Poroxenko Ukrainara itzuli da «traizio» egin izana leporatuta

Presidente ohiak salatu du bere kontrako epaiketa politiko bat antolatu duela Zelenskik

Petro Poroxenko Ukrainako presidente ohia Kieveko auzitegi baten ondoan, jarraitzaileei hizketan. MIKHAIL PALINCHAK / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Petro Poroxenko Ukrainako presidente ohia bere herrialdera itzuli zen atzo goizean. Varsoviatik Kieverako hegaldi batean heldu zen, eta lurreratu bezain laster egin zituen lehen adierazpenak, zain zituen milaka jarraitzaileen aurrean. «Ez gaude hemen Poroxenko babesteko, Ukraina batzeko eta babesteko baizik». Aireportuan mugako zaintzaileek pasaportea kendu ziotela salatu zuen, Kieveko auzitegi baterantz abiatu aurretik. «Traizioagatik» akusatuta agertu zen epaileen aurrera. Presidente ohiak salatu zuen bere kontrako epaiketa politiko bat antolatu duela Volodimir Zelenski egungo presidenteak.

Ukrainako Fiskaltzak Poroxenkori egozten dio Ukraina ekialdeko Donbass eskualdea kontrolpean duten talde armatu independentistak finantzatzea, lurralde horretako ikatz enpresei egindako legez kanpoko erosketen bidez. Fiskaltzaren ustez,45 milioi euro baino gehiago bideratu zizkien Errusiak babestutako talde horiei 2014 eta 2015 artean, herrialdeko presidente zela. Epaileek erruduntzat jotzen badute, hamabost urte arteko espetxealdira zigortu dezakete.

Poroxenkok ziurtatu du bere kontrako auzia oposizioa isilarazteko amarru bat dela, eta herritarren arreta Ukrainak dituen arazoetatik desbideratzeko saiakera. «Agintariak nahastuta daude, ahul, eta [Errusiako presidente Vladimir] Putinen aurka aritu beharrean, gure kontra ari dira borrokan», adierazi du auzitegian, saioaren etenaldi batean.

Poroxenko Europako hainbat herrialdetan ibili da azken asteetan, iazko abenduaren 20an auzipetu zutenetik. Kieveko auzitegi batek haren ondasunak bahitzeko agindu zuen urtarrilaren hasieran. Ukrainako enpresari aberatsenetako bat da.

Poroxenkoren itzulerak haren eta Zelenskiren arteko norgehiagoka indartu du herrialdeko jokaleku politikoan, hain justu Kievek eta Mendebaldeak ohartarazi dutenean Errusia Ukraina inbaditzeko prestatzen ari dela. Moskuk ukatu egin du halakorik, baina ziurtatu du neurriak hartzera behartuta egongo dela NATOk Europa ekialdean hedatzen jarraitzen badu. Egoera ikusita, batasunerako deia egin diete Kieven aliatuek Ukrainako alderdiei.

Poroxenkoren kontrako auziaren aurretik, «oligarken» kontra borrokatuko zela hitzeman zuen Zelenskik, eta, iazko azaroan, «oligarken aurkako legea» onartu zuen. Gobernuaren esanetan, lege horren helburua da «oligarkek» Ukrainako politikan duten eragina murriztea. «Oligarken» erregistro bat sortuko dute, eta zerrenda horretan agertuko diren herritarrek ezin izango dituzte alderdi politikoak finantzatu, ezta estatuko enpresen pribatizazio prozesu handietan parte hartu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.