Deportazioei ateak ireki dizkiete

AEBetan urteak daramatzaten 400.000 errefuxiatu kanporatu ditzakete. Martxora arteko epea dute beste baimen bat eskatzeko

Migratzaileak lanean, Oxnarden, Kalifornian. IVAN MEJIA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Helegite auzitegiak ebatzi zuen atzo Donald Trump presidenteak bere eskumenen barruan jokatu zuela erabaki zuelarik hainbat urtez AEBetan bizi eta lan egiteko baimena izan duten 400.000 migratzaile kanporatzea. Etxe Zuriaren arabera, euren herrialdeetako egoera «arriskutsua» zelako eman zieten horiei babesa AEBetan, baina gaur egun egoerak «hobera» egin du eta beraz itzuli ahal izango lukete. Deportatuak izan daitezkeenen artean daude Haiti eta El Salvadorko indarkeriatik ihesi joandakoak.

Kanporatze aginduak behin-behineko babesa duten migratzaileei eragingo die, zehazki. Migratzaile horietako askok hamar urte baino gehiago daramatzate herrialdean, eta euren seme-alabek AEBetako herritartasuna dute dagoeneko. Trumpen gobernuak nabarmendu du «behin-behineko babesa» zena oharkabean behin-betiko bilakatu dela kasu horietan, baina ez dagoela horretarako arrazoirik, «herrialdetik ihes egitera bultzatu zituzten arrazoiak, amaituak direlako kasu gehienetan».

El Salvador, Haiti, Nikaragua, Sudan, Honduras eta Nepaldik ihesi joandako 300.000 migratzaileri eta AEBetako herritartasuna duten 200.000 adingaberi eragiten die erabakiak. Epaiaren arabera, AEBetan geratu nahi badute, beste eskari bat egin beharko dute, eta martxora arteko epea dute horretarako —datorren urteko azarora artekoa, El Salvadorkoen kasuan—.

Consuelo M. Callahan epaile kontserbadoreak argudiatu duenez, Segurtasun Nazionaleko Departamentuak dauka eskumena erabakitzeko zein herrialdetako iheslariek jaso dezaketen babesa, eta auzitegiek ezin dituzte halako erabakiak auzitan jarri.

Ameriketako Askatasun Zibilen Batasunak jarri zuen salaketa Donald Trump presidentearen erabakiaren aurka, argudiatuz «presidenteak zuriak ez direnen aurka duen diskurtsoak» baldintzatu zuela babesa kentzeko erabakia. Horrez gain, argudiatu zuten milaka migratzaile horietako askok «oinarrizkoak» diren alorretan egiten dutela lan, eta horiek kanporatuta «galera handiak» izango lituzkeela herrialdeak. Aldi berean, kanporatzeek milaka adingabe bakarrik uztea eragingo lukeela ere ohartarazi du elkarteak.

Bozek erabakiko dute

Beste hainbat gai bezala, administrazio berriaren esku geratuko da honako hau ere. Hala, azaroko bozak irabazten dituen hautagaitzak erabaki ahal izango du babes programekin jarraitu edo ez, eta deportatzeko arriskuan dauden milaka migratzaileen aurkako kanporatzeak geldiarazi edo aurrera egin.

Hala ere, salaketa jarri duen elkarteak ez du baztertzen auzia Gorenera eramatea. «Egun benetan txarra da gaurkoa urteetan AEBetan bizi eta lan egin duten milaka errefuxiaturentzat. Baina bidea ez da hemen amaitzen. Helegitea aurkezteko aukera dago, baina batez ere azaroko bozetako emaitzaren esku dago euren etorkizuna», nabarmendu du Tom Jawetzek, Amerika Progresista Erakundeko kideak.

Behin-behineko babesa emateko programa 1990eko hamarkadan jarri zuten martxanAEBek, eta El Salvadorko gerra zibiletik ihesi zihoazen herritarrak izan ziren hura baliatzen lehenengotarikoak, baina ez bakarrak. Babes hori bera eskatu zuten Bosnia eta Herzegovinako herritarrek ere gerra garaian, baita Afrikako hainbat herrialdek ere ebolaren krisian. Trumpek, baina, programaren behin-behinekotasuna baliatu du argudio gisara haren bidez babestutako iheslariak kanporatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.