Nafarroan, 8.870 familiatan senide guztiak lanik gabe zeuden iaz

Azterlan batek ondorioztatu du lan munduan prekaritatea orokortzen ari dela eta lurraldeak belaunaldi erreleborako zailtasunak dituela

Carmen Maeztu, Manu Aierdi eta Iñaki Campos behatokiko zuzendaria, atzo, gobernuaren egoitzan. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
«Aldaketen garaia da». Nafarroako Errealitate Sozialaren Behatokiak lan merkatuari buruzko azterlan mardula egin berri du, eta, atzoko aurkezpenean, datu zaparradaren aurrean, Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko kontseilariak agerian utzi zuen etorkizuneko erronken tamaina itzela dela. Azterlanak, besteak beste, ondorioztatu du lurraldeak belaunaldien arteko erreleborako zailtasunak dituela epe ertainera eta luzera. Halaber, hazkunde ekonomikoaren urteotan langabezia erdira murriztu bada ere, azterlanak islatu du datu onek bere alde iluna dutela. Adibidez, iaz 8.870 sendik kide guztiak langabezian zituzten. Horri gaineratu behar zaio egun enplegua izatea ez dela pobreziatik ateratzeko bermea, prekaritatea orokortzen ari baita.

Azterlanak 184 orrialde ditu, eta edukia laburbildu zuten atzoko agerraldian Carmen Maeztu Gizarte Eskubideen kontseilariak, Manu Aierdik eta Luis Campos behatokiko zuzendariak.

Aierdiren arabera, «dokumentu bikaina» da azterlana, eta enplegu planean «eztabaidarako erreminta gisa»balioko du. Azaldu zuenez, Gizarte Elkarrizketa Kontseiluan parte hartzen duten sindikatu, enpresaburu elkarte eta gainerako partaideek plana gauzatzeko lantaldeak osatu dituzte jada, eta «udararako» amaitzea jarri dute helburutzat. «Ez dugu soilik enplegu gehiago sortzeko politikak bultzatu behar, kalitate handiagoko lana izateko neurriak ere bultzatu behar ditugu», azaldu zuen Maeztuk.

ERRONKA DEMOGRAFIKOA
Ate joka


Azterlanaren arabera, haur eta gazte kopuruak heldu eta zaharrenarekin alderatzen dituen zahartze-adierazlea hamar puntu igo da azken hamar urteotan. Munduan, bizi itxaropen handienetakoa du Nafarroak. Hori «albisterik onena»izanagatik, etorkizuneko beharrei erantzuteko tenorean jartzen du lurraldea. Alde batetik, herritarren %20en adina 64 urtetik gorakoa da, eta langileen %19k 54 urtetik gora dituzte.

Bestetik, nafarren %2,5ek gradu desberdineko menpekotasuna dute, eta joera hori areagotuz joango da biztanleria zahartu ahala: 2037ra begirako proiekzio baten arabera, 70.000 lagunek 80 urte baino gehiago izango dituzte, eta herritarren laurdenak 65 urtetik gora. «Aldaketa handia izan da, eta horrek lan munduari goitik behera eragiten dio. Are gehiago eragingo dio datozen hamabost urteetan», esan zuen Aierdik.

ENPLEGUA, LANGABEZIA
Formakuntzaren garrantzia


Langile kopuruari dagokionez, krisia hasi zeneko maila berean dago egun Nafarroa —287.000 lagun zeuden izena emanda Gizarte Segurantzan iaz batez beste—. Langabezia tasa, aldiz, ez: %8,2an dago eta 1,4 puntu jaistea falta zaio 2008ko mailara heltzeko. Urteotan datuek hobera egin badute ere, langabeen formakuntza profila ez da aldatu. «Langabeen %70ek ez dute formakuntzarik, derrigorrezkoa salbu. Datu hori ez da aldatu, eta hor jarraitzen du, irmo». Halaber, sektore guztietan desoreka dago enpresen beharren eta langileen profilen artean. Erronketako bat izateaz gain, formakuntzaren garrantzia azpimarratu zuten, batik bat lanbide heziketaren arloan.

LURRALDE DESOREKA
Hegoaldean, okerrago


Langabeziak behera egin badu ere, beherakada hori ez da berbera eskualde guztietan. Hala, bai Erribera bai Lizarraldea oraindik ere 2008ko langabezia tasatik «urrun» daude, eta horrek lurralde desorekaren arazoa agerian utzi du. Gainera, talde hauskorrenen artean, langabezia nabarmen handiagoa da: gazteen artean %22,5ekoa eta etorkinen artean %19,4koa. Horri lotuta, langabeen herenek urtebete baino gehiago daramate lanik topatu gabe, eta arazo horrek gizarte talde jakin batzuei egiten die kalte batik bat: hamar emakume langabetik lau iraupen luzekoak dira, eta55 urtetik gorakoen artean, %57.

BEHIN-BEHINEKOTASUNA
Prekaritatea, kroniko


Lana izatea ere ez da ezeren berme. «Prekaritatea kroniko egin da egungo lan sisteman, eta lanak bere rola galdu du gizarte inklusiorako oinarrizko elementu gisa», esan zuen Camposek. Iaz izenpetu ziren 400.000 kontratuetatik %39k astebete baino gutxiagoko iraupena zuten beste %29 lanaldi partzialekoak ziren. Gainera, behin-behinekotasun tasa handiagoa da administrazio publikoan (%36) sektore pribatuan baino (%23). Hala bi datuok gurutzatuz gero, Osasunbidea izan zen iaz kontratu gehien egin zuen enpresa: izenpetutako 50.118 kontratuetatik 31 baino ez ziren izan finkoak.Sektore pribatuan, Aldi Baterako Laneko Enpresen %99,9 behin-behinekoak diren, batik bat lanaldi partzialekoak edo astebetekoak.

GENEROA
Segmentazioaren arazoa


Lan merkatuan, segmentazioaere izaten da. Industria, laborantza eta eraikuntzan batik bat gizonezkoek lan egiten duten bitartean, hamar langile emakumetik zortzik (%83) zerbitzuetan lan egiten dute. Etorkinen artean, hamarretik bik laborantzan egiten du lan. Joera positiboen artean dago, deklaratu gabeko lanaren adierazleek behera egin dutela hamar urteotan: Gizarte Segurantzaren afiliatu kopurua INE estatistikarekin alderatuz gero, lau puntu jaitsi da: %5etik %1,1era.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.