Johnsonek berean segitzen du

Bere maniobrek oposizio apala dute Alderdi Kontserbadoreko parlamentarien artean. EBk jarrera bateratua nabarmendu nahi du

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa. NEIL HALL / EFE.
Irune Lasa.
2020ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Boris Johnsonek bereari eusten dio, hots, brexit-erako irteera akordioa hautsiko lukeen lege proiektuari. Badirudi, gainera, lehen ministroak lortu duela Alderdi Kontserbadorean bertan sortutako oposizioa apaltzea.

Atzo goizean zenbait parlamentari kontserbadorek zera aipatu zuten: barne merkatuari buruzko lege proiektuari zuzenketa bat aurkezteko aukera. Legeari gehitutako klausula batekin, parlamentuaren oniritzia beharko litzateke irteera akordioko konpromisoak hausteko. Alegia, Parlamentuari beto eskubidea aitortuko litzaioke.

Hala ere, azken filtrazioen arabera, Johnsonen jokamoldearen kontrako ahotsak ez dira asko kontserbadoreen artean. Zuzenketak berrogei parlamentari toryren botoa beharko luke—beste alderdi guztiek haren alde bozkatu arren—.

Bitartean, iraila amaitu aurretik lege proiektua erretiratzeko EBren ultimatumari ezezkoa eman ostean, Erresuma Batuko gobernua epelak entzuten ari da. Atzo, bizilaguna aritu zen gogorren: Irlandako Europako gaietarako ministroaren ustez, «ekintza probokatzailea izan da, sekula ikusi gabekoa». Thomas Byrne bereziki haserre agertu zen Johnsonen argudioekin: «Gezurra da; okerra da esatea Ostiral Santuko akordioa laguntzeko egin dutela».

Jarrera bateratua

Europan, batasuna eta jarrera bateratua agertzea izan zen atzo helburu nagusia. Europako Batzordeko presidente Maros Sefcovicek Europako Parlamentuko presidente David Sassoliren babesa jaso zuen; «Erresuma Batuaren esku dago orain hautsitako konfiantza berrezartzea», esan du Sefcovicek.

Ildo berean, Europako Parlamentuko alderdi europazale nagusiek adierazi zuten ez dutela babestuko EBren eta Erresuma Batuaren arteko etorkizuneko inolako merkataritza akordiorik Erresuma Batuak ez badu irteera akordioa betetzen.

Boris Johnsonen mugimenduak kritika zorrotzak jaso zituenBerlinen bilkura zuten EBko Ekonomia ministroen adierazpenetan ere. Irlandako Ekonomia ministro eta eurotaldeko presidente Paschal Donohoek «akordioei ohore egitera» deitu zuen Londres. Haren ustez, «konpromisoak betetzea ezinbesteko baldintza da etorkizuneko edozein erabakirako».

Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroak ere argi utzi zuen bere herrialdeak ez duela onartuko «EBko merkatu bakarra arriskuan jar dezakeen ezer». Eta Olaf Scholz Alemaniako Finantza ministroak ere gaia hizpide izan zuen: «Mundu guztiak daki itunak bete egin behar direla». Azkenera arte negoziatzen jarraitzearen alde agertu da Scholz; «halako eztabaidetan hori egin behar da, baina oso garbia izan behar duzu».

Ez daude gozo Alemanian. Londresko enbaxadore Andreas Michaelisek txio bat argitaratu zuen ostegun gauean, Johnsoni leporatuz elkarrizketak hondoratzeko asmoa duela: «Diplomazialari gisa daramatzadan 30 urteetan ez dut ikusi negoziazio baten horren intentziozko hondamen bizkor eta sakona. Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren arteko elkarlanean sinesten baduzu, nik bezala, ez onartu halakorik».

EBren aukerak

Bitartean, adituak hasi dira aztertzen Europako Batasunak zer egin dezakeen Erresuma Batuak irteera akordioa urratuz gero.

Irteera Akordioaren 87. artikuluaren arabera, baliteke Europako Batzordeak EBko Justizia Auzitegira jotzea, eta hark zigor ekonomikoak ezartzea. Prozesu horrek, dena den, luze har dezake. Hori bai, irteera akordioaren arabera, trantsizio epe hori amaitu aurretik urratutako konpromisoen dagokienez, Erresuma Batua beste lau urtez dago lotuta EBko Justizia Auzitegiaren jurisdikziora. Zigorrik egonez gero, eta Erresuma Batuak beteko ez balu, itunaren beste urraketa bat litzateke.

Bide bertsua litzateke irteera akordioak aurreikusten duen bost kideko arbitraje batzordearena. Hark ere ezar ditzake zigor ekonomikoak; Erresuma Batuak zigorra ordaintzeari uko eginez gero, itunaren 178. artikuluak aukera ematen dio EBri hitzarmena bera eteteko, hiritarren eskubideei dagozkienak salbuetsita.

Eta, gero, aukera gogorrena dago: uko egitea Erresuma Batuarekin merkataritza akordiorik edo beste adostasunik egiteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500