Txinan COVID kasuak ugaritzea espero dute datozen asteetan

Pekinek eguneko lau mila kutsatze inguru zenbatu dituen arren, zenbait probintziatako agintariek milioika kasuren berri eman dute

Txinako bi emakume Eguberrietako azoka batean oinez, Shangai hirian. ALEX PLAVEVSKI / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Txinan orain arte izan den COVID-19aren kutsatze olderik handiena dute. Positiboen kopurua handitu egin da, baina ez dago argi zenbat diren. Estatuko datu ofizialek islatzen dituzten kopuruek zalantza ugari sortu dituzte, ez baitatoz bat osasun langile askoren lekukotzekin, ezta probintzietako agintariek jakinarazi dituzten kopuru askoz ere handiagoekin ere. Adituek espero dute oldeak goia jotzea urte hasieran, baina ohartarazi dute litekeena dela urtarrilaren amaieran beste agerraldi bat ere izatea, Urteberri eguneko ospakizunekin lotuta —urtarrilaren 22an hasiko da Txinako 4721. urtea—.

Pekinek eguneroko datu jakinarazpenak eten zituen igandean, zergatiak azaldu gabe. Aurreko eguneko datuen arabera, ostiralean 4.128 positibo kasu zenbatu zituzten. Zhejiang probintziako gobernuak, berriz, adierazi zuen eguneko ia milioi bat kasu atzematen ari direla, eta datozen egunetan kopuru hori bikoiztea espero dutela.

Jianxi eskualdeko gobernuak iragarri du datozen hiru hilabeteetan probintziako 45 milioi biztanleen %80k COVID-19a harrapatuko dutela. Shandong probintziako Qingdao hirian milioi erdi kasu baino gehiago atzeman dituzte eguneko —bederatzi milioi biztanle ditu—.

Zhejiango eta Jiangxiko agintariek espero dute kutsatze oldeak urtarrilaren hasieran jotzea goia, baina ohartarazi dute litekeena dela agerraldi gehiago izatea, Txinako Urteberri eguneko ospakizunengatik. Garai horretan, nekazaritza eremuetatik hirietara joandako milioika herritar itzuli ohi dira beren jatorrizko herrietara, familia bisitatzera. Hori dela eta, nekazaritza eskualdeetako herri eta hirietan ere kezkatuta daude hilabete barru ez ote diren koronabirus kasuen gorakada bati aurre egin beharrean izango.

Pekinen datu ofizialetan ez da COVID-19arekin lotutako heriotzarik ageri joan den astean, eta pandemia hasi zenetik 5.241 dira zenbatutako heriotzak. Berriki, koronabirusagatik hildakoen definizioa aldatu du gobernuak, eta orain soilik aintzat hartzen ditu koronabirusak eragindako pneumonia baten edo arnasketa eten baten ondorioz zendutakoak.

Datuak datu, nazioarteko hedabide batzuek bildu dituzten testigantzek diote ospitale batzuetan gertatu bezala lan karga nabarmen handitu dela ehorztetxeetan ere, gobernuak koronabirusaren kontrako neurri zorrotzak alboratu dituenetik.

OME Osasunaren Mundu Erakundeak zalantzak agertu zituen joan den astean Txinako Gobernuak eman dituen azken datuen fidagarritasunari buruz, eta «informazio gehiago» eskatu zion. Atzerri Ministerioak erantzun zion datuak «gardenak» direla.

Aldaketa kolpetik

Koronabirusaren kontrako zero COVID politika ezarri du Pekinek azken hiru urteetan, ahalik eta positibo gutxien izate aldera, itxialdi zurrunak aginduta, besteak beste. Neurri gogorrenak kendu zituen abenduaren 7an, protesta jendetsuek behartuta.

Xi Jinping presidenteak atzo adierazi zuen herrialdeak «egoera eta egiteko berriak» dituela aurrez aurre, eta aldaketak beharrezkoak zirela.

Mediku eta osasuneko aditu batzuek, baina, salatu dute erabakiak kolpetik eta prestaketa lanik egin gabe hartu direla. Reuters albiste agentziak bildutako lekukotzek salatu dute ospitaleei ez zaiela tarterik eman trantsizio bat egiteko, eta orain osasun zentro asko gainezka daudela.

Testigantza horien arabera, ospitale batzuetan ohiko gaixo kopurua halako bost edo sei hartzen ari dira, ZIU zainketa intentsiboetako unitateak beteta daude, eta osasun langileei lanera joateko eskatzen diete positibo izan arren. Egoerak okerrera egitea espero dute osasun langile asko gaixotzen badira eta gaitza beste sektore batzuetara hedatzen bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.