Wolfratexek 28 milioi maskara egingo ditu hilero, Bergaran

Enpresak hamazazpi lanpostu sortuko ditu denera, eta lau ekoizpen lerro izango ditu martxan

Wolfratexeko langileak maskarak egiten atzo, Bergarako lantegian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
aitor biain
Bergara
2020ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Wolfratex enpresako arduradunek elkarlanaren aldarria egin zuten atzo, maskarak ekoizteko Bergaran (Gipuzkoa) ireki duten lantegiaren inaugurazio ekitaldian. «Elkarlanean sinesten dugu, eta filosofia honekin jarraitu nahi dugu, ezin baititugu gure osasun beharrak beste herrialdeen esku utzi», adierazi zuen Ion Agirrebeña Wolfratexeko kontseilariak. Elkarlanaren ondorio baita Wolfratex bera ere: Lazpiur, Egile, Enbalan3 eta IDR enpresen lankidetzari esker eratu da enpresa, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere izan dute. Enpresako kide bat COVID-19az gaixotu izanak eta osasun krisiak eragindako krisian lagundu nahi izanak batu zituen lau enpresak.

Bi lerro dituzte oraingoz, eta bederatzi langile: zazpi milioi maskara egiten ari dira hilean. Uda amaierarako, ordea, 28 milioi ekoitzi nahi ditu enpresak, eta horretarako beste bi makina jarriko dituzte datorren astean. Denera, hamazazpi lanpostu sortzea espero du enpresak. Egiten dituzten maskarak kirurgia arlokoak dira, 2R motakoak, babes handienekoak. Mondragon taldeko Bexen Medical ere babes handieneko 60 milioi maskara egiten ari da hilero, Etxebarrin (Bizkaia).

Euskal Herrikoak ez ezik, mundu osoko bezeroak ere badituztela adierazi zuen Agirrebeñak; erakunde publikoak eta osasun arloko enpresak nahiz banatzaileak dira denak. Hain zuzen, Gipuzkoako Foru Aldundiak milioi bateko eskaria egin dio enpresari, eta beste zortzi milioi erosiko dizkio Osakidetzak. Hala ere, Agirrebeñak esan zuen 100 milioi ere egin ditzaketela, «makinak egiteko gaitasuna eta teknologia» dutelako eta lehengaiak ere «tokikoak» direlako.

«Gerra bat izan zen»

Arlo pribatuaren eta publikoaren lankidetza azpimarratu zuten arduradun publikoek ere. Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuorde Javier Zarraonandiak eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok gogora ekarri zuten zer-nolako zailtasunak izan zituen administrazioak birusa gogorren jotzen ari zen garaian babes materiala eskuratzeko. «Gerra bat izan zen», esan zuen Zarraonandiak. Bada, material hori bertan ekoizteko euskal enpresek egindako apustua azpimarratu du. Olanok, berriz, industriak krisi egoeretan egiten duen ekarpena nabarmendu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.