Hegoaldean 150 lan ikuskatzaile falta direla salatu dute sindikatuek

Bilerak eskatu dizkiete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, prekaritateaz hitz egiteko

Bilboko Kale Nagusian hileta bat irudikatu zuten atzo, iaz lan istripuetan hildako langileen omenez. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
ELA, LAB, ESK, Steilas eta ESK sindikatuek bilera eskaera formala egin diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari prekaritateaz eta lan arriskuez hitz egiteko. Haien kalkuluen arabera, iaz, eta 2019arekin alderatuta, langileen heriotza eragin zuten istripuen kopurua %43 igo zen Hego Euskal Herrian, eta beldur dira aurten berriz igoko ez ote den. Hori eragozteko «kontrol zorrotzagoa» behar dela uste dute, eta baliabide gehiago ezinbestekoak direla kontrol lan hori egiteko.

«Europako batezbestekoekin parekatzeko, Jaurlaritzak beste 100 lan ikuskatzaile kontratatu beharko lituzke, eta Nafarroako Gobernuak, 50. Argi dago orain darabiltzaten estrategiek ez dutela eraginik; lan osasunak ez du lekurik politikak». Lourdes Eraso LAB sindikatuko lan osasuneko arduradunak atzo eginiko salaketa da hori. Sindikatuek manifestazio deigarria egin zuten Bilbon iaz Hego Euskal Herrian hildako 66 langileak gogoratzeko. Hileta bat irudikatu zuten Moyua plazatik Jaurlaritzak Kale Nagusian duen egoitzaraino. Hilkutxan «zerbitzu publikoak» idatzita zegoen. Iruñean ere elkartu ziren.

Sindikatuek hiru bilera eskaera ofizial erregistratu dituzte: Idoia Mendia Jaurlaritzako Lan sailburuarekin, eta bana Manu Aierdi eta Santos Indurainekin, Nafarroako Garapen Ekonomikoko eta Osasun kontseilariekin, hurrenez hurren. «Prekaritateaz hitz egiteko. Lan istripu pila bat geratzen direla esan nahi duegu, eta konponbidea dutela».

Sindikatuen iritziz, iazko datuek agerian utzi dute lan osasun politikak «errotik aldatu» behar direla. Horretarako eskaera zehatzak plazaratu dituzte: kontrol zorrotza erorketa eta gorputz atalen harrapaketa arriskua, edota minbizia sor dezaketen gaiekin lan egiten duten enpresetan; bi urtetako epean enpresa guztien arrisku psikosozialen azterketa egitea; prebentzio arloan zigorra duten enpresak ez kontratatzea.

Urteko lehena, Iberdrolan

Sindikatuen zifren arabera, iaz 66 langile hil ziren lan istripuetan Hego Euskal Herrian, eta aurten dagoeneko hil da aurrenekoa, Iberdrolak azpikontrataturiko enpresa bateko 36 urteko langile bat. «Eta ez da izango Iberdrolak segurtasun neurriak aplikatzeko dirurik ez duelako!», nabarmendu zuen haserre Herediak. «Azpikontrataturiko langileen interesa ezberdina da. Horren inguruan ere hitz egin nahi dugu».

Horiei lan gaixotasunen erruz hildakoak gehitu beharko litzaizkieke. Sindikatuen arabera, iaz 28 langile hil ziren amiantoarekin lan egin izanak eragindako gaitzengatik, eta koronabirusak lantegietan izandako eraginaren inguruko datuak falta zirela salatu zuen. «COVID-19ak jota hil diren langileen erregistrorik ez daukagu. Ez dago haien arrastoa jarraitzeko modurik. Kasu deigarri bat ezagutu dugu, Osakidetzaren ESI bat: 183 positibo egon ziren, eta bi bakarrik bideratu zituzten mutualitatera lan gaixotasun gisa».

Osakidetzaren kasua aipatu zuen ELAko ordezkariak; Erasok, aldiz, adinekoen egoitzetako langileengan jarri zuen arreta. «Euskal Herrian 4.007 pertsona hil ziren COVID-19arekin iaz, eta horietatik 1.430 zahar etxeetako egoiliarrak ziren. Pandemiarekin agerian gelditu da sektore horrek jasaten duen prekarizazio maila. Sektore oso feminizatu bat da, gainera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.