Koronabirusa munduan

Konfinamendua arintzen hasi dira AEBetako estatu guztiak

Trump presidentea itzulera bultzatzen ari da. Osasun adituek, berriz, zuhur aritzeko eskatzen dute

Hainbat terraza irekita Connecticut estatuan. PETER FOLEY / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuak itxialdiaren arintze prozesu betean daude. Maila eta erritmo desberdinetan bada ere, dagoeneko 50 estatuetako gobernadoreek ekin diote konfinamendu neurriak laxatzeari. Hain zuzen, hilabete darama Donald Trump herrialdeko presidenteak neurri murriztaileak indargabetu eta jarduera ekonomikoa berraktibatu behar dela babesten. Osasun adituak, berriz, kontuz jarduteko deia egiten ari dira, azkarregi zabaltzeak ondorio kaltegarriak izan ditzakeelakoan. Hori dela eta, irizpide epidemiologikoetan oinarrituta jokatzeko eskatzen dute, eta fasez aldatzeko gomendatzen diren kontrol guneei segitzeko.

Hainbat estatutan apirilean hasi ziren jardunera itzultzen, eta Connecticut izan da azkena neurriak leuntzeko prozesua abiatzen; herenegun ekin zion. Horrela, dendak eta jatetxeak irekitzea baimendu dute, betiere prebentzio neurriak hartuta. Columbiako barrutiak, berriz, ekainaren 8ra arte luzatu du konfinamendua. Hala ere, datorren asteetako datuak onak badira, neurriak arintzen lehenago hasiko direla jakinarazi zuten.

Ikuspegi eta abiadura propioekin ari dira estatuak zabaltzen, eta gobernadoreen esku dago hori nola kudeatu. Georgianedota Marylanden, esaterako, neurriak arinduz joateko legediak estatu osoari eragiten die. Aldiz, New Yorken, Kalifornian eta Pennsylvanian eskualdeka hasi dira jarduerak baimentzen; hau da, positiboen beheranzko joera egonkortuta duten eta gutxien kaltetuta dauden eremuetan ekin diote neurriak leuntzeari.

Estatuek normaltasunera bidean jarraitzen badute ere, salatu dutenez, horietako batzuk ez dira ari osasun adituek ezarritako pautak betetzen, eta irekiera fasean kasuek gora egin dutela erregistratu dute. Texas da horietako bat. Hain zuzen, joan den larunbatean, egun bakarrean inoiz atzemandako positibo gehien hauteman zituzten: 1.801. Astelehenean, ordea, gimnasioak irekitzeko baimena eman zuten, hainbat murrizketarekin.

AEBak dira pandemiaren epizentroa, eta bertan daude kutsatu eta hildako gehien. Johns Hopkins Unibertsitatearen arabera, denera 1.550.000 kasutik gora detektatu dituzte, eta 93.000 pertsona baino gehiago hil dira.

Bien bitartean, Trumpek jarduerara itzultzen hasi izana txalotu zuen, eta, horrekin batera, G7koen goi bilera modu presentzialean egiteko aukera proposatu. Azaldu zuenez, hori egin ahal izatea «normalizazioaren» seinalea litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.