Maliko presidentea eta lehen ministroa bahitu dituzte militarrek

Gobernuaren aurka altxatu dira, eta Bamakoko hainbat gune estrategiko inguratu dituzte

Militarrak Bamakoko kaleetan sartzen, atzo. MOUSSA KALAPO / EFE.
Iosu Alberdi.
2020ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Maliko Gobernuaren aurka altxatu zen atzo militar talde bat, estatu kolpe saiakera bati hasiera emanez. Bamako hiriburuko hainbat gune estrategiko bereganatu zituzten, eta, taldeak adierazi zuenez, Ibrahim Boubacar Keita presidentea eta Boubou Cisse lehen ministroa gatibu hartu dituzte. Altxamenduan parte hartu zuen militarretako baten esanetan, Katiko base militarrera eraman zituzten, Bamakotik hamabost kilometrora.

Altxamendua goizeko lehen orduan hasi zen. Militarrek Katiko base militarra hartu zuten, eta handik armak hartu ostean, Bamakorako bidea hartu zuten. Hainbat testiguren arabera, tiro hotsak entzun ziren hori gertatu bitartean. Besteak beste, Defentsa Ministerioa, Armadako Agintaritza eta ORTM telebista publikoaren egoitza inguratu zituzten. Hainbat hedabideren arabera, manifestari ugari atera ziren hiriburuko kaleetara, estatu kolpea babestera. Izan ere, azken hilabeteetan indarra hartu dute Keitaren dimisioa eskatzeko mobilizazioek. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, hamalau lagun hil ziren uztailaren 10ean, estatuburuaren aurkako protestetan. Hala, manifestazioen bultzatzaileek ekintzak areagotzeko deia egin zuten herenegun.

Journal du Mali egunkariak Twitter bidez zabaldu zuen Abdoulaye Daffe Ekonomia ministroa bahitu zutela «gizon armatu batzuek», 08:00 aldera. Hedabide berak adierazi zuen Asanblea Nazionaleko presidente Moussa Tiembine ere bahitu zutela, etxean zegoela. Beste hainbat goi kargudun ere atxilotu zituztela zabaldu zen; tartean, Defentsa eta Atzerri ministroak. Gerora iritsi zen militarren mezua. Presidentea eta lehen ministroa atxiki dituztela adierazi zuten.

Agintarien lehen hitzak ez ziren arratsaldera arte iritsi. Orduan, ustez Cisse lehen ministroak sinatutako agiri bat argitaratu zuten. Testuan, «armak isiltzeko» exijitu zien altxamenduan parte hartu zutenei, eta «elkarrizketa» eskatu: «Ez dago gure Mali maitearen gainetik egon daitekeen arrazoirik nazio osoarentzat kaltegarriak izan daitezkeen ekintzak aurrera eramateko».

Nazioarteko erreakzioak berehala iritsi ziren. Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak «matxinada» hitza erabili zuen gertatutakoa gaitzesteko, eta kuarteletara itzultzeko eskatu zien militarrei. Altxamenduaren aurka «beharrezko neurriak» hartzeko prest agertu zen. Frantziako Atzerri ministro Jean Yves Le Drianek ere antzeko mezua zabaldu zuen, Konstituzioari men egiteko eskatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.