Madrilek berriztagarrien inbertsioetarako diru laguntzak bermatu ditu

%7ko errentagarritasuna izango dute sei urtez. 2013an kaltetutako inbertsiogileek ere jasoko dituzte, auzibideei uko egiten badiete

jokin sagarzazu
2019ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Energia berriztagarrietan inbertsioak sustatu nahi ditu Espainiako Gobernuak, Europako Batasunak 2030erako ezarritako produkzio eta kontsumo kopuruetara iritsi ahal izateko. Hala, egungo diru laguntzak mantenduko ditu, gutxienez datozen sei urteetan, oro har errentagarritasun tasetan izaten ari den beheranzko joera saihesteko eta inbertsiogileei «segurtasuna» emateko.

Teresa Ribera Trantsizio Energetikorako ministroak atzo aurkeztu zuen inbertsioen errentagarritasuna zehazten duen dekretua. Urtea amaitu baino lehen onartu behar zuen; bestela, 2013koa ezarri beharko luke, eta horrek eragingo luke errentagarritasunak nabarmen egitea behera: erdira ia.

Espainiako Gobernuak urtero 7.000 milioi euro inguru ematen ditu berriztagarrientzako diru laguntzetan. Salmentaz gain, arrazoizko errentagarritasuna deiturikoa ere saritzen du: plantetan eginiko inbertsioak laguntzen ditu horrela, instalatutako potentzia eta saldutako produkzioa kontuan hartuz.

Gobernuaren kalkulu berriaren arabera, inbertsio horien errentagarritasuna %7,09koa izango da datozen sei urteetan. 2013ko araua ezarriz gero, %4 ingurukoa izango litzateke. Hori kalkulatzeko formula bat erabiltzen du gobernuak: hainbat indize erabiltzen ditu; estatuko bonuena, esaterako.

Dekretuak, halaber, kontuan hartzen ditu Mariano Rajoyren gobernuak inbertsioetarako laguntzetatik kanpo utzi zituen azpiegiturak. Orain, aukera izango dute %7,39ko errentagarritasuna jasotzeko, hamabi urtez. Horretarako, uko egin behar diete Espainiako Estatuaren kontra abiarazitako auzibideei eta horiengatik jaso dituzten kalte-ordainei.

PPren gobernuak 2013an aldatu zuen berriztagarrien diru laguntzen sistema, eta, besteak beste, arrazoizko errentagarritasuna ezartzen hasi zen. Nabarmen egin zuten behera gobernuaren ordainsariak —%40 gutxiago, batez beste—, eta ordurako inbertsioak amortizatuak zituzten plantak laguntzetatik kanpo geratu ziren. Hala, horietan inbertsioak egindakoek —nazioarteko enpresa handi ugarik— salaketak jarri zituzten estatuaren kontra. Gobernuak jakinarazi duenez, 45 auzibide daude zabalik, eta 10.000 milioi euro eskatu dituzte kalte-ordainetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.