Marcostarrak, presidentetzara bueltatzeko abagunean

Filipinetan bozak dituzte etzi, eta hango diktadore izandakoaren semea da faborito, Ferdinand Marcos. Robredo liberalak ere badu aukerarik

FRANCIS R. MALASIG / EFE.
Josep Solano
Tokio
2022ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Inoiz izan duten hauteskunde kanpainarik bitxienaren azkenean daude Filipinak; kanpainarik bitxiena, ez soilik pandemia osteko giro betean daudelako. Astelehenerako, 67 milioi filipinar baino gehiago daude deituak botoa ematera, erabakitzeko nor izango den hemendik aurrera Malacañan jauregian: edo Ferdinand Marcos Junior, ezizenez Bongbong, izen bereko diktadorearen semea —zeina boteretik kendu baitzuten 1986an—, edo Leni Robredo abokatu, ekintzaile sozial eta gaur egungo presidenteordea. Inkesta gehienetan, Marcosen semea atera da faborito, baina Robredo aurrez gailendua zaio Bongbong Marcosi, 2016ko presidenteordetzarako bozetan hain justu, botoen %0,64ren alde estuaz irabazi baitzion, azken orduan.

Garaileak Rodrigo Duterteren osteko aroa kudeatzeko desafioa izango du, pandemiaren ondorioz uharte horiek nahiko ahulduta dauden honetan. Anna Malindog-Uy irakasle, analista politiko eta ikerketa estrategikoetako Filipinetako adituak BERRIAri esan dio ekarpen handiak egin dituela Duterteren administrazioak, hots, orain kargua uztekoa den presidentearen agindupekoak, eta erantsi du «Filipinetako azpiegituren urrezko aroa» izan dela hau, Duterteren Build Build Build programa dela medio. «Duterteren administrazioak burutan atera ditu 214 aireportu proiektu, eta mundu mailako 451 itsas portu; horrez gain, 29.264 kilometro errepide egin ditu, 5.950 zubi, uholdeen eragina arintzeko 11.340 azpiegitura, 150.149 ikasgela, 223 ebakuazio zentro, eta 1.253 kilometro autobia eta autobide», eta beste zenbait azpiegitura handi. Christian Esguerra kazetari eta analista filipinarrak, berriz, BERRIAri adierazi dio baietz, gaur egun presidente den horrek ahalegin handia egin duela inbertsioetan, baina aldi berean «esparru demokratikoa mugatu» egin duela, «desinformazioa hedatu, prentsa askatasuna mugatu, eta instituzio demokratikoak ahuldu».

Hauteskunde kanpaina honetan, sare sozialak izan dira botoak bereganatzeko gudu zelai nagusietako bat, erabiltzaile gehien duten herrialdeetako bat baitira Filipinak, are gehiago orain, berrogeialdiz, konfinamenduz eta mugaz josiriko bi urte pasatxo hauen ondoren. «Sare sozialen bitartez, filipinarrek askoz ere gehiago eta biziago parte hartu dute herrialdeko diskurtso eta bizimodu politikoan», iritzi dio Malindog-Uyk. Haren ustez, sare sozialak lagungarri dira herritarrek beren kexak helaraz ditzaten eta nahi duten gobernariari babesa ager diezaioten. Esguerra, berriz, beldur da halako teknologiak hain modu masiboan erabiltzeak ez ote dituen filipinarrak desinformazioaren menpeago jarriko: «Bereziki, hauteskundeei buruzko desinformazioaren menpe, zeren gaur egun ikusten ari baikara okerrera doala arazo hori».

Hala Malindog-Uyk nola Esguerrak uste dute oraintxe Bongbong Marcos dela irabazteko hautagai nagusia, baina Esguerrak ez du baztertzen Robredok atzaparkada ematea, 2016an egin zuen bezala: «Izan ere, azkenaldian jendetza ikaragarriak ikusten ari gara Robredoren kanpainako mitinetan». Malindog-Uyk, ordea, zalantzan jarri du gaur egungo presidenteordeak hain gora egingo ote duen, Marcosek Duterteren babesa ez ezik «alderdi politiko txiki batzuena eta are eskualde mailako zenbaitena ere bai baitu; gainera, herrialde osoko tokiko agintari gehienak ere haren alde daude». Zera ondorioztatu du: «Filipinarrek, segur aski, Bongbong aukeratuko dute. Beste hautagai batzuek ez bezala, eskarmentu handia du gobernuan eta jardun publikoan, eta horixe nahi dute filipinarrek».

Debateetan parte hartu gabe

Dena den, guztiek ez dute hain argi hori denik aukerarik onena: Focus Economics think tank-ean—Bartzelonan du egoitza—, zenbait adituk iritzi diote Marcos semearen politika ekonomikoak lauso samarrak direla Robredo presidenteordearen politika zehatz-zehatzaren aldean. Haien aburuz, «argitasun falta da, beharbada, Bongbong Marcosen politika ekonomikoaren oinarriaren ezaugarririk nabarmenena», eta azpimarratu dute Marcosek uko egin diola «hauteskundeen aurreko betiko debateetan parte hartzeari».

Focus Economicsek dioenez, Marcosen hautagaitzaren webgunean «ez da argi azaltzen zein diren haren konpromiso politikoak», eta kritika bat ere egin dio: «Kargu horretan egin duen ibilbidea pobrea dela esan daiteke: Senatuan aplikatu zituen legeen ia %70 festibalekin eta jaiegunekin lotuta zeuden; errepideen izenak berritzen eta probintzien eta hirien arteko mugak berriz zedarritzen aritu zen».

Adituek bestela ikusten dute Robredoren webgunea. Haien ustez, «presidenteorde gisa pobreziaren kontrako programa garrantzitsu bat ezarri du, bai eta gobernuak COVID-19ari emandako erantzunaren parte bat gidatu ere». Eta honela erantsi du: «Robredoren politika funtsezkoenetako batzuk hauek dira: ustelkeriaren kontrako neurri kementsuak hartzea, burokrazia arintzea, eta monopolioen kontrako kontrol organismoa indartzea, merkatuan hala lehia nola negozioak egiteko modua hobetzeko. Haren konpromisoen artean orobat dago klima aldaketara egokitzeko eta goi teknologiako enpresetarako inbertsioa sustatzea, bai eta langabezia aseguruaren plana indartzea ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.