Etorkizunaren aldeko aldarria Aiaraldean

ELA, LAB, ESK eta Steilasek deituta, protesta jendetsuak egin dituzte Amurrion eta Laudion. Oihartzun zabala izan dute lanuzteek ere

Dozenaka eta dozenaka lagun bildu ziren Laudioko kaleetan zehar egin zuten manifestazioan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
aitor biain
Laudio
2021eko martxoaren 6a
00:00
Entzun
«Gaur Tubacex da, baina bihar Aiaraldeko beste edozein izan daiteke. Herrian elkar babestu behar dugu; zerbait gelditzen bada, gurpila gelditzen baita, eta gurpila gelditzen bada, denok gelditzen baikara». Laudioko herriko plazan zegoen atzo Unai Arregi Tubacexeko langilea, bekokia ilun, eta hitzetan ere itxaropen printza gutxi zuela. Ez da gutxiagorako: 24 egun daramatzate greba mugagabean, zuzendaritzak iragarritako kaleratzeak salatzeko. 134 langile kalean uzteko mehatxua dute mahai gainean. Garai zaila izan arren, herritarren babesa eskatu zuen. «Herria zurekin dagoela ikusteak asko laguntzen du».

Mobilizazio jendetsuak egin zituzten atzo Aiaraldean, enplegu eta bizitza duinak eskatzeko. ELA, LAB, ESK eta Steilasek deituta, kaleak hartu zituzten industria arloko langileek, ostalariek, merkatariek eta gainerako herritarrek, eskualdearen etorkizunaren alde. Bi orduko lanuzteak egin zituzten goizean, eta manifestazio bat egin zuten eguerdian Amurrion, eta beste bat Laudion.

Goizean goizetik hasi zituzten protestak eskualdean. Dozenaka herritar eta eragile batu baitziren Tubacexeko lantegietara egindako martxetara, grebalariei babesa adieraztera. Goizeko hamaikak jotzearekin batera, herriko plazara abiatu ziren denak ostera; txalo artean hartu zituzten bertan zain zeudenek. Ordurako, herriko ostatu eta denda askok pertsianak jaitsita zeuzkaten, bi orduko lanuztearekin bat egiteko. Erakusleihoetan «Tubacex ez itxi» kartelak irakur zitezkeen. Gainerako fabriketako langileek ere beren lanpostuak utzi zituzten manifestazioarekin bat egiteko.

«Aiaraldean lan eta enplegu duinak» zioen pankartaren atzean milaka herritar batu ziren eguerdian. Hainbat eragile, kolektibo, enpresa eta langile batzordek parte hartu zuten manifestazioan, baina guztien gainetik presentzia nabarmena izanzuten Tubacexeko eta Valvospaineko langileek. Hodi enpresa ez baita ataka estuan den bakarra: Valvospainek ere Amurrioko plantako langile guztiak kaleratzeko erregulazio txostena aurkeztu du 79 behargin denera, fabrika likidazioan sartuko delako, eta Tubos Reunidos ere larri dabil; galerak pilatu ditu azken bost urteetan eta erreskate publikoa eskatu du.

Hori bera gogorarazi zuten, hain zuzen, manifestazioaren amaieran sindikatuetako ordezkariek irakurri zuten idatzian. «Zoritxarrez, izozmendiaren muturra baino ez dira», ohartarazi zuten. Azaldu zuten bi kasu horiei gehitu behar zaizkiela behin-behineko langileen kaleratzeak, aldi baterako erregulazioan «bidegabeki» egon direnak, eta enpresa txiki, autonomo eta eskualdeko ostalari eta merkataritza sektoreen egoera «zaila». «Gure eskualdeko biztanle eta langileok egoera kritikoan gaude, eta ez ditugu zertan ordaindu sortu ez dugun krisi honen ondorioak», adierazi zuten. Eta gehitu zuten protesta «arrakastatsua» Aiaraldean enpleguaren eta bizitza duinaren alde borrokatzeko konpromisoaren hasiera baino ez zela. «Elkarrekin posible da!», adierazi zuten.

Manifestazioa amaitu ostean, Tubacexeko langile batzuk enpresa atarira itzuli ziren berriz, beren eguneroko protestan jarraitzeko. Herritarren eta eskualde osoaren babesa jaso ostean, ordea, aldarte hobearekin bueltatu ziren, Ander Urkijok aitortu zuenez. «Gaurko manifestazioak bultzada handia eman digu. Ikusi dugu eskualdea inplikatuta dagoela, eta horrek babes handia ematen du. Azkenean, enpresa asko daude egoera kezkagarrian, kaleratzeak direla edo lan hitzarmenak direla...». Laudion bizi, baina Amurrioko plantan egiten du lan.

Arratsaldean, kaleak hartu zituzten berriz. Amurrion bertan egin zuten eskualdeko manifestazio bateratua, 20:00etan, herriko plazatik abiatuta.

Urkulluren eskaria

Aiaralden protestak egiten ari ziren ordu berean, Gasteizko legebiltzarrean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Tubacexeko zuzendaritzari eta sindikatuei dei egin zien «irtenbide traumatikoak gutxitzeko bideak aztertzeko». Neurri horien artean lantegi aldaketak, erretiro aurreratuak, eszedentziak eta borondatezko irteera ordainduak aipatu zituen, zehazki.

Kontrolerako saioan, Jon Hernandez Elkarrekin Podemose-IU taldeko legebiltzarkideak egindako galderari erantzun zion lehendakariak. Enplegua mantentzeko Jaurlaritzak konpromiso argia duela esan zion Urkulluk. Hernandezek eskatu zion, ordea, enplegua erregulatzeko espedientea «erabat baztertzeko», eta gogorarazi zion enpreseak «zortzi milioi euro baino gehiago» jaso dituela laguntza publikoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.