari eta proposamenei erantzunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.