Floydena «giza hilketa bat» izan zela berretsi du auzi medikuak

Epaiketan, aditu batek nabarmendu du egoerak «estres fisiologikoa» eragin ziola biktimari

Hilkutxa bat, Chauvin epaitzen ari diren auzitegiaren aurrean, Minneapolisen (Minnesota, AEB). ALEX SEGURA / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Andrew Bakerrek, iaz hildako George Floyd gizonezko afro-amerikarraren autopsia egin zuen auzi medikuak, eman dio amaiera adituen deklarazioz jositako asteari, Derek Chauvin polizia agente ohiaren aurkako epaiketan. Baker bat etorri da orain arte hitza hartu duten gainerako osasungintzako profesionalekin: «Bihotzak eta birikek funtzionatzeari utzi ziotelako hil zen. Horren arrazoia da agenteek hura zapatu, estutu eta ito izana».

Hitz horiekin, Bakerrek berretsi egin zuen iazko maiatzean ebatzi zuena; Floydena «giza hilketa bat» izan zen, «poliziek eragindakoa». Hala, adierazi du biktimak ez zuela heriotza eragin ziezaiokeen bihotzeko arazorik. Gaineratu du ez zuela hilketaren irudirik ikusi gorpua aztertu aurretik, «aldez aurreko ideiarik» ez egiteko.

Lindsey Thomas patologo forentseak, berriz, egoerak biktimari eragindako «estres fisiologikoa» gehitu zuen arrazoien zerrendara, baina nabarmendu zuen arrazoi «nagusia» Chauvinek haren lepo gainean eginiko indarra izan zela. «Gorputzera oxigenoa iristea galarazten zion posizio batean zegoen Floyd. Gainera, estres fisiologikoan zegoen, bere bihotzaren, birikien eta giharren [oxigeno] beharra areagotzen zuena. Arnasa hartzeko posizio baten bila erabiltzen ari den guztia estres handiago baten pean dago». Azaldu zuen horrek hainbat erreakzio kimiko eragiten dituela gorputzean, eta sistemari «kolpe bikoitz bat» eman.

Aurreko egunetan, besteak beste, Martin Tobin pneumologo eta zaintza berezietan adituak —Floyden erregistro medikoa berrikusi zuen, eta Bradford Langenfeld biktimaren heriotza baieztatu zuen medikuak ere adierazi zuten «asfixia» izan zela Floyden heriotzaren arrazoia. Tobinen esanetan, Chauvinek bere pisuaren erdia —41,5 kilo— jarri zuen biktimaren lepo gainean hainbat minutuz, eta horrek «arnasketa ahula» izatea eragin zion, eta, ondorioz, «oxigeno maila txikia». Horrekin batera, heriotzaren eragile izan ziren gizona buruz behera eduki izana eta eskuburdinek eragindako presioa ere, pneumologoaren arabera.

Langenfeldek, berriz, heriotza eragin zuena «oxigeno falta» izan zela berresteaz gain, ukatu egin zuen hark balizko bihotzeko bat jasan izana: «Ez dago traumatismo esanguratsurik bihotzeko bat eragin zezakeen hemorragia bat izan zezakeela adierazten duenik». Chauvinen defentsa hori frogatu nahian ari da, droga kontsumoari eta Floyden osasun egoerari atxikiz heriotzaren arrazoia. Horri zuzenean egin zion erreferentzia Louisvilleko Polizia Departamentuko kirurgialari Bill Smockek, esanez Floyd «erne» ageri zela atxiloketaren unean, eta, beraz, baztertu daitekeela gaindosi baten ondorioz hil izana. Hori berretsi zuen atzo Thomasek ere, argudiatuz heriotza ez zela izan metanfetaminen gaindosi batek eragingo lukeena bezain «bizkorra», ezta fentaniloarena bezain «geldoa» ere.

Osasungintzako profesionalek soilik ez, Poliziaren jardunean adituek ere hartu dute hitza. Jody Stiger sarjentuak uste du Chauvinek «indarraren gehiegizko erabilera» egin zuela, Floyd ez baitzen aurka egiten ari: «[Egoera horretan] Ez litzateke inolako indarkeriarik erabili beharko». Bide beretik, Minneapolisko (Minnesota, AEB) Poliziaren indarra erabiltzen trebatzeko koordinatzaile Johnny Mercilek azaldu zuen Polizia Departamenduaren araudiek ez dutela onartzen Chauvinek egindakoa: «Eraso aktibo bat da».

George Floyd, 46 urteko gizonezkoa iazko maiatzaren 25ean hil zuten. Heriotzagatik auzipetuta daude haren atxiloketan parte hartu zuten lau poliziak: Derek Chauvin, Thomas Lane, J. Alexander Kueng eta Tou Thao. Fiskaltzak bigarren graduko erailketa eta bigarren zein hirugarren graduko giza hilketa egozten dizkio lehenari. Erailketa 40 urtera arteko espetxealdiarekin zigortu ohi da, eta giza hilketa, 25 urtera artekoarekin. Aurrekari penalik ez izateak, ordea, zigor hori murriztuko luke: gehienez hamabi urte eta erdi igaro ditzake lehen bi delituengatik, eta lau urte azkenengoagatik. Gainerako agenteak, berriz, Chauvini lagundu izanaz akusatuta daude.

Polizia agentearen aurkako epaiketa martxoaren amaieran hasi zen. Lehen auzi egunetan, Floyden bizitzaren azken egunak errepasatu zituzten. Azken asteko protagonistak, berriz, kasua aztertu duten adituak izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.