Eskuina da Madrilen agintean jarraitzeko faboritoa

PPk eta Voxek aise gaindituko dute gehiengo osoa, inkesten arabera. Ezkerrak hegoaldeko auzoak mobilizatzea du helburu

Isabel Diaz Ayuso, kanpainako azken ekitaldian, igandean. BALLESTEROS / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Zirt edo zart. Madrilgo herritarrek gaur aukeratuko dute erkidegoko biltzarrak aurrerantzean izango duen itxura. Inkesten arabera, ez dago zalantzarik jarduneko presidente Isabel Diaz Ayuso izango dela garailea, eta baliteke Voxen botoak gehituta gehiengo osoa aise gainditzea. Ezkerreko alderdiek kanpainari indarra ematea lortu dute azken astean, eta, urriak badira ere, mantentzen dituzte gehiengora iristeko aukerak. Horien artean PSOE ageri da indartsuen, baina Mas Madridek kolokan jar lezake haren lidergoa.

Ciudadanosen sarrerak, lehenik, eta Voxenak, gero, PPren beherakada eragin zuten Espainia osoan. Horrek ondorioak izan zituen Madrilgo Biltzarrean ere, eta 2019an eginiko bozetan inoizko emaitzarik txarrenak izan zituen alderdiak, 1987tik lehen aldiz PSOEren atzetik geratuta. Ayuso Espainiako Gobernu «sozialkomunistaren», eta hark pandemia kontrolatzeko eginiko kudeaketaren aurkako oposizioburu gisa aurkeztu izanak buelta eman dio, ordea, egoerari. «Askatasuna» izan da bere kanpainako leloa, izan «[hiriburua kolapsatu zuen Filomena] ekaitzaren erdian kaña bat hartzeko» edo bikotekidearekin utzi eta hura «berriz inoiz ez ikusteko».

Horiek hala, pandemiaren kudeaketa ekonomiko ez-murriztaile baten aldeko kanpaina egin du Ayusok, erkidegoan oraindik ere egunean 9.700 COVID-19 kasu baino gehiago atzematen dituzten arren. Besteak beste, ostalaritzari murrizketa gutxien ezarri dizkion gobernua izan da harena, eta Espainiako Gobernuak alarma egoera kendu bezain laster etxeratze agindua ezabatzeko nahia adierazi du.

Azkeneraino antzeztu du rol hori, gainera, maiatzaren 2ko jaieguneko ekitaldi instituzionala kanpainako mitin bat gehiago ere bihurtuta. «Kausa bera defendatzen jarraitzen dugu: Espainia eta askatasuna», adierazi zuen, Napoleon Bonaparteren tropen aurkako matxinada gogoratuz. Besteak beste, hitz horiengatik,PSOEk Ayusoren aurkako salaketa jarri du hauteskunde batzordearen aurrean, ekitaldi publiko hartaz eginiko erabilera «alderdikoiagatik».

Aldaketa handirik ezean, ordea, azken bi urteetan gobernukide izaniko Ciudadanos irentsiko du PPk, hura biltzarretik kanpo utzita —inkesta guztiek beharrezko botoen %5eko langaren azpitik kokatzen dute—, eta eserleku kopurua bikoiztuko —30 ditu egun—. Halere, ez da iritsiko Esperanza Agirreren (2003-2012) eta Alberto Ruiz Gallardonen (1995-2003) gehiengo osoetara. Beraz, gobernuan jarraitzeko beste alderdi baten babesa beharko du.

Rol hori hartuko luke Voxek. «Ez litzateke munduaren amaiera izango», azaldu du Ayusok behin baino gehiagotan, eskuin muturra gobernuan sartzearen inguruan galdetuta. Voxek berak ere ez du aukera handirik. Ayuso presidentetzara eraman ezean, ezkerreko gobernu bat edo hauteskunde errepikapen bat lirateke beste bi aukerak. Azken hori euren kalterako izango litzateke, CIS Espainiako Soziologia Institutuaren arabera, azken bozetan Voxen alde egin zutenen artean Ayusok babes gehiago baitu Rocio Monasterio hautagaiak berak baino.

Hirurak bat

Ezkerreko hiru alderdien baturak, beraz, zail du gehiengoa lortzeko beharrezko diren 69 eserlekuak eskuratzea. Halere, kanpaina hasierako desadostasunak alde batera utzita, azken astean «faxismoaren» aurkako eta «demokraziaren» aldeko fronte gisa irudikatu dute euren arteko aliantza, batez ere Voxeko hautagaiak faltsutzat jo ostean Espainiako Gobernuko hainbat kideren eta Pablo Iglesias Unidas Podemoseko hautagaiaren aurkako mehatxuak.

Ezkerraren lidergoa PSOEk mantenduko du, inkestek sei bat eserleku galduko dituela adierazi arren. Horretarako lan egin du, ez soilik Angel Gabilondo hautagaiak, baita Espainiako presidente Pedro Sanchezek ere. Hura kanpainako ekitaldi ugaritan izan da, eskuinaren «gorrotoa eta intolerantzia» borrokatzeko.

PSOEk galdutako botoak eta eserlekuak Monica Garcia zerrendaburuaren Mas Madrid alderdiak bereganatu ditzake. Inkesten arabera, hura da azken asteetan datuak gehien hobetu dituena, eta sozialistak harrapatzeko aukerak ere baditu, besteak beste, trantsizio ekologikoaren, zerbitzu publikoen eta osasungintzaren aldeko mezu batekin.

2019an Podemosen zatiketa gisa sortu zenak hogei eserleku eskuratu zituen bere lehen bozetan, eta lau edo bost gehiago izan ditzake aurrerantzean. Apur bat gora egin dezake Unidas Podemosek ere. Iglesias iristeak lortu du itxuraz %5aren mamua desagerraraztea, eta baliteke hamar legebiltzarkide ere lortzea.

Inkestek adierazitakoa baino emaitza hobeak lortu eta garaipena eskuratzeko, ordea, ezkerreko alderdiek ezinbestekoa dute Madril hiriburuko hegoaldeko auzoak mobilizatzea, abstentzioaren alde egin ohi dutenak hauteslekuetara joan daitezen. «[Bozkatzera] Ez bagoaz, dena galduko dugu, eta beranduegi izango da», adierazi zuen Sanchezek igandean, PSOEren kanpainako azken ekitaldian, Entreviasen. Hura da Madrilgo auzorik txiroena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.