Laboral Kutxak 137,7 milioi irabazi ditu, %3 gehiago

2019. urtean, hipotekak %13 handitu ditu, eta enpresentzako kredituak, %9. Maileguen berankortasuna txikitzeko urrats handia egin du

Laboral Kutxaren egoitza, Arrasaten. BERRIA.
Iker Aranburu.
2020ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Laboral Kutxak pixka bat hobetu ditu 2018ko emaitzak, baina, funtsean, oso antzekoak izan dira; besteak beste, oso behean jarraitzen duelako Euriborrak, eta horrek zaildu egiten duelako finantza erakundeen ohiko jarduna: bezeroen dirua jasotzea, eta haiei ematen dizkieten interesak baino gehiago kobratzea maileguak.

Interes tasa oso apaleko garai bati batu zaio ekonomiaren moteltzea, baina, hala ere, emaitzak hobetzea lortu du Mondragon taldeko kreditu kooperatibak. Horrela, sozietate zergan hamasei milioi euro ordaindu ondoren (+%9), 137,7 milioi euro irabazi ditu, 2018an baino %3 gehiago.

Jarduera komertziala handituta egin die aurre interes txikiei. Etxebizitzak erosteko mailegu berriek, hipotekek, %12,9 egin dute gora, eta enpresei emandako maileguek, berriz, %9. Kreditu horiei esker eta «altxortegi propioaren gestioaren ekarpenari» esker, interesen marjina %1,38 handitu ahal izan du, ia 250 milioi euroraino.

Diru sarreren aldetik, gora egin du komisioen ekarpenak ere (+2,6), aseguru negozioaren eskutik batez ere.

Gastuen aldetik, ia 3,5 milioi euro txikitu ditu administrazio eta amortizazio gastuak (-%1,4), eta diru gutxiago jarri behar izan du mailegu ustelak hornitzeko(-%6,4).

Maileguen berankortasuna txikitzeko urrats handia egin du Laboral Kutxak, urtebetean %17,2 txikitu baititu zalantzazko maileguak. 2019. urtearen amaieran, kredituen %3,73 ziren zalantzazkoak; sektore osoarenak, berriz, %4,99 dira.

Bere lehiakiderik gehienak baino hobeto dago kapital aldetik ere. Horrela, urtearen bukaeran %20,17ko kapitala zuen, CET1 fully loaded ratioan neurtuta. Kapitala «modu organikoan» sortzen jarraitzen du Laboral Kutxak —2019an, 1,41 puntu handitu da—. «Kaudimen maila lehiakideena baino hobea da orokorrean, eta gainbegiralearen eskakizunak aise betetzen ditu».

Gora egin du Laboral Kutxak kudeatutako aurrezkiak. Guztira, 23.590 milioi euro gestionatzen ditu, 2018 amaieran baino %8,1 gehiago. Bezeroen gordailuak %7,9 handitu dira, eta Laboral Kutxak kudeatzen dituen inbertsio funtsak, berriz, %11,9.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.