Telelana borondatezkoa izango da langileentzat Hegoaldeko enpresetan

Espainiako Gobernuak gaur onartuko du telenaren araudia eragileen akordioarekin. Sektore publikoan herritarrek izango du lehentasuna

Emakume bat telelanean. MOHAMED MESSARA / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Teorian, enpresek ezingo dituzte behartu beren langileak etxetik lan egitera, eta telelanean dituzten langileen gastu gehienak bere gain hartu beharko dituzte. Hori esaten du telelanari buruz Espainiako Gobernuak gaur onartuko duen araudiak. Azken testuak aldaketa batzuk izan ditzake, hala ere. Gobernuak eta gizarte eragileek akordiorako oinarria lortu zuten atzo iluntzean, eta gaur jakinaraziko dituzte xehetasunak.

Hainbat hedabidek aurreratu zituzten legegaiaren puntu nagusiak. Horren arabera, langile bat telelanean ari dela kontuan hartuko da hiru hilabetean lanaren %30 etxetik egin badu; hau da, astean gutxienez bi egun.

Araudiak dio telelana borondatezkoa izango dela, eta langileak bere kabuz erabaki ahal izango duela lantokira itzultzea. Telelana egin behar duen langileak hiru hilabeteko epea izango du enpresarekin horri buruzko akordio bat egiteko.

Telelanaren kostuetako batzuk derrigorrez hartu beharko ditu enpresak bere gain, hala nola langileak lan egiteko behar duen materialarena eta tresnena. Besterik izango da langilea etxean geratzeak gastu arruntetan eragingo dituen gehigarriak.Lan hitzarmenetan finkatu beharko dute etxeko argindar eta berogailu gastuak nola banatuko dituzten.

Legegaiak dio lantokian eta etxean lan egiten dutenek eskubide berak izango dituztela, eta ezingo dietela gutxiago ordaindu.

Enpresek «egoki ikusten dituzten» zaintza eta kontrol neurriak erabili ahalko dituzte beharginak bere eginbeharrak betetzen dituela ziurtatzeko. Hori bai, «langilearen duintasuna errespetatu» beharko duela diote testuan. Lanorduetatik kanpo, ordea, bermatuta egon beharko du beharginen deskonexio digitalak; hau da, lanean ari ez direnean ez dute zertan erantzun lanarekin lotutako deiak eta mezuak, besteak beste.

Sektore pribatuko langileei dagokie gaur onartzekoa den dekretua. Sektore publikoak bere araudi propioa izango du, langilearen eskubideak uztartu behar dituelako herritarrek zerbitzu publikoa jasotzeko eskubidearekin. Araudi propio horren zutabeak atzo hitzartu zituzten Espainiako Gobernuak, eta CSIF, CCOO eta UGT sindikatuek. Administrazio bakoitzak bere araudi propioa izan beharko du telelanaren baldintza zehatzak erabakitzeko. Edonola ere, testuan adierazi dute herritarren arretak lehentasuna duela eta, hortaz, telelana ez dela langile publikoaren eskubide subjektibo bat.

ELA Madrilen sinatutakoaren aurka azaldu da, eta eskatu die Hegoaldeko administrazioei berehala egiteko testu propioak. Telelana egin nahi duenak bere arduradunaren baimena behar izatea eta administrazioek gastu batzuk bere gain ez hartzea salatu du sindikatu abertzaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.