Kostaldetik gertuago joango da Bordele-Gatika goi tentsioko linea

Trazadura aldatu dute, arazo sismikoengatik. Datorren urtean hasi nahi dituzte lanak

Itsas azpiko zuntz optiko kablea lotzeko lanak, Sopelan. MIGUEL TOÑA / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun

Trazadura berri bat aurkeztu dute Frantzia eta Iberiar penintsulako argindar sareak konektatuko dituen egitasmorako. Bizkaiko golkotik egin nahi dute: Bordeletik gertu dagoen herri batetik, Cubnezaisetik (Akitania Berria, Frantzia), Gatikaraino (Bizkaia). Hasierako asmoa zen bide osoa itsasotik egitea, baina joan den urrian proiektuaren sustatzaileek, bidean atzemandako egonkortasun arazo geologiko batzuk zirela eta, iragarri zuten alde batera utzi zutela Capbretongo itsas arroilan zulatzeko hasierako ideia, eta alternatibak bilatuko zituztela. Bada, abuztuaren 20ko data duen txosten batean ezagutarazi dute bide berria: linea bakarra egin beharrean, itsaspeko bi konexio egin nahi dituzte, tarteko lurreko trazadura batekin, Capbreton hiria (Akitania Berria) inguratuz.

Egitasmoaren aurkako plataformek azaldu dutenez, Capbretongo itsas arroilan antzemandako arazoengatik egin behar izan dute atzera hasierako egitasmoan, baina gogoratu dute aurtengo uztailaren 10ean intentsitate txikiko beste hiru sismo izan zirela «egonkortzat kategorizatutako beste eremu batean». Kezkatuta agertu dira «hain denbora laburrean» gisa horretako hainbat arazo izan direlako, eta azpiegitura handi horren segurtasuna ezbaian jarri dute, eta diru laguntzak bertan behera uzteko eskatu diote Europako Batasunari.

Bruselak Interes Komuneko Proiektu gisa izendatu du egitasmoa. Inoiz Batasunak argindar konexioak hobetzeko emandako laguntzarik handiena du. Kostu osoa 1.750 milioira helduko dela kalkulatu dute, eta heren bat Bruselak jarriko du. Capbretongo arroilako ingeniaritza lan erraldoiari uko egin arren, hasierako aurrekontuari eutsi diote sustatzaileek. Lanak Espainiako REE eta Frantziako RTE argindar sareen kudeatzaileek osatutako Inelfe sozietateak egingo ditu. Datorren urtean hasi nahi ditu, eta 2025ean amaitu.

Lotura gehiagoren beharra

Azpiegitura horri esker Frantzia eta Iberiar penintsula arteko konexioa bikoiztu egingo da: 2.800 megawatteko gaitasuna du orain, eta 5.000 megawattera iritsiko da. Interkonexioa %6koa da gaur egun, eta kablearen bitartez iritsiko da EBk jarritako %10eko helburura. Batasunaren asmoa da epe luze batean argindarraren merkatu bateratu bat eratzea kontinente osoan.

Eusko Jaurlaritza ere proiektuaren alde azaldu da, eta adierazi izan du zer abantaila ekarriko lituzkeen: besteak beste, argindarraren prezioa jaistea, AHT abiadura handiko trenak beharko duen energia bermatzea, eta Nafarroako zentral eolikoen energia kontsumitzea erraztea.

Izan ere, goi tentsioko linea ez da Gatikan amaituko. Frantziako konexioa Bizkaitik egin nahi du Espainiak, eta handik Mediterraneoraino eraman. Hego Euskal Herriari dagokion zatiaren lanak, baina, geldirik daude, eta eztabaida iturri bihurtu dira. Gatikatik konexioa egin nahi dute Gueñesera (Bizkaia). Handik, Itsasora (Gipuzkoa), eta Castejonekin (Nafarroa) lotu.

Gatika-Gueñes eta Gueñes-Itsaso lineen egitasmoei buruz REEk apenas zabaldu duen informaziorik. Besterik da Itsaso eta Castejon artekoaz. 2018an berriz ekin zioten egitasmoari. Hirugarren aldia da azken hamarkadan Gipuzkoa eta Nafarroa goi tentsioko linea bidez lotzen saiatu direna, eta horietatik bitan saiatu dira Itsasotik. REEk iazko apirilean bidali zien egitasmoaren hasierako txostena bidean egon litezkeen udalerriei.

Baina proiektuak oposizioa gogorra du: besteak beste, inguruetako ia 500 hautetsi aurka azaldu dira, besteak beste, ingurumen arazoak argudiatuta: azaldu dute azken proposamena bigarrenaren modukoa dela, eta gogoratu REEk bertan behera utzi zuela lotura hori egiteko lehen proiektua 2010ean, ingurumen eraginagatik eta «gizartearen oposizioagatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.